Larri segitzen du Usurbilen elektrokutatu zen adingabeak

Iberdrolak dio dorrea lurzoru pribatuan dagoela, eta haren jabearen ardura dela segurtasun neurriak hartzea. Usurbilgo Udalak eskatu du argitzeko dorreak segurtasun neurriak betetzen ote dituen.

Goi tentsioko dorrea, Usurbilen. JUAN HERRERO / EFE
Goi tentsioko dorrea, Usurbilen. JUAN HERRERO / EFE
aitor biain
2025eko martxoaren 10a
16:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Gurutzetako erietxean ospitaleratuta segitzen du larunbat arratsaldean Usurbilen (Gipuzkoa) goi tentsioko dorre batera igo eta elektrokutatu zen adingabeak. Barakaldoko (Bizkaia) ospitaleko Erredura Larrien Unitatean dago 11 urteko haurra, eta larri dago, baina egonkor. Ezbeharrean zauritu zen besteak, 15 urteko nerabeak, sendagiria jaso du eta etxean da.

Ezbeharra larunbat arratsaldean gertatu zen, Errota Berri industrialdean. Bi adingabeak familia ospakizun batean ziren Atxega jatetxean, ezbeharra gertatu zen lekutik metro gutxira. 18:10 aldera, han zeudenek leherketa bat entzun zuten, eta industrialdean argia joan zen. Bi heldu bertaratu ziren adingabeei laguntzera, eta bi horiek ere medikuen arta behar izan zuten gero. Medikuek ez ezik, Ertzaintzak, Donostiako suhiltzaileek eta Usurbilgo Udaltzaingoak hartu zuten parte erreskatean.

Umea dorretik jaitsarazteko lanek ordubete inguru iraun zuten, larrialdi zerbitzuetakoek itxaron behar izan baitzuten dorrearen argindarra eten arte, erreskatea segurtasunez egin ahal izateko

Iberdrolak ohar bat kaleratu du, eta zehaztu du goi tentsioko dorrearen euskarria jabego pribatuko lurretan dagoela, eta, beraz, haren arduradunari dagokiola segurtasun neurriak hartzea, ez enpresari. Gogorarazi du, halaber, istripua gertatu eta berehala kendu zutela argindarra, larrialdi zerbitzuek erreskatea segurtasunez egin zezaten.

Iberdrolak atsekabea agertu du gertatutakoagatik, eta zaurituei lehenbailehen sendatu daitezen opatu die. Babesa eta elkartasuna eskaini die haien senideei, halaber.

Segurtasun neurriak

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, berriz, adierazi du beharrezkoa dela gertatutakoa argitzea, «jakitea dorre horrek segurtasun neurri guztiak betetzen ote dituen, eta horrelako ezbehar bat berriro gerta ez dadin neurriak hartzea, nork bere erantzukizunak hartuta».

Usurbilgo Udalak atsekabea adierazi du gertatutakoagatik, eta azaldu du orain adingabearen osasun egoera dela garrantzitsuena: «Tristeziaz bizitzen ari gara une hauek, eta gure ezinegona adierazi nahi dugu. Adingabeari osatzeko opa diogu, eta gure babesa helarazi nahi diegu haren senide eta gertukoei».

Ertzaintzak ikerketa abiarazi du gertatutakoa argitzeko, eta, hori amaitutakoan, Usurbilgo Udalari jakinaraziko dizkio horren emaitzak. Udalak esan duenez, ikerketa horren zain dago, «neurriak hartu behar ote dituen» jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.