«Denak ETAk zer egingo duen zain egon beharrean, besteok normalizazioaren alde egiten ditugun gauzetan zentratzea da beharrezkoa», nabarmendu du Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean. «ETAk armak uztearen inguruan aurrerapausoak ematea erabakiko duen ala ez, ETAren esku utzi behar da, baina garrantzitsuena da besteok zer egiten dugun normalizazio politiko hori herri honetan errealitate bihur dadin, esparru guztietan jazotako injustizia guztiak konpon daitezen, eta Euskal Herriko gatazkari amaiera eman diezaiogun». Horren haritik, Larreinak nabarmendu du «euskal gizartearen gehiengo batek» esana ziola ETAri bide politikoa libre uzteko, eta, haren ustez, «horrela» egin zuen. Hau da, bide hori libre utzi duela jada.
Normalizazio politikoaren bidean «alderdi gehienek» akatsa egiten dutela adierazi du Larreinak; Amaiurrek, berriz, Aieteko Adierazpenak markatutako bidetik doala berretsi du. «Salbuespenik gabe giza eskubide guztien defentsan ez digu inork irabaziko». Horrela, jakinarazi du «diskrezioz, sufritu duten pertsonekin hitz eginez», aurrera egiteko zer egin daitekeen ikusten ari direla, eta aitortu, haren aburuz, «aurrerapauso garrantzitsuak» eman direla dagoeneko.
ETAk armak Euskal Herrian uzteko aukeraz galdetuta, koalizio subiranistako diputatuak adierazi du alde bakarreko bidea dela «eraginkorrena» eta «sektore immobilistari beldur handiena ematen diona». «Alde bakarreko bidetik joatea beti da garrantzitsua gure ikuspegitik, eta, gainera, jokoz kanpo uzten ditu prozesu honetan hain rol negatiboa jokatzen ari diren sektore immobilistak», argudiatu du.
«Bide subiranoa»
Euskal presoen inguruan, berriz, normalizazioaren bidean «egiteko garrantzitsua» izan dezaketela adierazi du Larreinak, «Irlandan jazo bezala». Hala ere, azpimarratu du gaur egun PPren gobernua, PSOEren laguntzaz, «antzinan bezala jokatzeneta prozesua oztopatzen» ari dela. «Espainiako Estatua antzinako estrategiak aplikatzenari da, geldirik dago, Madrilgo esparru mediatikoari sekulako beldurrarekin», argudiatu du, «eta horrek galarazten dio gobernuari berez egitera prest legokeen gauzak egitea», nabarmendu du.
Bestalde, EAJrekin nazio akordio bat egiteko aukeraren inguruan galdetuta, Larreinak adierazi du Amaiurreko kideei «gustatuko» litzaiekeela jeltzaleek ere bide subiranoaren aldeko apustuarekin bat egitea, eta indar subiranoen mugimendura batzea. «Pozarren gaude ahalik eta azkarrena EAJrekin planteamendu subirano baten alde egiteko».
Nahi horren inguruan, baina, Larreinak ohartarazi du Amaiurri Espainiako Diputatuen Kongresuan «gauzarik gogorrenak» esan dizkiona alderdi jeltzalea bera izan dela, eta gogorarazi dio Barcenas auziaren inguruko debatean ERC, BNG eta Amaiurrek batera egin zutela adierazpen bat, eta haiek kanpoan gelditu zirela CiUko diputatuekin. «Denbora kontua izango da, baina ea azkar iristen den», adierazi du Larreinak.
Larreinak dio normalizazioa lehenetsi behar dela
Amaiurrekoak esan du Aieteko Adierazpenak markatutako bidetik doazela, «giza eskubide guztien defentsan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu