Larragorri eta Ganekogorta babesteko prozesua has dezaten proposatu dute

Amurrio, Orozko eta Laudioko Udalek parke eolikoen proiektuetan ingurumen irizpideak txertatzeko eskatu dute

Laudio, Amurrio eta Orozkoko ordezkariak, atzo eman zuten prentsaurrekoan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Zentral eolikoak eraikitzeko proiektuak direla eta, Larragorri eta Ganekogorta mendiakbabesteko prozesua hasteko eskatu dute inguruko udalek. Inguru hori«industrializatzeko» xede duten egitasmoei aurre egiteko, lur horiek garrantzi komunitarioko edo babes bereziko gune izendatzeko proposatu dute Laudioko, Amurrioko (Araba) eta Orozkoko (Bizkaia) udalek.

Hiru udaletako ordezkariak atzo goizean bildu ziren, eta inguruko mendietan eraiki asmo dituzten zentral eolikoen proiektuak gelditzeko eskatu zuten. Larragorrin eta Ganekogortan bi zentral eoliko eraikitzeko proiektuak ditu mahai gainean Eusko Jaurlaritzak. Ordea, hiru udalek nabarmendu dute proiektu horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat erakundek eskatu dutenaren aurka doazela.

Gaineratu dute Larragorriko parkea ez dagoela Eusko Jaurlaritzaren Energia Eolikoaren Lurralde Arloko Planaren barruan. Zentral txikia dela argudiatuta, lurralde arloko planetik kanpo utzi du Eusko Jaurlaritzak. Ordea, Europako Parlamentuak zentral txikiak ere arautzea gomendatu du, eta hori egiteko galdegin diote Jaurlaritzari Laudioko, Amurrioko eta Orozkoko udalek.

Bestalde, hiru udalek azaldu dute 2009an Eusko Legebiltzarrak zentral eolikoen egitasmoak behin-behinean gelditzeko eskatu zuela. Behin-behineko etenaldi horretan, azken urteetako ingurumenari buruzko araudi berriahartu behar zuen kontuan Eusko Jaurlaritzak. Ordea, hiru ordezkariek zehaztu dute energia berriztagarriei buruzko planarekin ere lotu zela etenaldia, eta plan hori ez dela garatu.

Era berean, Mugarri Planaren baliagarritasuna eskatu dute. Arabako Biltzar Nagusiek aho batez onartu zuten plan hori.Herrialdeko energia berriztagarrien garapena arautzen du, eta ingurumen irizpide jakin batzuk proposatzen ditu. Horiek aintzat hartzeko eskatu dute. Hain zuzen ere, Arabako Biltzar Nagusiek hori bera galdegin zioten Eusko Jaurlaritzari 2011. urtean.

Bizkaiko hainbat udalek ere Ganekogortako proiektuaren aurka egin dute: Bilbokoak, Arrankudiagakoak, Alonsotegikoak, Gueñeskoak, Ugaokoak, Okondokoak eta Arrigorriagakoa, besteak beste. Bizkaiko Diputazioa ere aurka agertu da. Araban, Laudioko Udalak ere ez du begi onez ikusten.

Hogei errota guztira

Larragorri eta Ganekogortako parke eolikoetan hogei errota jarri nahi dituzte enpresek. Ganekogorta da bi egitasmoen artean handiena. Eusko Jaurlaritzak 2011ko urtarrilean jakinarazi zuenaren arabera, proiektuak hamabi sorgailu eoliko ditu, bakoitza 850 kilowatt-ekoa; hau da, zentralak 10,2 megawatt-eko potentzia izango du, Eolicas de Euskadi enpresak egitasmoa guztiz garatzen badu. Bestalde, 3,6 kilometroko kanalizazioa egin beharko du enpresak, errotek sortzen duten energia argindarra garraiatzeko sarera eramateko.

Egitasmoa txikiagoa den arren, ingurumen eraginari buruzko txostena egina du Larragorrikoak. Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Guascor enpresaren egitasmoari. 2011ko apirilean onartutako egitasmoak zortzi errota ditu, bi multzotan banatuta; hau da, lau errotako bi zentral eoliko txiki aurreikusi dituzte. Sorgailu eoliko bakoitza 2,3 megawatt-ekoa izango da, eta lau errotako zentral bakoitzak 9,2 megawatt-eko potentzia izango du.

Eusko Jaurlaritzak azken egitasmo horri oniritzia eman dion arren, Laudioko, Amurrioko eta Orozkoko udaletako ordezkarieksalatu dute ez duela lurralde plangintzarako hainbat irizpide betetzen. Horrenbestez, tramiteekin aurrera jarraitzea «ezinezkoa» dela gaineratu dute, eta ingurune horiek babesten jarraitu behar dela adierazi dute beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.