Larhungo otsoari Otsail deituko liokete BERRIAren irakurleek

Botoa eman dutenen herenek baino gehiagok egin dute izen horren alde. Proposamenik ere egon da: La Otxoa, Bizkotso...

Otso bat Robledo parkean (Espainia), artxiboko irudi batean. J. J. GUILLEN / EFE
Otso bat Robledo parkean (Espainia), artxiboko irudi batean. J. J. GUILLEN / EFE
2025eko martxoaren 1a
12:30
Entzun

Joan den astean mendizale batek otso bat ikusi zuen Larhun mendian (Azkaine, Lapurdi). Bideoz grabatu zituen irudiak OFB Biodibertsitatearen Frantziako Erakundeak aztertu ditu, eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturak baieztatu du otsoa dela Larhungoa.

Animalia basati zenbaiti izena jarri izan zaie, eta otso hori izendatzeko inkesta bat abiatu zuen BERRIAk atzo; erantzun mordoxka jaso du: 769.

Otsail, Otsobi eta Oskarbi. Otsail, otsoaren hila delako; Otsobi, Larhundik hurbil, Nafarroaren eta Lapurdiren arteko mugan den izen bereko mendi lepoagatik; Oskarbi, Seaskaren egutegian otsailaren 21ari, otsoa aurkitu zuten egunari, dagokion izena delako. Dena den, proposamenik ere egin zitekeen, baita izenik ez jartzearen aldeko botoa eman ere.

Otsail izenak jaso du babes handiena, herena baino gehiago (283 boto; %36,8); hortxe-hortxe ibili da izenik ez jartzearen aukera, 243 botorekin (%31,6); Otsobi izan da hurrengo aukera, botoen ia laurdenak lortu baititu; eta azken postuan geratu da Oskarbi izena, 54 botorekin (%7).

Irakurleek inspiratuta ekin diote izenak asmatzeari, eta proposamen ugari egin dituzte sare sozialetan: La Otxoa, Jose Antonio Nielfa La Otxoa transformista eta abeslariarengatik; Muxu, Zetak taldearen Zeinen Ederra Izango Den abestiaren hitzengatik [Muxu bat Larhunen]; Bizkotso; Otsondo; Otsoil; Turisjale; Itzal; Benito; Mendiko; Bixente; eta Zortzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.