Larhunen otso bat dabilela baieztatu dute

Mendizale batek ikusi zuen asteburuan, eta bideoan grabatu. Biodibertsitatearen Frantziako Erakundearen azterketek baieztatu dute otsoa dela.

Otsoa bat, basoan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Otsoa bat, basoan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko otsailaren 27a
13:25
Entzun

Mendizale batek asteburuan Larhun mendian ikusi zuen animalia otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak agiri batean. Larunbatean eman zuen abisua mendizaleak, eta ordutik azterketak egin ditu OFB Biodibertsitatearen Frantziako Erakundeak. Emaitza argia da: otso bat dabil Azkainen (Lapurdi).

Mendizaleak grabatutako bideoa da froga nagusia. Irudi horiek aztertu dituzte OFBko kideek. Erakundeko talde bat inguru horretan bertan egon da ikerketak egin eta aztarnak bilatzen. 

Bideoan ageri den animaliaren morfologia eta jokamoldea kontuan harturik, otsoa delako hipotesia lehenetsi du OFBk. «Behatutako kanidoa bat dator otsoaren morfotipoarekin: buztana eroria du, belarriak burezur kaxaren alboetan, gorputzaren goialdean kolore ilunagoa sabelean baino, are nabarmenagoa bizkarraldean, eta mutur argi eta ongi marraztua», adierazi du prefeturak oharrean. Gainera, otsoen ohiko jarrera erakutsi zuen animaliak, mendizalearengandik ihes egin baitzuen.

Prefeturaren hitzetan, 2022tik ez zen agertua otsorik Ipar Euskal Herrian. Garai hartan, Landibarren agertu zen (Nafarroa Beherea), eta kabalei eraso zien.

Gaur-gaurkoz, ez dira gai errateko orduko animalia bera den —2018tik behin baino gehiagotan agertu da—, ala Hego Euskal Herriko aldean agertu izan dena ote den. 

Prefeturak oroitarazi du legez kanpokoa dela otsoa hiltzea, espezie babestua delako. Delitua da, eta hiru urteko kartzela zigorra eta 150.000 euroko isuna ezar daitezke zigor gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.