ORAIN 30 urte, 1980. urtearen bueltan alegia, pil-pilean zegoen euskarazko prentsaren afera. Euskalgintzak ordurako lortua zuen ikastolak egonkortzea (20 urteko ibilbidea bazuten), helduen euskalduntzea eta alfabetatzea hedatzea (AEK 1976an sortu zen), eta hiru aldizkari indartsu zeuden: Jakin (1977an berrindartuta), Argia(1980an berriztua)eta Anaitasuna(1981ean hartu genuenok, 1982an integratu ginen Argia-n).
Une hartan bi lehentasun nagusi zituen euskalgintzak: euskal unibertsitatea eta euskarazko prentsa idatzia. Gabezia mingarria suertatzen zen.
1986an elebidunak ziren Egin eta Deia egunkariek erabaki zuten ateratzea astean behingo egunkari euskaradunak, Hemen eta Eguna, hurrenez hurren. Baina iraupen gutxiko proiektuak izan ziren. Eusko Jaurlaritzak ere tentazioa sentitu zuen euskarazko egunkari publikoa eta bakarra ateratzeko, baina ideiak ez zuen aurrera egin, zorionez. 1990ean, azkenean, EUSKALDUNON EGUNKARIAk argia ikusi zuen, Argia aldizkariaren ekimenez.
Memoria subjektiboa da, eta beti ez da fidela, baliteke. Baina memorian dudan pasarte hau ez dut ahaztu 27 edo 28 urte hauetan.
Argia-n genbiltzanok —Gipuzkoako kideek batez ere— gora eta behera genbiltzan euskarazko egunkaria atera nahiaz eta ezinaz.
Azkenean, zirt ala zart egin beharraz ohartuta, bizpahiru eguneko gogoeta egitera joan ginen Arantzazura, Donostiako erredakzioko guztiak eta Bilboko bat edo bi. Ordu askotako bilerek ez zuten fruiturik ematen. Bidegarritasun txostena gora eta aurrekontuak behera, azken egunean behea jota geunden. Ordu gutxi falta ziren etxera joateko eta oraindik ez genuen hartu erabakirik. Halako batean, Joxemi Zumalabe joan zen bilera-gelatik. Zirkulu handi batean geunden jarrita aulkietan, burumakur. Handik tarte batera Joxemi agertu zen laranja kutxa handiaz eta zirkuluaren erdian jarri zuen. Jaten hasi ginen, isilik. Ezustean Joxemik esan zuen, ia ahapeka, «bueno, zer, egin egingo diagu, ezta?». Eta denak, «bai, egingo diagu».
Akta egitea egokitu zitzaidan eta ez nekien nola demontre jaso gela hartan jazo zena. Euskara hutsezko egunkaria ateratzea erabaki genuen eta aktan ezin nuen bildu argumentu bakar bat ere. Laranjak eta Joxemiren determinazioa. Nola jaso hura.
Motxilak egin eta poz-pozik abiatu ginen etxera, ondo jakin gabe zergatik geunden pozik. Askoz beranduago konturatu nintzen apustuak eman zigula poza, poza eta kemena.
Laranja kutxa eta determinazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu