Laranja koloreko sarea ehuntzen

Segiko kide izatea egotzita, 28 gazte epaituko dituzte irailaren 22tik aurrera. Hainbat herritan, hasi dira mugimendua antolatzen: irailaren 12tik 14ra, esaterako, Asteburu Laranja egingo dute.

Donostiako Ernaik agerraldia egin zuen atzo, datorren asteko manifestaziora deitzeko. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
2014ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Iluna izan zen 2009ko azaroa Euskal Herriko hainbat gazterentzat. Segiko kide izatea egotzita, 26/11 sumarioaren barruan 40 gazte atxilotu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Gazteen aurkako sarekada eta herriko tabernen auziaren aurrean sortu zen Libre dinamika. Horren laguntzaz edo laguntzarik gabe, baina 40 gazte independentistak absolbituak egin zituzten ekainean. Pozarren hartu zuten lur Libreko kideek, nahiz eta haien ustez «erabaki posible bakarra» izan. Dena den, oraindik lanean dihardute; irailaren 22tik aurrera beste 28 gazte epaituko dituzte Segiko kide izatea egotzita, 1/12 sumarioaren harira. 28ak Libre ekinbidea jaio da.

Hainbat herri eta auzotan, iraileko epaiketa ez egitearen aldeko hainbat ekintza egin dituzte uda honetan. Izan ere, aurretik epaitutako 40 gazteei leporatzen dizkieten delitu berak egozten dizkiete 28 hauei: Segiko kide izatea. Ane Jauregi bergararrak gertutik ezagutzen du Aitziber Plazaola Xapo auzipetua. Baina ez da bakarra: «Ezagun asko ditut inguruan auzipetu edo atxilotu dituztenak; horrek bultzatu naudinamikan sartzera», esan du. Antzeko egoeran daude Igor Goikolea eta Ibai Iriarte, hurrenez hurren, Gasteizko eta Iruñeko Libreko kideak. Hiru herrietan sortu dituzte dinamikak, herriko auzipetuak babesteko. Hainbat ekintza jarri dituzte martxan, denak laranjaz jantziak eta libre-z josiak. Baikor eta kezkatuta daude gazteak. Pozik, 40 gazteen absoluzioagatik, eta kezkatuta, oraindik ere gazteen militantzia politikoa «kriminalizatzen» dutelako.

Orain, iraileko epaiketatan jarrita dituzte, baina hilabeteetako zama daramate bizkar gainean. Bergaran, Korrikan presoen argazkiak erakusteagatik auzipetu zituzten bost lagunen harira hasi ziren dinamikak sortzen orain urtebete inguru, eta gerora etorri zen Libre. Iruñean, Luis Goñiren atxiloketa zela-eta egindako herri harresiaren ondoren hasi ziren herritarrak elkartu eta auzipetuak babesteko hainbat bideren inguruan eztabaidatzen. Gasteizen, hasiera herriko tabernen auziarekin eman bazioten ere, Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou mugarri izan ziren. Bi gasteiztarrek, beste batzuekin batera, desobedientziaren bidea aukeratu, eta epaiketara ez aurkeztea erabaki zuten.

Desobedientziarekin estuki lotuta egon dira gasteiztarren ekintzak. Pinedoren eta Ruiz Pouren atxiloketa unea gogoratzen du Goikoleak: «Momentu hunkigarriak bizi izan genituen, eta horrek bultzatu nau dinamikaren parte izatera». Orain dela hilabete hasi dira berriro ere lanean iraileko epaiketei aurre egiteko. Gasteizen sei lagun daude zain.

Ibai Iriarte Iruñeko Libre dinamikako kideak ere gogoan du Luis Goñiren atxiloketa: «Hor hasi zen guztia», nabarmendu du. Herri harresia egin zuten Iruñeko plazan, Goñi atxilo eraman ez zezaten. Ondoren, 40 gazte auzipetuen auzoetan dinamikak egiten hasi ziren. Orain, irailean epaituko dituztenekin, dinamikak auzoetan antolatzeaz gain, Iruñerrian ere antolatu dituzte. Bederatzi gazte epaituko dituzte irailean, eta nafarrak ere hasi dira prestatzen. Irailerako «asteburu laranja» prestatuko dute, eta, bien bitartean, herriko jaietan presentzia izatea nahi dute; jendea «kontzientziatzea».

Herritarren erantzuna

Sarekaden inguruan jendearen jarrera «oso ona» izan dela uste dute hirurek. Bergaran, San Martzial jaietarako Libreko zapi eta kamisetak prestatu dituzte, eta denak bukatu dira. 500 pertsonako argazki erraldoi bat ere atera zuten, Aitziber Plazaolari babesa erakusteko, eta, Facebooken bidez ,elkartasun mezuak «jaso eta jaso» ari direla dio Jauregik. Haren ustez, «Bergarako herritarrak epaiketaren aurka daudelaagertzen ari dira Libre dinamikarekin». Goikolea ere pozik dago orain arte egindako lanarekin. «Herriak erantzun egin behar du horrelako egoera baten aurka»; eta gasteiztarraren ustez, ondo erantzun du. Iruñeko Ibai Iriartek herritarren parte hartzea gero eta handiagoa dela dio: «Duela hiru edo lau urte, gazteen aurkako epaiketek ez zuten izaten horrelako erantzunik».

Irailean dute zita auzipetuek, baina herritarrak lanean hasiak dira. Zita bat ere badute: irailaren 12tik 14ra: Asteburu Laranja. Jauregi, Iriarte eta Goikolea bat datoz: denak libre izan arte, Libre sarea ehuntzen jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.