Martxoaren 8a

«Zaintza sistema publiko bat» eskatuko dute feministek Bilbon

Emakumeen Nazioarteko Egunera begira, mugimendu feminista «indartzera» ere deituko du Bilbo Feminista Saretzen plataformak.

Bilbo Feminista Saretzen plataformako kideek Martxoaren 8rako mezua aurkeztu dute gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko martxoaren 2a
14:52
Entzun

«Zaintza sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa» eskatuko dute feministek Bilbon datorren asteartean, eta mugimendu feminista «aldaketarako eta borrokarako indar» gisa berretsiko dute. BFS Bilbo Feminista Saretzen plataformak gaur jakinarazi duenez, Antolakuntza feministaz zaintza sistema publikoa borrokatu! lelopean, Jesusen Bihotza plazatik aterako da Martxoaren 8ko manifestazio nagusia, 19:30ean.

Zaintzari «merezi duen garrantzia» eman eta «lehentasun soziopolitiko eta ekonomikoak berrantolatuko dituen egiturazko aldaketa bat» galdegin du BFSk. Iraultza horri bi oinarri jarri dizkiote: publikoa izatea eta zaintzaileen baldintzak duintzea. «Merkatuaren logikari jarraituko ez dion zaintza sistema bat eskatzen dugu, azpikontrataziorik gabekoa. Era berean, esklabotza baldintzetan bizitza sostengatzen duten andre migratuentzat errekonozimendu politikoa, soziala eta laborala eskatzen dugu», adierazi dute. Horretarako, kolektibo feministak «indartzeko» premia nabarmendu dute, eta horietan antolatzera deitu dituzte emakumeak.

Bilgune Feministak ere zaintza sistema publiko eta komunitarioa defendatu du Martxoaren 8rako aurtengo kanpainan. Zaintzen paradisu artifizialak erretzen lelopean, zaintza lanen «banaketa desorekatua» salatu du taldeak: «Bazterreko eginbeharrak izateaz gain, familia nuklearraren mugetara murrizten dira, eta gero eta merkantilizatuago daude». Era berean, instituzioei egotzi die sistema publikoa «desegitea», eta zaintzari lotutako enpleguak «prekarizatzea» ere deitoratu du: «Arazoa sistemikoa da, eta, beraz, argi dago: zaintzen ulerkera eta eredua aldatzeak egungo antolaketa soziala transformatzea dakar».

Zaintza lanak «demokratizatzeaz» ere mintzatu da Bilgune Feminista, eta «euskal zaintza sistema publiko-komunitario bat» eskatu du: «Zaintza eskubidea eskubide unibertsal gisa onartzea behar dugu; jasotako zaintza ez dadin izan norbere familiaren edota egoera ekonomikoaren araberakoa». Agenda komuna eraikitzera eta mobilizatzera deitu du: «Erantzuleei zuzeneko interpelazioa egiteko momentua da. Mugimendu feminista antolatu bat behar dugu zaintzarako eskubide kolektiboa egia bihurtuko duen sistema bat eraikitzeko, aliantza zabalen bidez: akordio sozial berri bat lortu behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.