Erakundeak

«Udalgintza feministaren aldeko apustua» egin du Eudeleko presidente berriak

Gorka Urtaran Gasteizeko alkate ohiaren lekukoa hartu du Derioko alkate Esther Apraizek (EAJ) Eudeleko gidari gisa, Donostian egindako Batzar Nagusian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan 1.255 emakume hautetsi daudela azpimarratu du, horietatik 84 aginte makilarekin: hautetsi guztien %47 emakumeak dira udal horietan.

Gorka Urtaran, Nagore Alkorta, Esther Apraiz eta Jose Atonio Santano, gaur, Donostian. EUDEL
xabier martin
2023ko irailaren 19a
12:48
Entzun

Eudeleko euskal udalerrietako «herritarrak» udal horien «izateko arrazoia» direla esanez abiatu du Esther Apraiz lehendakari berriak bere hitzaldia, gaur, kargua hartzean. Derioko alkate jeltzaleak Donostiako Tabakaleran egindako Batzar Nagusian hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalak elkartzen dituen erakundeko presidentetza; Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiak eman dio lekukoa datozen lau urteetarako. «Udalak gara Euskadiko herrien eta hirien erronketatik hurbilen dauden erakundeak, Euskal gizartearen islarik onena. Horregatik, gure herriak aukera-udalerri bihurtzea lortu behar dugu, herritar bakoitzak bere bizi proiektua bere herrian garatu ahal izan dezan», esan du Apraizek.

Derioko alkatea aho batez hautatu dute Eudeleko elkarteburu. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE-EE) izango dira, halaber, Eudeleko lehendakariordeak. Biek ala biek beste agintaldi bat egingo dute elkarteburuorde gisa. Apraizek esan du Eudel «udalerrien ahotsa» dela, «plurala eta partaidetzazkoa». Erantsi du «tokiko autonomia eta finantza beregaintasuna bermatzeko lana» egiten duela elkarte horrek.

Elkarteburu hautatu aurretik, jarduneko lehendakari gisa aritu da Alkorta. Azpeitiko alkateak esan du «udalen finantzaketa hobetzea eta Eudelek Euskal Herriko gainontzeko udal erakundeekin dituen harremanak sendotzea» ere izango direla elkartearen helburu nagusiak aurrerantzean. EH Bilduk bost ordezkari ditu zuzendaritza berrian, eta Alkorta bera izango da lehen lehendakariordea.«Garrantzitsua eta esanguratsua iruditzen zait zuzendaritza berri horretan ordezkaritza orekatuagoa eta zabalagoa izatea, horixe baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek udal hauteskundeetan adierazi zuten borondatea», adierazi du Alkortak. Ezker subiranistaren aldetik bi lan ildo azaldu zituen: Batetik, udalen finantzaketa hobetzea, «tokiko erakundeek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobeak eta eraginkorragoak izateko». Eta, bestetik, «Eudelek harremanak sendotzea gainontzeko euskal udal erakundeekin». Udalbiltzarekin, adibidez.

Apraiz elkarteburuak, berriz, aurrerantzean ere «elkarrizketa eta adostasuna zaintzea» proposatu du; «udalerri guztiek batera lan egin dezagun gure helburu amankomunen alde, eta herritarren ongizatearen eta bizi kalitatearen alde». Era berean, Derioko alkateak elkarteko beste alkateak gonbidatu ditu «Eudel marka harrotasunez» eramatera, «euskal udalgintzaren nortasuna» baita, harentzat. «Eudel denok gara», aldarrikatu du Batzar Nagusian. «Demokraziaren lehen erakundeen zutabeak» eraikitzen lagundu zuten euskal hautetsiak omentzeko mezu bat ere helarazi du Apraizek. «Tokiko politika demokraziaren sehaska da», azpimarratu du.

Erronkei dagokienez, berriz, azpimarratu du herriak eta hiriak «trantsizio hirukoitzaren agertoki» direla gaur egun, trantsizio «soziodemografikoarena, digitalarena eta ingurumenekoarena», hain zuzen. Esan du tokiko gobernuek «eraldaketaren eragile nagusiak» izan behar dutela, «beste erakundeekin batera».

Hiru lan ildo

Udalerrientzat sor daitezkeen «aukera guztiak aprobetxatzeko», Apraizek hiru lan ildo proposatu ditu bere agintaldirako: lehen-lehenik, «udalgintza feministaren» aldeko apustua egitea, besteak beste, Eudel indartuz emakume hautetsiek udal politikan duten «lidergo eta eraginerako gune gisa». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan 1.255 emakume hautetsi daudela gogoratu du, eta horietatik 84k aginte makila dutela. Hautetsi guztien %47 emakumeak dira udal horietan.

Horrez gain, «herritarrekin konfiantzazko zubiak eraikitzea» proposatu du Derioko alkateak, Eudel «irekiagoa, eraginkorragoa eta parte hartzaileagoa» egiteko, «adostasunetik abiatuta». Hirugarrenik, lankidetza instituzionala bultzatu nahiko luke bere agintaldian Apraizek, «udalerriek ekarpen handia egin behar duten politika publikoak lortzeko eta garatzeko». Euskara, gizarte zerbitzuak, berdintasuna, enplegua eta ingurumena aipatu ditu politika publikoei buruz aritzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.