«Muturreko egoerei baizik ez daki erantzuten Frantziako Estatuak». Honela mintzatu da Anaiz Funosas Bake Bidearen eta Bakegileen izenean. Yvan Colonna preso korsikarraren heriotzaren harira agerraldia egin dute goizean, Baionan. Lehenik, Colonnaren familiari «elkartasuna» adierazi nahi izan diote, eta, «gertaera tragikoaren aitzinean», Frantziako Estatuaren jarrera salatu dute.
Colonna Arleseko (Okzitania) presondegian zegoen, eta, hain zuzen, presoa ez hurbildu izana leporatu diote Frantziako Estatuari. «Beste aterabide bat posible zitekeen preso honen eskubideak bermatuak izan balira. Bere osotasun fisikoa errespetatua izanen zen Korsikako presondegi batera hurbildua izan balitz, haren familiak eta hark berak ere eskatzen zuten bezala».
Euskal Herriko presoen egoeraz ere mintzatu dira. Oroitarazi dute Jakes Esnalek eta Jon Parotek 32 urte beteko dituztela preso, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak egoerari entzungor egiten diola salatu dute. «Haren ezaxolakeriak eta geldikeriak mespretxu osoa adierazten diete euskal gizartetik egin diren etengabeko indarrei. Euskal gizarteak sekulako indarrak egiten baititu bake prozesuak aurrera egin ahal izateko, presoen gaia konpontzea ezinbestekoa dela oroitarazteko, behin eta berriz». Horiek horrela, «preso politikoen» auzia konpontzeko «kudeaketa politikoa» ezinbestekotzat jo dute. «Injustizia baten aitzinean gara, eta hori irmoki salatzen dugu, baitakigu arazoak irtenbidea duela [Frantziako] Estatuaren goi mailan tratatzen bada».
Euskal presoen egoeraren blokeoaren aitzinean, urtarrilean hasi zuten desobedientzia zibilean oinarritutako fase berriari eusteko beharra azpimarratu dute, «herritik eragiteko». Heldu den apirilaren 2an eginen duten ekintzan parte hartzeko dei egin dute, eta bi ordu eman: 09:30ean, Hazparnen eta Urruñan (Lapurdi).
Colonnaren sostenguz, protesta
Colonnaren heriotzak Euskal Herrian ere samina eragin du. EH Bai koalizio abertzaleak manifestazioa antolatu du larunbaterako Baionan. 15:00etan eman dute ordua, Baionako San Andres plazan. «Korsikan, Euskal Herrian bezala, gatazka politikoaren konponbidea Frantziako Estatuaren borondatetik eta kudeaketa politikotik etorriko da», erran dute.
Sortuk ere bat egin du deialdiarekin, Biziarteko kartzela zigorraren aurka, konponbidearen alde lemapean. «Korsikako gizartearen gehiengo zabalak preso politikoen afera konpontzeko egindako eskariei muzin egin izan die Parisek, eta Yvan Colonnari hilzorian zegoelarik baino ez zion kendu DPS estatusa eta kondena, ez lehenago. Ekidin zitekeen heriotza hori!», salatu dute. Baionan eginen duten protestan parte hartzera deitu ditu herritarrak.