Txabi Etxebarrietak hil zuen Jose Pardines ETAren lehen biktima, eta Etxebarrieta bera izan zen erakunde armatuko lehen hildakoa. 1968ko ekainaren 7an hil zuten Etxebarrieta, Tolosako Bentaundin (Gipuzkoa), eta, bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilen eta etakideen arteko tiroketa batean hil zuten. Aranzadi zientzia elkarteak eta EHUk egindako ikerketak bertzela ondorioztatu dute, ordea. Egin duten txostenaren ondorioak aurkeztu dituzte, eta hala erran du Eneko Etxeberria EHUko zuzenbide prozesaleko irakasleak: «Istilua egon bazen ere, ezerk ez du esplikatzen Etxebarrietak bizkarrean jaso zuen tiroa. Ondorioz, litekeena da Etxebarrieta exekuzio estrajudizial baten biktima izatea».
Javier Buces Aranzadiko ikerlari eta Historiako doktoreak azaldu duenez, hainbat iturri erabili dituzte ikerketa egiteko: artxibo militarrean gordetako dokumentazioa, 16/68 auziari dagokiona —tartean da autopsia—, eta baita senideen zein lekukoen testigantzak ere. Bucesek salatu du «zailtasunak» izan dituztela dokumentazioa «askatasunez» kontsultatzeko, nahiz eta 50 urte baino gehiago igaro diren ordutik. Hiru ondorio nagusi atera dituzte ikertutako euskarri dokumentaletatik: Guardia Zibilak berak egin zuela ikerketa —hiltzaileak eta ikerlariak erakunde berekoak izan ziren—, Guardia Zibilaren adierazpenetan «kontraesanak» daudela, eta auzitegi medikuaren txostenak ziurtatzen duela tiroa bizkarretik egin ziotela, Etxebarrieta lurrean zegoela edo lurrera erortzen ari zela.
Bucesen hitzetan, senideen eta lekukoen adierazpenak bat datoz auzitegi medikuaren txostenarekin. Etxebarrieta hil zutenean han zeuden Iñaki Sarasketaren eta Eduardo Osaren testigantzak daude, batetik, eta Bucesek nabarmendu du kontuan hartu behar dela Guardia Zibilak torturatu egin zituela. Gorpuaren bila joan ziren senideen lekukotza dago, bertzetik: «Senideek ikusi zuten mediku bat, agian auzitegi medikua, Guardia Zibilarekin eztabaidatzen gertakizunari buruz». Bucesen ustez, horrek zerikusia izan dezake autopsiaren txostenaren ezaugarriekin: «Pardinesenarekin alderatzen badugu, oso laburra da». Bertzeak bertze, ez dira distantziak ageri.
Bertzalde, 2019an lekuko zuzen baten testigantza jaso zuten, hilketa gertatu zen lekutik 200 metrora dagoen lantoki batean zegoen herritar batena: «Testigantzak baieztatzen du Etxebarrieta tirokatua izan zela, eta berak ez zuela tirorik egin». Erran dute, nolanahi ere, balitekeela pertsona horrek gertareraren «sekuentzia osoa» ikusi ez izana.
Ikertzeko beharra
Etxeberriaren arabera, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren bigarren artikulua hartu dute oinarri ondorioak idazterakoan: bizitza babesteari buruzkoa. «Bi betebehar jartzen dizkio edozein gobernuri: ikertzea eta exekuzioaren debekua». Bada, salatu duenez, lehenengoa urratu egin da, jurisdikzio militarrak hartu baitzuen ikerketa bere gain; eta bigarrena urratzeko «probabilitate handiak» daude, hipotesia baita babesik gabe zegoela egin ziotela tiro. Etxeberriak nabarmendu du oraindik ere posible dela ikerketa ofizial bat martxan jartzea, eta hala egiteko eskatu du. Bertzalde, nahiko lukete gizateriaren aurkako delitu gisa hartzea 1968an Tolosan gertatu zena, 1977ko Amnistia Legeak ez baitu halako krimenak ikertzea eragozten: «Badago aukera».
Azkenik, eskatu dute instituzioek giza eskubideen urraketa gisa aitor dezatela Etxebarrietaren hilketa. Gaur aurkezturiko txostena Eusko Jaurlaritzako balorazio batzordera helaraziko dute senideek.