Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriak, herriak eta auzoak hartuko ditu aurten ere azaroaren 25ean, indarkeria matxista salatzeko. Adierazi dute «nazkatuta» daudela urtero «salaketa eta aldarri berdinak» egiteaz, eta argi utzi dute «borroka», «saretzea» eta «antolakuntza» direla indarkeriarik gabe bizitzeko bide bakarrak.
Beldurra eta kontrolaren aurrean, justizia feminista izango da aurtengo leloa. Hain zuzen ere, Mugimendu Feministako kideek azaldu dutenez, nabarmena izan da aurten Poliziak eta instituzioek mugimendu feminista «kriminalizatzeko» egin duten «saiakera sistematikoa». Era berean, salatu dute saiakera horren helburua dela «emakumeen eta sexu genero disidenteen borroken eta bizitzen kontrola lortzea». Eraso horiei aurre egiteko, beraz, elkarren arteko zaintza eta babesa da «bide bakarra»: «Justizia gure gain hartuko dugu, eta autodefentsan jarraituko dugu».
Emakume eta sexu genero disidenteen aurkako «indarkeria anizkoitzak» amaitzeko ordua dela adierazi dute, bai eta ardura «denona» dela ere. «Kolektiboki borrokatzen» jarraitu behar dutela adierazi dute, eta, horretarako, antolakuntza feministaz baliatzeko deia egin dute. Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, azaroaren 25ean, hain zuzen, lau deialdi egingo dituzte: 19:00etan Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta 20:00etan Iruñean. Baionakoa azaroaren 26an izango da, 17:00etan.