BIKTIMAK

«Indarkeria politikoa deslegitimatzeko», hezkuntza programak indartu nahi dituzte ETAren biktimek

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak dokumentu bat sortu du «terrorismoaren biktimen errekonozimenduaren eta erreparazioaren» arloan «egin beharreko urratsak» zehazteko. «Terrorismoaren» biktimei buruzko legea aldatzeko proposatu diote Eusko Legebiltzarrari.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, dokumentuaren aurkezpenean. EUSKO JAURLARITZA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 10a
12:49
Entzun

Bihar izanen da Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna, eta, haren aurreko egunetan, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak dokumentu bat aurkeztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeekin elkarlanean. Ekitaldi batean aurkeztu dute hiru urteko gogoetaren ondorio den dokumentua, gaur, eta han izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere, tartean Iñigo Urkullu lehendakaria. Terrorismoaren biktimen errekonozimenduaren eta erreparazioaren arloan egin beharreko urratsak, biktima horien ekarpena hobetzea eta eraginkorrago egitea ere helburu dutenak, hala hezkuntzaren arloan nola iraganari buruzko hausnarketa kritikoko prozesuetan eta, oro har, desberdinen arteko elkarrizketan izena du hamabi orriko dokumentuak, eta hainbat proposamen egin dituzte biktima elkarteek testuan: bertzeak bertze, hezkuntzan biktimek hitza hartzeko programak indartu eta bertze esparru batzuetara hedatu nahi dituzte; erraterako, unibertsitateetara, lanbide heziketara eta hezkuntza ez-formalera. «Indarkeria politikoa deslegitimatzea» da programa horien helburuetako bat, eta, horretarako, «indarkeria erabili zuten pertsonen testigantzak izateko aukera» ere baloratu nahi dute, «ondoren beren iraganari buruz eta helburu politikoekin indarkeria erabiltzeari buruz hausnarketa autokritiko sakona egin dutenena».

Urkulluk ere norabide horretan hartu du gaur hitza gaur, dokumentuaren aurkezpenean: «Biktimarioek erantzukizun bat dute: eragindako kaltearen bidegabekeria aitortzea. Iraganari buruzko hausnarketa kritikoa behar da, termino etikoetan: bidegabea izan zen». Dokumentuak zehazten duenez, «terrorismoaz» aritzerakoan «ETAri buruz» ari dira, «lehenik»: «Baina GALi, BVEri, GAEri eta antzeko taldeei buruz ere ari gara». Nolanahi ere, talde horien biktimek ez dute parte hartu dokumentuaren osaeran. AVT, Covite, ZAITU, ASERFAVITE, APAVT, Elkarteen Foroa eta «terrorismoaren biktimen inguruan sortutako Euskadiko fundazioak» izan dira dokumentuaren sortzaileak.

Hezkuntza programak indartzea ez ezik, bertzelako neurriak ere proposatzen dituzte testuan. Eusko Legebiltzarrari, erraterako, «terrorismoaren biktimei buruzko euskal legea aldatzeko aukerak eta komenigarritasuna azter eta balora» ditzala galdegin diote, «errealitate berrira eta nazioarteko terrorismoaren forma berrietara hobeto egokitu dadin». Deitoratu dute, halaber, ez lortu izana «ordezkaritza politiko eta instituzional guztiek modu argian eta kritikoan baloratzea iraganean erakunde terroristen eta, bereziki, ETAren indarkeriak eragindakoa», eta, hori eskatzearekin batera, «egokitzat» jo dute «toki mailako akordio bat susta dadin proposatzea, udalerri bakoitzean biktimak oroitzeko erreibindikazioari erantzuna emateko moduari buruz, biktima horiek nozitutako atentatuak gertatu ziren lekuak seinaleztatzeko aukera barne». «Terrorismo mota ororen justifikazioa eta terroristen omenaldi publikoak eta haien sinboloen gorespena» ere «lehenbailehen desagerrarazi» nahi dituzte.

«Guztiz argitu ez diren» kasuetan, halaber, informazioa lortzeko aukera galdegin dute, baita «errekonozimendu edo erreparazio defizita izan duten biktimen laguntza sendotzea» ere. Justizia errestauratiboa ere jarri nahiko lukete martxan, horretarako «biktimagileei egindako delitutik eta jarduera terroristatik modu kritikoan urruntzeko» eskatuta, «biktimei eragindako kalte bidegabea aitortzeko, inoiz ez justifikatzeko, indarkeriaren erabileran oinarritutako helburuak baztertzeko eta biktimek egia jakiteko duten eskubidea bermatzen laguntzeko borondate esplizitua erakusteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.