Ezustekoa izan da gaur Parisko Dei Auzitegian. Josu Urrutikoetxea epaitu behar zuten 2002 eta 2005 artean ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarteko kide izatea leporatuta. Ezohiko erabaki bat hartu du epaileak, ordea, eta epaiketa bertan behera utzi du, instrukziora bidaliz berriro sumarioa.
Defentsak kontsideratu du ez dagoela aski argi zer leporatzen dioten Urrutikoetxeari. Gauza bera erran du prokuradoreak ere. «Ongi atera da», esan du Urrutikoetxeak erabakiaren berri izan ostean. Akusatuak berri «baikorra» dela azaldu dio BERRIAri: «Honek erakusten du nola egin izan dituzten instrukzioak orain arte: edozein modutan». Gainera, azaldu du instrukzio horiek onartzea «lotsagarria» izan beharko litzatekeela frantziar justiziarentzat. Adierazi duenez, erabaki honek ondorio sakonak dauzka: «Erabakiak zalantzan jartzen du nor inplikatzen duten auzi honetan». Bere kontrako auzi bidearen instrukzioa zerotik hasiko dela ere nabarmendu du.
Hala ere, ez da epaiketa erraza izan. Epaileak oso erasokor hitz egin dio Urrutikoetxeari hasieratik. Etengabe Urrutikoetxea mozten ibili da. Akusatuari galdetu dio zergatik bizi den Angelun (Lapurdi), eta esan dio beste epaitegi batek baimena eman arren berak ez diola bertan bizitzeko baimenik eman.
Defentsa abokatuaren txanda iritsi da gero. Honek epaiketetan egon diren prozeduretako akatsak azpimarratu ditu. Bere garaian Miarritzen (Lapurdi) Urrutikoetxeatarrek zuten etxeaz aritu dira gero. Abokatuak txosten bat aurkeztu dio epaimahaiari.
Dokumentu horren bidez, zergak Urrutikoetxearen garai hartako emazteak ordaindu zituela esplikatzen aritu da abokatua, eta, beraz, akusatua ez zela etxebizitza horretan bizi. Izan ere, horra bidali zituzten haren kontrako euroagindu eskaerak, eta, bertan bizi ez bazen, ulertzen da ez zuela eskaera horien berri izan. «Behar besteko ikerketak egin behar dira, eta bilatua den pertsona jakinean izan behar da bilatua dela. Hori ez bada egiaztatua, baimenduak gara atxilotze agindua bera zalantzan jartzera. Eta interesatua nahikoa bilatua denean -eta inteligentzia zerbitzuen ikerketak hala kontsideratzen dira-, atxilotze agindua bera onartua da», azaldu du abokatuak.
Beste elementu bat ere aipatu du: «Zehaztasun kontu bat da, etika kontu bat, gardentasun kontu bat. Beti kontsideratu behar da edozein auzipetuk izan behar duela aukera jakiteko zehazki zertaz akusatzen duten».
Horren ondoren, berriz oroitarazi du irailean Parisko Zigor Auzitegiak errugabetzat jo zuela Urrutikoetxea. Eta hori da funtsezko galdera auzi honetan: Parisko Zigor Auzitegian delitu ez dena Parisko Dei Auzitegian izan daiteke? Hori erabaki beharko du afera bere gain hartzen duen instrukzio epaileak. Eta ezin erran lan erraza izanen duenik, irail hasieran Parisko Zigor Auzitegiak hartu zuen erabakia biziki motibatua delako.
Terrorismoaren aurkako fiskaltzako prokuradoreak defentsaren eskaerarekin bat egin ondotik, atseden bat egitera deitu du Parisko Dei Auzitegiko epaileak, eta horren ondoren erabaki du epaileak epaiketa bertan behera utzi, eta instrukziora bidaltzea. «Dena irregularra» dela erran du, eta kontrol judiziala errespetatzeko eskatu dio Urrutikoetxeari.
Akusatuak berri «baikorra» dela azaldu dio BERRIAri: «Honek erakusten du nola egin izan dituzten instrukzioak orain arte: edozein modutan». Frantziako Justiziak Urrutikoetxea epaitu eta zigortu nahi badu, instrukzio epaileak 2002 eta 2005 artean Urrutikoetxeak zer delitu egin zuen zehaztu beharko du. Eta galdera honi erantzun: delitua da talde armatu baten jarduerari bukaera eman nahi izateko bake negoziazio batzuk prestatzeko helburuarekin elkarrizketak izatea? Batzuek pentsa lezakete erantzuna erraza dela: ez, ez da delitua. Eta hori berretsi du irail hasieran Parisko Zigor Auzitegiak. Besterik da Parisko Dei Auzitegiak gaur bertan behera utzi duen auzi bide instrukziora eramateko ardura hartuko duen epaileak zer erabakitzen duen. Bitartean, Urrutikoetxea ez dute Espainiaratzen ahalko. Hori ere izan zen atzoko albistea.
Frantziako Justiziak behin baino gehiagotan erakutsi du euskal militanteen kasuan, beti ez dela dena logika juridikoak nahiko lukeen gisara gertatzen.
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 13, 2021
Ikusiko dugu gaur eta bihar nola iragaten den Urrutikoetxearen kontrako epaiketa, eta ahalik eta justuen kontatzen saiatuko gara. https://t.co/W3ZVpgRV7u
Joan den ekainean epaitu zuten, 2011 eta 2013 artean gisa bereko delitu bat egin zuelakoan, baina Parisko Zigor Auzitegiko epaileak irailean ebatzi zuen ETA zeneko kide ohia errugabea dela. Defentsako abokatuen argudioak bere egin zituen, eta ebatzi zuen «bakea lortzeko helburuarekin negoziatzea» ezin dela delitu kontsideratu.
Parisera joan aitzin elkarrizketa eskaini dio gaur goizean Josu Urrutikoetxea ETA zeneko kide historikoak Ipar Euskal Herriko France Bleu Pays Basque irrati publikoari. Bertan adierazi duenez, «[Frantziako] Justiziak kontsideratu du erakundeko kideekin bilkurak egin nituela —2002 eta 2005 artean—, bake negoziazioak prestatzeko. Erakundearen parte izan nintzen, bistan dena, eta egia da bilkurak izan nituela hori prestatzeko, baina zer prestatzeko? Ez ekintza terrorista bat, baizik eta ekainetik aitzina Genevan (Suitza) iraganen ziren bake negoziazioetara eramango gintuen bide bat, nahiz eta, ondotik, ez ongi bururatu. Hori da akusazioa», adierazi du.
Horrez gain, Bake Bidea bezalako elkarteek babesten duten «bake prozesuari» buruz galdera egin dio kazetariak, eta honela erantzun dio Urrutikoetxeak, Luhusoko (Lapurdi) operazioaren ondoren «gizarte zibilak» —«orain dela ez gutxi modan jarri den hitza»— bultzatutako urrats guziei buruz. «Sekulako pausoa da, baina ez dut ulertzen nolaz bake prozesu bat badela aipatu dezakegun Unai Parot eta Jakes Esnal orain dela 31 urte preso direlarik, emakumeak urrunduak direlarik Rennesko (Bretainia) eta Parisko kartzeletan. Eta, beraz, niretzat gakoa da Frantziako Gobernuak ez duela onartzen Euskal Herrian gatazka politiko bat dagoenik. Frantziako Gobernuarentzat amortizatutako zerbait da. Izan dira gertakari batzuk. Epaitu ditugu. Mintzatzea eta erratea bake prozesu bat dela, eta, egiazki, bizitzen ari garenean, nik xantza izan dut orain dela gutxi Ipar Euskal Herrian lurreratzekoa, eta zuzenean bizi izan dut hemen dagoen problematika, argiki erakusten duena ez dagoela bake prozesurik: gazteak kriminalizatuak dira, migranteekin diren problemak, bigarren etxebizitzak, lurraren espekulazioa, eta abar; erakusten du gatazka dagoela».
Biziki argi mintzo da epailea bere erabakia motibatzeko idatzi duen eta BERRIAk eskuratu ahal izan duen ebazpenean. Honela dio: «ETA erakundeari behin baino gehiagotan egotzi izan zaio izaera terrorista, baina kalifikazio hori ez dagokio auzipetuari». ETAren ekintzak aztertu behar direla dio, jakiteko ea 2011ko urtarrilaren 1a eta 2013ko uztailaren 26a bitartean «ordena publikoa azkarki trabatzeko intentziorik» ba ote zegoen. 2011ko urriaren 20an jarduera armatuari bukaera ematen ziola erranez ETAk publiko egin zuen erabakia aipatzen du —aurten beteko dira hamar urte erabaki horretatik—, ohartarazten du 2020ra arte behin baino gehiagotan atzeman dituztela erakunde armatu ohiaren zuloak Frantziako Estatuan. Horien artean aipatzen du Luhusoko (Lapurdi) operazioa.
Gau hartan, ETA armagabetzeari ekin zioten ekintzaile batzuek, horien artean Jean Noel Etxeberri Txetx Manu Robles Arangiz fundazioko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea, Mixel Berhokoirigoin ELB eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako kide ezaguna —aurten zendu da—, eta Mizer Bergouignan —2017ko maiatzean hil zen—, Iparretarrak erakundeko kide ohi eta militante ezaguna. Michel Tubiana LDH Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak ere izenpetu zituen garai hartan ETA erakundearekin izandako gutun elkarrizketak. Armagabetzearen ardura beren esku hartzea erabaki zuten hiru pertsona ezagun hauek.
Honela jarraitzen du epailearen ebazpenak: «Aitortu behar da, bortizkeriari bukaera ematea behin eta berriz aipaturik ere, ETA erakundeak bere horretan atxiki dituela bere gaitasun logistiko eta operazionalak». 2010 eta 2011 artean ETAk egindako adierazpenak aipatzen ditu ondoren, erranez horrek ez diela «egitura horrek» egindako ekintzei «izaera terrorista» kendu. «Kideek armak eta dokumentu administratibo faltsuak izaten segitu zuten, lapurtutako ibilgailuak erabili zituzten, eta, besteak beste, Euskal Herriko enpresariei bortxaz kendutako gaitzeko diru zamak baliatzen segitu zuten». Beraz, ondorio honetara iristen da epailea: «2011ko urtarrilaren 1a eta 2013ko uztailaren 26a artean, ETA erakundeak ordena publikoa azkarki trabatzeko helburua zuen, larderia eta izuaren bidez».
Urrutikoetxea - ETA harremanak
Baina erabakiaren funtsa izan zen ebaztea zer harreman zuen, garai hartan, Josu Urrutikoetxeak ETA erakundearekin. Epaiak oroitarazten du iturri guzien arabera 1971n sartu zela ETAn Urrutikoetxea, eta «barne desadostasunen ondotik» 2006an utzi zuela erakundea. «ETArekiko haustura horri buruz, edo interesatuak egituran segitu izanari buruz, ez akusazioak ez defentsak ez dute froga elementu eztabaidaezinik ekarri». Halaber, ontzat ematen du epaileak 2005etik aitzina ez dutela Josu Urrutikoetxearen «arrasto bakar bat ere» aurkitu, «ez Frantzian ez Espainian», ETAk erabilitako ibilgailu eta etxebizitzetan.
Urrutikoetxea bizi zen Durban-sur-Arize (Okzitania) herriko baserrian egindako miaketan ez zuten «inolako elementurik» aurkitu «horri buruz auzipetuak egindako adierazpenak ezbaian jartzeko», dio ebazpenak. «Hain zuzen, ETA eta euskal kausari buruzko interesa erakusten duten elementuez gain ez da beste ezer argitara eraman euskarri digitaletan. Adituen txostenik ez dagoenez, enkriptatutako fitxategiak ez dira deszifratuak izan, eta, beraz, haien edukia ez dugu ezagutzen. Ez da aurkitu, ETAko kideekin harremanik izan duela dioen arrastorik ere».
2011ko urria-azaroa eta 2013ko otsaila artean Josu Urrutikoetxeak Norvegian egonaldia egin zuela dio epailearen ebazpenak. «Bidaia hori egon zela auzipetuaren adierazpenetatik dakigu, eta auzian zehar entzundako lekukoek baieztatu dute. Durban-sur-Arizeko miaketan aurkitutako argazkiek eta bikotekideak Norvegiara egindako mugimenduek elementu hori indartzen dute». David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko kideekin batera zegoela zehazten du epaiak.
SDAT Frantziako Terrorismoaren Kontrako Zuzendaritzaordearen lekukoak esplikatu zuen 2005-2006an Suitzan eta 2011-2013 Norvegian Euskal Herriko gatazkaren konponbidea lortzeko negoziazioetan Josu Urrutikoetxeak parte hartu izana dela elementu bakarra interesatua ETA erakundearen aparatu politikoarekin edo zuzendaritza organoarekin lotzeko, Espainiako hainbat hedabidetan aipatu izan duten gisan.
Baina, epailearen hitzetan, Norvegian izandako egonaldia ezin da auzian aipatu, eta zehazten du defentsak aurkeztutako lekukoek baieztatu zutela «auzipetuak bake prozesuan parte hartu ahal izan zuela bitartekari edo mediadore gisara, ETAk izendatuta, bere iragan militanteagatik erakundeak egiten dion aitortza dela eta.
Frantziako borroka antiterroristaren koordinazio unitateko Paueko (Okzitania) antenak 2014an egindako txosten bat sartu zuen defentsak eztabaidarako, Euskal nazionalismoa izenburukoa. «Epaitegiari ez zaio jakinarazi zer modutara eskuratu duen auzipetuak dokumentu 'konfidentzial' hori. Txosten horren idazleak berak bere buruari galdetzen zion ea zer rol betetzen zuen Josu Urrutikoetxeak ETAren barnean, toki berezi bat esleituz, ETA eta Arnaldo Otegik gidatutako posibilisten artean». Aipatutako epeari buruz txostena «hutsunez» betea dagoela dio. «Inkesta eraman dutenek ez dute inolako elementurik ekarri garai horretan izan zuen jardueraz, eta hari dei egiteko edo hura errekrutatzeko baldintza bereziei buruz. Harremanetarako Nazioarteko Taldeari egindako galdeketek ez dute deus ekarri. Norvegiako autoritateek ez dute inolako ikerketarik eraman».
Honela segitzen du epaiak: «Hala ere, agerian gelditzen da interesatuaren eta ETAren arteko harremanak ez zirela bere horretan gelditu, eta 2018an desegite agiria irakurri arte iraun zutela. Auzipetuak ere onartzen du hori. Eta, auzian zehar ez du iritzirik eman nahi izan 2011 eta 2013 artean Frantzian ETAko kideek egin ahal izan zituzten delituei buruz. Bere adierazpenetan logika politiko-demokratikoa eta logika 'politiko-militarra' kontrajarri ditu, atentatu, ekintza bortitz edo terrorismo terminoak erabiltzeari uko eginez». Elementu horiek guziak kontuan hartuta, epailearen iritziz, «klandestinitateko bizitza, izen faltsu batekin, baina nortasun dokumentu faltsurik erabili gabe egin zituenez, eta, akusazioak ez duenez frogatu Josu Urrutikoetxea ETAk diruztatzen zuela, ezin da, materialki, arau hauste bat prestatzeko ekintza kontsideratu».
Beraz, ondorio honetara iristen da epailea: «Ez dago ez elementu materialik ez elementu intentzionalik ekintza terrorista bat burutzeko gaizkile elkarte batean parte hartzeari buruz. Ondorioz, Josu Urrutikoetxea errugabea da».
Espainiako aferak
2019ko maiatzean Frantziako Alpeetako Sallanches herrian atxilotua izan ondotik, hura Espainiaratzeko lau eskaera bidali zizkion Espainiako Justiziak Frantziakoari: bi estradizio eskaera eta bi euroagindu. Lau horietatik hiru bertan behera gelditu dira, Frantzian edo Espainian epaileek hartutako erabakien ondotik. Bakarra gelditzen da oraindik, nahiz eta hori ere kolokan egon daitekeen. 1987an Zaragozako (Espainia) atentatua agindu izanda leporatzen diote Urrutikoetxeari. ETAk 11 lagun hil zituen atentatu hartan. Espainiako Auzitegi Gorenak Urrutikoetxea 2000n libre utzi zuenean, Guardia Zibilak txostena egin zuen, eta auzipetu egin zuten. Baina ez dago haren kontrako testigantza argirik.
Guardia Zibila, besteak beste, Juan Manuel Soares Ganboa eta Juan Jose Rego Vidal euskal preso ohien deklarazioetan oinarritu zen Urrutikoetxea inputatu ahal izateko. Soares Ganboak esan izan du Urrutikoetxeak «nahitaez» hartu behar izan zuela parte Zaragozan atentatua egiteko erabakian; izan ere, 1996an zioen «giroan» zegoen ETAko buruetakoa zela eta «publikoan jakina» zela hori. Baina urte berean aitortu zuen berak ez zekiela zein ziren zuzendaritzakideak. 1995ean epailearen aurreko deklarazio batean ez zuen arlo militarrarekin lotu, eta, ETAren «bulego politikoaz» galdetzean, ez zuen haren izenik aipatu. 1996an epaileari azaldu zion harekin izandako harreman bakarra nazioarteko arloko kontu bat izan zela, pasaporte faltsu baten ingurukoa. Soares Ganboaren abokatuak urte berean zioen gehiegizkoa zela esatea bere bezeroa jendea zuzenean inplikatzen aritu izan zela.
Oraingoz, Frantziako Justiziak ontzat eman du Espainiakoak egindako estradizio eskaera, baina Frantziako Gobernuak izanen du azken hitza. Azken hilabeteetan, Josu Urrutikoetxeak gatazka armatuaren bukaerara iristeko bete duen rolari buruz nazioartetik altxatu diren ahotsak izanen ditu parean, eta erantzukizun handia: joan den ekaineko epaiketan parte hartu zuten lekukoek ere azpimarratu zuten Urrutikoetxearen kontrako epaiak nazioarteko bestelako prozesu batzuetan izan lezakeen «eragin okerra», bake elkarrizketetan parte hartzeko prest izaten ahal liratezkeen bitartekariek haien burua «arriskuan» ikusi lezaketelako; elkarrizketak ongi bururatuko ez balira noizbait horregatik epaituak izateko arriskuan. Erabaki zaila hartu beharko du, beraz, Frantziak, Josu Urrutikoetxearen estradizioari buruz.
Baina Espainian gelditzen zaion aferari heldu aitzin, Frantziako amaraun judizialeko etapa guziak gainditu beharko ditu Josu Urrutikoetxeak. Gaur eta bihar du horietako azkena, Parisko Dei Auzitegian. Irailean Parisko Zigor Auzitegiak emandako epaiaren ondoren, zail da ikustea zer argudio erabili lezaketen «bake negoziazioak prestatzen» aritu zen garai horretan Urrutikoetxea gaizkile elkarteko kide izan zela azaltzeko. Baina, Frantziako Justiziak behin baino gehiagotan erakutsi du, euskal militanteen kasuan, beti ez dela dena logika juridikoak nahiko lukeen gisara gertatzen.