Iñaki Uriarte

«Ez da inondik inora konponbide bat: arazo bat baino ez da»

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua kritikatu du Iñaki Uriartek. Lehiaketa publikoa «iruzur hutsa» izateaz gain, proiektuak ingurua desitxuratu egingo duela deritzo.

Peru Azpillaga Diez.
2021eko maiatzaren 28a
17:13
Entzun

Saltsa askotan ibilitakoa da Iñaki Uriarte arkitektoa (Bartzelona, 1946). Bilbon azken hamarkadetan egon diren aldaketa urbanistikoen inguruko ikuspuntu kritikoa azaldu du maiz, eta, oraingoan, Bilboko Arte Ederren Museoaren «osotasunaren» defentsan murgilduta dabil, Arte Ederren Museoaren Defentsa Zibikoa izeneko plataforman. Izan ere, museoak bere azpiegiturak handitzeko asmoa du, eta, horretarako, lehiaketa publiko bidez, Norman Foster arkitektoaren proiektu bat aukeratu dute. Uriartek, ordea, prozesu guztia «burugabekeria hutsa» dela deritzo, eta hura gelditzeko eskakizuna zabaldu du.

Zein da museoa handitzeko arrazoia?

Ez dago pisuzko arrazoirik, ez dagoelako aurretik museoa handitzea justifikatzen duen planik. Museo orok dauka defizit bat gordetzen dituen artelanen eta erakutsi ditzakeen horien artean, eta ikusgai dauden horiek berriztatzeak ematen dio museo bati behar duen dinamismoa. Arte Ederren Museoaren kasuan, handitzearen arrazoi nagusia da arduradun berriak [Miguel Zugaza zuzendaria] museoaren presentzia indartu nahi duela. Presentzia hori ikuspuntu oker batetik aztertzen dute; ikusle kopuruaren arabera baino ez.

Hortaz, ikusleak ugaritzeko asmoz bultzatutako proiektu bat da?

Burugabekeria hutsa da. Miguel Zugaza museoko zuzendari berriarekin bat egin, eta Arte Ederren Museoa turistak erakartzeko lasterketa zoro horretan sartzeko antolatu du Eusko Jaurlaritzak handitze proiektua. Ikono bihurtu nahi dute, Guggengheim museoarekin lehiatu dadin. Eta, hori lortzeko, iruzur hutsa den lehiaketa publiko bat jarri zuten martxan, Norman Fosterren proiektua hautatzeko.

Zergatik diozu lehiaketa publikoa iruzurra izan dela?

Arkitektura lehiaketa bateko epaimahai batean, arkitektoak izan behar dira nagusi. Arte Ederren Museoko lehiaketan, hamarretik lau baino ez ziren arkitektoak. Gainera, horietako bat Luis Fernandez Galiano zen, Fosterren fundazioko kidea. Hori dela eta, arkitektura estudio batzuek uko egin zioten lehiaketan parte hartzeari, aldez aurretik bazekitelako Fosterren proiektua suertatuko zela irabazle.

Beraz, zure ustez, aldez aurretik zegoen irabazlea erabakita.

Hori da. Foster izatea nahi zuten, sona handiko arkitekto baten izena delako axola zaien gauza bakarra. Demokrazia ariketa baten simulazioa baino ez zen izan. Eta ez da gertatzen den lehenbiziko aldia. Madrilgo El Prado museoan, Zugaza bera zuzendari zela, gauza bera gertatu zen.

Hautaketa prozesua alde batera utzita, zer ondorio izango ditu Fosterren proiektuak?

Lehiaketaren oinarrietan baldintza zehatz batzuk ezartzen ziren. Lehiakide guztiak egokitu egin ziren oinarri horietara, Foster izan ezik. Aurrekontua, esaterako, behin obrak hasita, bikoiztu egingo da gutxienez. Garai hauetan, diru xahutze hutsa da. Ez da inondik inora konponbide bat: arazo bat baino ez da.

Zeintzuk dira proiektuak betetzen ez dituen beste oinarrietako batzuk?

Ez ditu altuerak errespetatzen, eraikin nagusiaren altuera bikoiztea proposatzen duelako, infografietan disimulatzen saiatu diren arren. Baina lanek inguruan izango duten eragina oso handia izango da, eta auzokideak ez daude horren jakitun.

Asko aldatuko da ingurua handitze lanak egiten badira?

Espazioak inbaditu egiten ditu, pieza autonomoa da, egozentrismo hutsa. Beste edozein arkitektok sinatuko balu, atzera botako lukete. Bilbok azken urteetan jorratu duen noranzkoan doa lana. Beste aldaketa batzuen artean, museoaren kanpoaldean dagoen Arriagaren monumentuaren eskulturari egingo dio kalte.

Zergatik?

Patioa itxi egin nahi dute, eskultura espazio itxi batean sartu. Paco Durrio artistaren lana da, Arriagaren omenezko musa bat. Oso obra garrantzitsua da, balio handikoa. Urak ere funtsezko eginkizuna du artelanean, eta, handitzen dutenean, eskultura lehortu egingo dute.

Noiz hasiko dira lanak?

Irailean abiatuko direla aurreikusten da. Gu gelditzen saiatuko gara. Aurkeztutako proiektuaren inguruan hausnartu eta ondo aztertzea eskatzen dugu, eta, beharrezkoa bada, beste lehiaketa bat martxan jartzea.

Judizialki ere irregulartasunak salatu dituzue.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko bi artikulu hausten ditu, Euskal Kultur Ondareari Buruzko Legeko zortzi eta Espainiako Estatuko legediko hiru. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako arkitektoek txosten bat egin behar zuten proiektuaren inguruan, eta ez da hala izan. Oraingoz, dagoen txosten bakarra estudio bati erositakoa da.

Zer garrantzi du Arte Ederren Museoak?

Ez da Bilboko museo soil bat. Itzal handiko museoa da, Euskal Herriko museorik garrantzitsuenetarikoa. Ikusle kopuruak ez du ezer esan nahi. Jendeak museora etortzeko duen determinazioa eta ateratzean sentitzen duen gogobetetasuna da funtsezkoena.

Handituko ez balitz, zer beste aukera egon daitezke?

Turistei begirako proiektu bat baino ez da hau. Handitu nahi izatekotan, kultura auzoetara eramateko aukera dago, esate baterako, eraikin industrialak erabilita, Errekalden, Iralan… Iñaki Azkuna alkate zenak, bere garaian, Olabarri jauregia ere proposatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.