Euskara

«Euskaraz hitz egingo duen» Jaurlaritza bat eskatu dute 390 kazetarik baino gehiagok

«Berdintasun defizit bat zuzentzeko helburuarekin», sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzeko eskea egin diote «datorren Eusko Jaurlaritza osatu behar duen arduradun nagusiari».

maddi ane txoperena iribarren
2020ko abuztuaren 27a
11:53
Entzun

394 kazetari euskaldunek eskaera argia egin diote Eusko Jaurlaritzari: euskaraz lan egin eta informatu ahal izan dezaten, Jaurlaritzako hurrengo arduradunak euskaldunak izan daitezela. Gaitasunean eta kalitatean ere jarri dute arreta: «Ez dira aski euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak». Nabarmendu dute arduradunen «betebeharra» dela informazioa eta zehaztasunak euskaraz ematea, baita kazetarien galderei euskaraz erantzutea ere.

Euskal Herri osoko komunikabideetako kazetari euskaldunek izenpetu dute Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua, eta abuztuaren 27an aurkeztu dute, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak irakurri dute adierazpena. Bertzeak bertze, BERRIA, Argia, Jakin, Gara, Hamaika Telebista, Naiz, Gaztezulo, Elhuyar, Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Eitb.eus, El Diario Vasco, Radio Euskadi, Naiz Irratia, Pikara Magazine, Eldiario.es eta euskarazko tokiko komunikabide anitzetakoek eman diote atxikimendua —zerrenda osoa, hemen—. Manifestuan adierazi dute «berdintasun defizit bat zuzentzea lortzeko helburua» dutela eskaerarekin: «Ezaguna da euskaraz lan egiten dugun kazetariok, euskaraz egite hutsagatik eta gure hizkuntzaren egoeragatik, urteetan iraun duen desberdintasun egoera batean ari garela lanean». Azaldu dute «herritar guztion ardura» dela euskara normalizazio «osora» eramatea, baina zeregin horretan «lehen mailako erantzukizuna» dutela erakunde publikoek.

Arduradunen «betebeharra»

Azpimarratu dutenez, «informazioa zorrotz, egoki eta zuzen» ematea da komunikazioan aritzen diren profesionalen «egitekoa», baita euskaraz jarduten duten profesionalena ere: «Horretan jartzen dugu gure lan, indar eta gogo osoa: gure irakurleei, entzuleei eta ikusleei lehen mailako informazioa helaraztea dugu helburu». Nabarmendu dute, gainera, egungo «une historikoan inoiz baino beharrezkoagoa» gertatu dela komunikabideetako profesionalen lana: «Oinarrizko jarduera da gurea, eta garrantzi ezinbesteko horren jakitun landu behar ditugu albisteak, egiazkotasunez eta eraginkortasunez».

Zehaztu dutenez, funtzio hori bete ahal izateko, kazetariei «ezinbestekoa» zaie «notiziaren sorburura, protagonistengana eta arduradunengana jotzea». Arduradun horiek ere badituzte «betebeharrak», ordea: «Iritzi publikoari informazioa eta zehaztasunak ematea. Eta hori bi hizkuntza ofizialetan egitea». Galderen erantzunetan ere jarri dute arreta: «Kazetariaren betebeharra da galderak egitea; arduradun politikoen erantzukizuna, berriz, horiei erantzutea. Baita euskaraz ere».

Hori ez da hala gertatzen, ordea, manifestuaren sinatzaileen ustez. Hain zuzen, «euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak» ez direla «aski» salatu dute: «Ez dira aski euskaraz ari garen komunikabideetako profesionalontzat, eta, batez ere, ez dira aski informazioa euskarazko komunikabideetatik jasotzen duten herritarrentzat». Hala, hori berriro gerta ez dadin eta «euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea onartu eta 38 urtera», heldu den Eusko Jaurlaritza osatu behar duen «arduradun nagusiari» galdegin diote «euskaraz hitz egiten duten» sailburu eta arduradunak izenda ditzala: «Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaio euskal kazetaritza profesionalari. Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaie herritarrei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.