Euskara hezkuntzan

«Euskal Herritik Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat behar dugu»

Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema baten aldeko protesta jendetsuak egin dituzte ikasleek Hegoaldeko hiriburuetan. Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute.

Irati Urdalleta Lete - Jone Bastida Alzuru
2023ko martxoaren 23a
11:34
Entzun

Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema aldarrikatzeko asmoz, mobilizazio jendetsuak egin dituzte Euskal Herriko hiriburuetan, Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko euskara taldeek eta Ikamak deituta. Hezkuntza euskaraz izango da lelopean hartu dituzte kaleak. Irati Urdalleta BERRIAko kazetariak jarraitu du Donostiako manifestazioa.

Jende ugari bildu da protesta guztietan, eta hainbat aldarrikapen eta salaketa egin dituzte. Egungo hezkuntza sistema kritikatu dute, eta argi adierazi: «Euskaraz ikasi nahi dugu». Azpimarratu dute euskaraz ikastea «eskubidea» dela. «Euskal Herrian hezkuntza euskalduna» oihuak ere entzun dira.

Funtsean, hauxe izan da aldarri nagusia: «Euskal Herritik Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat behar dugu». Deialdiek parte hartze handia izan dute Hegoaldeko lau hiriburuetan: Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon.

Ikasleak campusetan bildu dira mobilizazioen aurretik, eta euskarazko hezkuntzaren aldeko aldarriak oihukatuz joan dira protesten abiapuntura. «Ikasleon borroka euskararen alde», besteak beste. NUPeko Euskara Taldeak azpimarratu du kalera irten direla ikasleen eskubide eta nahia den «hezkuntza euskaldun bat» aldarrikatzeko.

Protestak ere izan dira goizean. Elkarretaratzea egin du EHU Leioako Euskara Taldeak, eta ertzainek taldeko bost kide identifikatu dituztela salatu dute: «Ez gaituzte geldituko. Hezkuntza euskaraz izan behar da!».

Hainbatek egin dute bat deialdiarekin, eta babes mezuak helarazi. Esaterako, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Halaber, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak adierazi du hezkuntza sistema euskaraz eraikitzea «herri komunitate sendo eta feminista eraikitzea» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.