Espainiako Gobernu Osaketa

«Euskal herritarren egunerokoan eragingo duten» neurriak bultzatu nahi ditu EH Bilduk Madrilen

Mertxe Aizpuruak dio Pedro Sanchezen inbestidura «gertuago dagoela», baina «benetako negoziazioa» orain hasiko dela. Oskar Matutek «ausardia» eskatu dio PSOEri. Espainiako erregeak astelehenean abiatuko ditu gobernu osaketaren atariko elkarrizketak alderdiekin. EAJ hartuko du arratsaldez, eta EH Bilduk uko egin dio bilera horri.

Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute EH Biduko diputatuak Espainiako Kongresura iristen, atzo. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko abuztuaren 18a
13:21
Entzun

Behin Espainiako Gorteetako mahaiak osatuta, presidentea izendatzeko eta gobernua osatzeko negoziazioak abian dira. Jokaleku horretan, EH Bilduko diputatu Oskar Matutek jakinarazi du «euskal herritarren egunerokoan eragina izango duten neurriak» txertatzen eta bultzatzen ahaleginduko direla, «askatasun eta eskubide gehiago bermatzeko». Gehitu du arlo horretan «zorrotzak» izango direla PSOEren eta Sumarren arteko gobernuarekin.

Gizarte gaiez gain, lurraldetasunaren auzia ere mahai gainean jarriko dutela esan du Mertxe Aizpurua diputatuak. Radio Euskadin adierazi duenez, espero dute lurraldetasunaren auzian «bideak irekiko» dituen legegintzaldia izango dela datorrena, eta jakinarazi du martxan dauden negoziazioetan hizpide izango dutela lurraldetasunaren gaia, baina uste du «presarik gabe» landu beharrekoa dela, «gauzak ondo eginez». Matute ere bat dator. Onda Vasca irratian azaldu duenez, Espainiako «Kongresuaren egungo osaketak aukera ematen du eskubide eta askatasunen aldeko politika ausartak aurrera eramateko eta lurraldetasun ereduaren inguruko eztabaida irekitzeko».

Atzo eratu zuten Espainiako Diputatuen Kongresuko Mahaia. Pedro Sanchez berriz ere presidente izendatzeko bidean, «norabide zuzenean emandako urratsa» izan zen atzokoa Matuteren arabera: «Egungo gobernuak aurrera egiteko beharrezko urratsa zen, baina ez da nahikoa». Aizpuruak ere ohartarazi du orain hasiko dela «benetako negoziazioa». Uste du ez direla hauteskundeak berriz egingo, baina ez dago erabat ziur: «Edozer gauza gerta liteke; egoera lausoa eta zaila da». Matuteren arabera, egungo gobernuak «izerdia bota beharko du, eta duen guztia mahai gainean jarri»: «Ausartak izan behar dute».

Kataluniako alderdiek negoziazioan hartuko duten pisua ere izan dute hizpide. Matutek adierazi duenez, «amnistia» hitza erdigunean jarri ordez, konpondu egin behar dira «155. artikuluak milaka kataluniarrei sortutako ondorio mingarriak». Eta gehitu du: «Ez nintzateke amnistia hitzarekin itsutuko. Ez nau izutzen, baina itsutzea nahikoa da Espainiako eskuineko presio mediatiko, sozial, politiko eta ekonomikoak amnistia marra gorri bihurtzeko».

Bestetik, eskuinaren «bakardadea agerian» geratu zela uste du Aizpuruak. Gaineratu du PPko presidentegai Alberto Nuñez Feijook «jada ez duela aukerarik» Espainiako presidente izateko. Matutek ere antzeko iritzia du; adierazi du Feijoo «kaltetuta» atera zela atzokotik, eta atzetik ageri da Isabel Diaz Ayusoren «itzala».

Ez dute erregearekin hitz egingo

Espainiako erregeak bilera sorta bat hasiko du Kongresuko alderdiekin inbestidurarako hautagairen bat proposatzeko. EH Bilduko diputatuek jakinarazi dute ez dutela parte hartuko bilera horietan. Matutek esan du alderdian oraindik ez dutela «asko hitz egin» gaiaren inguruan; baina adierazi du beren apustua «euskal errepublikaren» aldekoa dela eta, beraz, «ezer gutxi» dutela Felipe Borboikoari esateko. Aizpuruak, berriz, berretsi du koalizioak ez duela hitz egingo Espainiako erregearekin: «Uste dugu ez daukagula erregeari ez dakien ezer azaltzeko».

Espainiako Zarzuelak ezaguturazi duen egutegian EAJ azaltzen da, bestalde. Aitor Esteban Kongresuko bozeramailea astehelenean hartuko du Felipe VI.ak, arratsaldez. Hurrengo egunean, asteartez, Pedro Sanchez eta Alberto Nuñez Feijoo hartuko ditu, PSOEko eta PPko buruak. Lehena goizean mintzatuko da Espainiako Estatuko buruarekin, eta, bigarrena, arratsaldez. Elkarrizketa horiek eduki ondoren erabakiko du errege borboitarrak nori eman gobernua osatzen saiatzeko ardura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.