Maite Aristegi

«Europan elikadura burujabetzaren ideia sortu zen bileran izan nintzen»

Ibilbide oparoa egin du Maite Aristegik (Bergara, 1962) hainbat esparrutan: euskara sustatzen, politikan, sindikalismoan... jaio zen baserritik, ordea, ez da sekula mugitu.

Maite Aristegi, bere baserrian. GIPUZKOAKO HITZA
2020ko urriaren 4a
12:47
Entzun

Zaila da etiketa bakarrarekin definitzea Maite Aristegi (Bergara, 1962). Baserrian jaio, hazi eta bizi da, eta, zerbait aukeratzekotan, baserritarra dela dio. Utzi ere ez du inoiz utzi, beste lanbide batzuetan aritu izan bada ere. Hamaika zelaitan landatu ditu haziak bergararrak: politikan, sindikalismoan, euskara sustatzen…

Jaio eta hazi zaren baserri berean bizi zara. Eragina dauka mundu horrekin izan duzun loturan?

Nik uste dut horrek markatu duela nire bizitza, zentzu handi batean. Bestalde, lau neba dauzkat eta neska bakarra naiz. Horrek ere markatu nau, nik uste. Azken batean, beti mutil artean jardun beharrak, beti burua atera beharrak, eragin izan dit.

Baserritik lortutakoarekin bizi zinen gaztaroan. Hori ere igartzen da mundua ikusteko moduan?

Gurasoek baserritik atera zuten bizimodua, eta horrek ere markatu nau, jakina. Nik baserriko kultura txikitatik ezagutzen dut. Gainera, bertatik bizi nintzenez, lan gehiago izaten genuen. Bederatzi urte neuzkanetik joaten nintzen amarekin esnea saltzera aste bukaeretan. Bergarako etxe mordo batera sartzen ginen. Nik uste dut hori ere garrantzitsua izan dela niretzat.

Harremanetarako gaitasuna eman al zizun esnea saltzeak?

Bai. Etxean sartu, eta besteen arazoak entzuten dituzu, etxeko beste bat bilakatzen zara, eta enpatia lortzen duzu. Herria beste modu batera ezagutu dut txikitatik. Bestalde, orain, gainera, bullying deitzen diogu, baina orduan ere hamaika etiketa jartzen zizkiguten baserrikoak izateagatik.

Landa auzokoa zara, gainera. Herrikoekin alderatuta, ba al dago alderik?

Gure sasoian, ia pasatuta zeuden lehenago egiten ziren auzolanak; auzolan produktiboak, esan dezagun. Oraindik mantentzen ziren, dena den, bideak garbitzeko antolatutakoak eta horrelakoak. 12 edo 13 urte izan arte, auzokoekin jolasten ginen. Nahiz eta gure auzoa kaletik gertu egon, urruneko auzokoekin elkartzen ginen gehiago. Askotan pentsatu dut horrek ematen duela nortasun bat, bergarar peto-petoa sentitzearekin alderatuta.

Zuzenbide ikasketak egin zenituen Bergaran bertan, UNEDen. Nolatan?

Kanpora ikastera joateko asmoa neukan; erizaintza edo albaitaritza ere gustuko nituen. Baserrian lagundu beharrak eta emakumeoi atxikitzen zaizkigun zaintza lanek moztu zuten bide hori. Ematen du Bibliak esaten duela emakumeok egin behar ditugula lan horiek. Amak esan zidan laguna behar zuela lanerako. Emakume baserritar prototipoa zen nire ama: etxea eramatetik segan egiteraino iristen zen; emakume indartsua.

Garai horietan askok hautatzen zuten baserrian segitu beharrean kalera jaistea. Ez zen zure kasua izan?

Gurasoengandik jaso dut lurrarekiko maitasuna eta lana egin bai baina gustura egitearena; lurra, ingurua eta basoa zainduz.

Ikasten ari zinela, irakasle lanetan ere jardun zenuen, ordea. Zerk bultzatu zintuen euskara irakastera?

Niretzat, euskara oso barruan daukadan zerbait da. Izan nuen nire fasea, 13 edo 14 urterekin edo, amarekin gazteleraz hitz egiten nuena. Etxean kargu hartu zidaten, ea zertan ari nintzen.

Udal euskaltegian bukatu zenuen, hala ere; ikasle hasieran, eta irakasle gero.

Lan ikaragarria egin zuen Bergarako euskara departamentuak. Milaka lagun euskaldundu zituen. Gainera, Joseba Sarrionandia nire irakaslea zen. Hala ere, larunbatetan ematen zituen klaseak. Nik baserrian beti neukan lanen bat zintzilik orduan. Amak esaten zidan: «Nola joango haiz euskara ikastera, badakin eta». Baserriko lanengatik ez nuen ezagutu Sarrionandia.

Zer moduz jardun zinen irakasle lanetan?

Gustura, oso gustura. Nik uste dut beti izan dudala irakaskuntzarako erakarpen hori. Sarri tokatu izan zait inguruan euskara ikasteko edo euskara mundura sartzeko lagundu beharra, eta beti gustura egin dut.

1980ko hamarkada zen. Zein zen Bergarako errealitatea?

Denetik zegoen: aspalditik hemen zeudenak eta euskaldundu nahi zutenak; lanerako beharra zeukatenak, Euskal Herrira iritsi berriak. Euskaraz idazten eta irakurtzen ikasi nahi zuten euskaldun zaharrak ere bageneuzkan. Ikasleekin asko disfrutatzen nuen, eta prozesua polita zen. Hasieran, beldur izaten ziren idazteko, adibidez, gaizki idatziko zutelakoan. Oso ondo idazten zuten, ostera. Bestalde, bazeukaten harrotasun puntu bat: Bergarako euskara eta batuan idazten jakitearena.

Euskara batuak ere izango zuen bere nobedade puntua. Kostatu egiten al zen ikastea?

Inondik inora ere ez. Bakoitzaren aberastasuna balioztatzea garrantzitsua da. Batua beti izango dugu hor, baina Bergarako euskarak, esaterako, badauzka bere hitz eta jostura politak. Orain, Euskaraldiarekin sortu dira ahobizi eta belarriprest rolak. Nik beti izan dut ekimen hori. Alabak esaten dit ea zer nabilen euskaraz ez dakien batekin. Nik gure hizkuntzan egiten diot, eta berak gazteleraz; ulertzen nau, ordea. Azkenean, biok pozik gelditzen gara.

Bukatu zenituen ikasketak, eta Euskal Herriko Nekazarien Elkartean bukatu zenuen abokatu lanean. Baserritik zetorren batentzat espero zenuen bidea izan zen?

Antxon Ibargurenek bideratu ninduen EHNEra. Pertsona ikaragarria zen Antxon. Haren eraginez ikasi nuen zuzenbidea, azkenean. Erreferente moduan neukan nik. Eskubideak defendatzen zituen abokatu justu bat zen niretzat.

Baserri munduaren eta zuzenbidearen arteko sinergia izan al zen EHNEko lana?

Bai. Gazte sartu nintzen mundu horretan, baina inoiz ez dut baserriko lana utzi. Egun osoko jarduna neukan abokatu gisa, baina eskatu nien esnea banatzera joan nahi nuela, behintzat. Orduan, amantalarekin eta abarka beltzekin saltzen genuen esnea. Gogoan daukat behin Tolosako EHNEren egoitzara sartu nintzela amantal eta guzti. Bizitza osoa daramat korrika alde batetik bestera.

Baserrien berregituratze garaia tokatu zitzaizun lanean. Zergatik berregituratu behar ziren?

Lehen, dozena bat behirekin, basoko lanekin, ortuarekin, txahal bat gizentzearekin eta saltzearekin, soldata polit bat lortzen zenuen. Aldatu zen filosofia, dena den. Bost behi izatea behi gutxi izatea zen. Gogoan daukat lotsa ematen zidala zenbat abere nituen esateak. Garai hartan modernoa zen kalean ez saltzea, behi gehiago erostea, makineria sartzea eta zerbitzuak kanpotik ekartzea. Lehen hamar zeuzkanak ehunekin bukatu zuen.

Zer dela-eta izan zen aldaketa?

Salmenta zuzena egiten baduzu, gehiago kontrolatzen duzu zer daukazun eta zer sal dezakezun, bitartekaririk gabe ari baitzara. Bitartekaria sartzen denean, hark ere irabaziak nahi ditu. Hor hasi zen hamar eduki beharrean hogei baldin badauzkazu, diru gehiago lortuko duzu filosofia. Esne saltzailearen ipuina da, testuinguru ezin hobean. Hor galdu genuen autonomia. Berrogei behi badauzkazu, zuk ezin duzu saldu esnea. Jezteko behar dituzun makinak ere ezin dituzu erosi, milioiak balio dituzte eta. Eskuetatik ihes egiten du. Nekazaritzan hori pasatu zen. Ihes egin zuen, eta beste batzuk agintzera pasatu ziren; egoera goitik behera aldatu zen. Nekazariek galdetzen zuten: «Zer egin behar dut? Hau? Ados. Zein preziotan? Horretan? Ados». Zorrei bueltarik eman ezinda jarduten zuten.

Bestelako eredu bat bultzatzen al zenuten?

Bai. Borroka handia egon zen eredu txikien alde edo norbere ahalmenetara egokitutako modu baten alde; zuk kontrolatzen duzunaren alde, azken batean. Esnea kalean saltzen jarraitzeko borroka handia izan genuen. Galdu zen hori ere, dena dela. Orain, ohikoagoa da zuzeneko salmenta. Dendetan edo ekoizleek otarreen bidez zuzenean saltzen dituzte euren produktuak.

Horrez gain, Emakume Baserritarren Elkartea (Ebel) sortu zenuen. Bistakoa zen sexu arrakala baserrian?

Bilera asko egiten genituen arauak eta legeak azaltzeko. Bileretara gizonezkoak etortzen ziren. Hurrengo egunean, hala ere, haien emaztea, alaba edo ama hurbiltzen zitzaizkigun gauzak azaltzera. Gizonen atzetik, emakumeak etortzen ziren gauzak egitera. Arazoa ez zen hor bukatzen, ordea.

Zer eremu gehiagotan igartzen zen sexu desberdinkeria?

Emakume asko ez zeuden gizarte segurantzan izena emanda. Arazo asko ematen zituzten afiliatzeko. Legez, gizonak beste irabazten zutela erakutsi beharra zeukaten. Askotan, produktuak saltzen edo kontserbak egiten jarduten zuten. Zenbat irabazten zuten galdetzen zieten. Produkzio lanei ematen zitzaien balioa, ez gainerakoei. Europa osoan zegoen arazo bat zen. Europan ere jardun nuen.

1995eko udal hauteskundeetan, dena den, Bergarako zerrenda batean aurkeztu zinen.

Jose Luis Elkororen garaiak ziren, eta zerrendan joateko eskatu zidaten. Abokatu lanak utzi nituen horretarako. Gregorio Ordoñez hil zuten, eta Bergaran hogei botorengatik galdu genuen. Egia esan, ni baserrian eta zinegotzi lanean oso zoriontsua nintzen.

1997an, EHNEko idazkari nagusi bilakatu zinen. Urrats garrantzitsua izan zen zuretzat?

Gure konfederazioa indartzen ari zen urte horien bueltan. ELAk eta LABek ere harreman handia zeukaten. Gatazka politikoa ere puri-purian zegoen. EHNEn beti uste genuen denetarik geneukala, eta ezin genuela jarrera bat hartu. 1997an egin zen kongresua, eta idazkari aurkezteko proposatu zidaten. Idazkari nagusi bat nahi zuten, gehiengo sindikalean egoteko eta zer nekazaritza eredu landu nahi genuen defendatzeko. Horrela aurkeztu nintzen, eta hor jardun nuen.

Baina krisia sortu zen EHNE barruan. Zerk eragin zuen hori?

Norbanakoen interesak zeudelako edo guk defendatzen genuen eredua ez zelako ikusten. Konfiantza kendu zidaten, eta oso kolpe latza izan zen. Gipuzkoako EHNE utzi nuenean, harreman itzelak nituen. Denbora gutxian deabrua bihurtu nintzen. Gainera, EHNEk postura bat hartu zuen gatazka politikoan. Ehun puntu zehaztu genituen; tartean, biolentzia eta errepresioa ez genituela nahi. Askorentzat, hori esatea ere gehiegitxo izan zen.

Politikoa zen nekazari elkarte barruko afera?

Nik uste dut gehienbat eredu kontua zela. Gipuzkoak askotan jarraitu dion eredua aldendu egiten zen sustatzen genuenetik. Saiatu ginen konpontzen eta bideratzen. Sei urte pasatu nituen idazkari lanetan. Gaur egun, EHNEk ez dauka garai batean zeukan indarra. Nik uste dut gatazkak ekarri zuela indar galera hori. Gerora, barkamena eskatu didate egin zutenagatik.

Europan ibili zineneko momentu gogoangarririk baduzu?

Europan elikadura burujabetzaren ideia sortu zen bileran izan nintzen, Monsen, Belgikan. Via Campesina barruko bilera bat zen. Orduan, txikia zen oraindik Via Campesina. Ehunka pertsona egongo ginen bilera hartan. Gaur egun, milioika jarraitzaile eta babesle dauzka.

Zer da zuretzat elikadura burujabetza?

Ez da bakarrik guk jateko beste ekoiztea; eredu kontua da. Lurra errespetatuko duen eredu bat behar dugu; lurra eta pertsonak, ingurua, eroslea eta beste herritar batzuk. Gure baliabideekin behar duguna ekoizteko kapaz izatea da. Oso kontzeptu iraultzailea da. Munduko gosea bukaraziko luke, pentsa.

Bergaran jardun zenuen politikari, baina baita Espainiako Kongresuan ere. Nolatan sortu zen aukera?

Euskal Herriaren burujabetza nire ametsa izan da, beste askorena bezala. Gure inguruan, ilegalizazioen garaian, ez zen erraza norbait lotzea. Nire ustez, istripuz etorri zen ni diputatu izatea.

Espero al zenituzten Amaiurren boz haietako emaitzak?

Karrusel bat izan zen. Batzuek idatzi zidaten: «Zorionak edo…». Esperientzia ona izan zen Kongresukoa; gehienbat, geunden lantaldeagatik. Pila bat ikasi genuen elkarrengandik, eta asko lagundu genion elkarri. Lan hori egin gabe zegoen sekula. Espainia zein ustelduta dagoen ikusteko ere balio izan zigun; zein gauza ustela den, zein oinarri eskasekoa, eta etxe hura zer den. Probatu beharko genuke hemengo denok, ikusteko zer den; batez ere, norbaitek idealizatuta badauka.

Bertsoa ere ezagun egin zenuen hemizikloan. Nola otu zitzaizun?

Bertsozalea izan naiz betidanik. Abestu beharrean, bertsoak idatzi egiten ditut, izan haur bat jaio delako edo norbait hil delako. LOMCEri buruz zerbait desberdina egin nahi nuen.

350 diputatuko plaza bat plaza ona al da abesteko?

Denak neuzkan aho zabalik, begira-begira. Konturatzen zara askotan lan galanta egiten duzula diskurtsoak prestatzen, baina azkar batean joaten dira. Horrelakoak gogoratzen ditu jendeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.