Nafarroako gobernuz kanpoko erakunde eta gizarte eragile nagusiak biltzen ditu Gizarte Erakundeen Plataformak, eta «konpromisoa» eskatu die talde politikoei, hauteskundeen ostean hasiko den legealdian «politika publikoak gara ditzaten ahulenen egoera hobetzeko eta gizarte desberdintasunak ezabatzeko». Konpromiso horiek zurian beltz nahi dituzte, gainera: alderdiei eskatu diete horiek denak idatziz jasotzeko bai hauteskunde programetan bai bozen osteko gobernu itunetan eta taldeen arteko akordioetan.
>Bart gauean Iruñean 44 urteko etxegabe bat hil izana ere aipagai izan dute plataformako ordezkariek. «Pertsona bat hil zen atzo Iruñean, eta jendeak normaltzat jo zuen, ez ikusiarena egin zuten», esan du plataformako bozeramaileak, Mariluz Sanz Escuderok. «Gertatutakoak zer pentsatua eman behar liguke. Gogoeta falta da erakunde publikoetan, baina baita gizartean ere, oro har. Hau normalizatzen duen gizarte batek asko du hobetzeko».
Gizarte Erakundeen Plataforman bilduta daude Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Nafarroako Sarea, Cermin desgaitasunen bat dutenen Nafarroako batzordea eta REAS Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sareen Sarea. Erakunde horien irudiko, Nafarroako Parlamentua osatzen duten talde politikoak «zorretan» daude gizartearekin eta, bereziki, zaurgarriak direnekin. Betebehar hori konplitzeko eskatu diete: «Behar etiko, sozial, politiko eta ekonomiko bat dago gure erkidegoko pobrezia eta gizarte arrakalak desagerrarazteko, eta herrialde pobreekin duten konpromisoa indartzeko», esan du plataformako kide Jon Etxeberriak.
Zehazki, «tokiko ekonomia eta enplegu duinak sustatzen dituzten ekinbideak» babesteko eskatu diete agintari politikoei, «egitasmo horiek aukerak ematen baitizkiete bazterketa arriskuan direnei». Pobrezia eta bazterketa areagotuko ez dituen eredu ekonomiko baten aldeko urratsak egitea galdegin dute plataformako ordezkariek, eta «aberastasunaren banaketari eta gizarteratzeari» bide ematea horretarako.
Etxeberriak eta Sanzek gogorarazi dute Nafarroan indarrean dela Pobreziaren eta Desberdintasunaren Aurkako 2021-2030eko Aldirako Ituna. Gizarte Erakundeen Plataformak ez ezik, parlamentuan ordezkaritza duten talde guztiek ere sinatu zuten. «Alderdiek konpromisoa hartu zuten, gobernuan edozein egonda ere, itunari segida emanen ziotela», esan du Sanzek. Horregatik, plataformak espero du «itunean jasotako guztia» beteko dela datorren legealdian ere.