Estaturik gabeko Europako nazioen inguruko «ezjakintasunari» aurre egiteko, «Estaturik gabeko Europako nazioen mapa» aurkeztu du Naziogintzak. Donostian eginiko agerraldi batean, Josu Albero Naziogintza taldeko kideak azaldu du maparen zergatia: «Ohartu gara ezjakintasun handia dagoela Euskal Herrian eta beste nazio batzuetan Europako nazionalitateen gaiaz». Haren ustez, hori horrela da eskoletan inoiz ez delako ikasi «Europako mapa ofizialetan agertzen ez diren beste nazio batzuk badaudela: Eskozia, Flandria, korsika, bretainia, gales, Euskal Herria, Katalunia, Galizia…».
Helburu horrekin sortu dute mapa: «Euskaldunok ez ditugu oso ondo beste errealitate nazional batzuk ezagutzen. Badakigu Iberiar penintsulan bost nazio daudela, eta bik, Espainiak eta Portugalek, estatu propioa dutela, baina beste hirurek ezetz. Baina gutxiagok dakite Frantzian sei, Erresuma Batuan lau eta Italian bost nazio daudela. Errealitate horiek dira mapa honetan islatu nahi izan ditugunak».
Alberok gogorarazi du Naziogintza «euskara, euskal kultura eta euskal nazioa diskurtsoaren erdian jartzen duen talde independentista» dela, eta «euskal errepublikaren aldeko pedagogia» egiten ari direla: «Sorrerako helburuetako bat da harremanak sustatzea Europako estaturik gabeko beste nazio batzuekin, eta horiei Euskal nazioari buruzko informazioa ematea.
Salatu duten ezjakintasuna islatzeko, pasadizo bat azaldu du Alberok: «2017an, Europako Batzordeko presidente Jean Claude Junckerrek esan zuen Europako Batasunak ezin zuela Kataluniako burujabetza onartu, beste lurralde batzuek gauza bera eskatuko zutelako eta ezinezkoa zelako Europan 90 estatu berri sortzea». Alberoren hitzetan, Junckerrek «ezjakintasun handia» erakutsi zuen, «ez baitaude 90: hamazazpi, asko jota. Erregioak eta nazioak nahastu zituen”. Hain justu, hamazazpi nazio horiek dira mapan jaso dituztenak, «mapa konbentzionaletan» agertzen ez direnak: «Estatuei protagonismoa kendu eta estaturik gabeko nazioei eman diegu».
Asier Sarasua kartografoak egin du mapa, eta 12 euroko prezioan dago salgai, BERRIA dendan.
Azalpenak
Azalpen batekin dator mapa, Edurne Alegria taldeko kideak azaldu duenez: nazioaren izena euskaraz eta jatorrizko hizkuntzan, biztanleria eta jatorrizko hizkuntzaren hiztun kopurua eta portzentajea. Horrela, nazioen arteko desberdintasunak nabarmendu dituzte, baina baita elementu komunak ere: «Esan daiteke hizkuntza eta sentimendu nazionala hertsiki lotuta doazela».
Luken Etxabe kideak, berriz, «nortasun handiko lurraldeez» jardun du, horiei ere atal bat eskaini baitie Naziogintzak. Etxaberen hitzetan, horietan «bertako hizkuntzaren egoera oso larria da, eta galtzeko arriskua dago». Multzo horretan sartu dituzte Aragoi, Asturias, Alsazia, Karelia, Kornualles, Veneto, Saboia, Lusazia eta Kaxubia. Lurralde horietan, beste faktore garrantzitsu bat da «bertako alderdi nazionalisten babes maila. Gehienetan, oso txikia edo nulua da». Etxaberen esanetan, «kasu askotan, politika linguistikoengatik da, ezein kasutan ez delako bertako hizkuntza ofiziala».