Alderdiak

«Entzute aktiboko» prozesu bat abian jarriko du EAJk datozen hilabeteetan

Jeltzaleak VIII. Batzar Nagusia egiten ari dira Barakaldoko BECen.

EAJren burukideak, BECeko Batzar Nagusian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko azaroaren 27a
15:23
Entzun

EAJ VIII. Batzar Nagusia egiten ari da Barakaldoko BECen (Bizkaia), Abian zurekin goiburutzat hartuta, eta, txosten politikorik eztabaidatu ez duten arren, Gaurko egoeraren diagnostikoa, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko izeneko agiri bat aurkeztu dute, datozen hilabeteetan jeltzaleek abiarazi nahi duten «entzute aktiboko» prozesuaren oinarri izango dena.

COVID-19aren osteko «mundu berria» zertan den eta egoera berri horrek euskal gizarteari nolako erronkak planteatzen dizkion azaltzea da dokumentu horren xedea. EAJko kide ez diren hainbat aditurekin elkartu dira txostena egiteko, eta haien ekarpenak jaso dituzte datozen hilabeteetan gizarteari aurkeztuko dioten agiri horretan.

Batez ere, klima aldaketaren kontrako borroka, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, demografia eta jaiotze tasen apaltzea, kalitatezko zerbitzu sozialei eustea, digitalizazioa, euskara eta «gero eta askotarikoagoa den gizarteari bultzada ematea» dira erronka horiek, BBB Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxak esan duenez.

Autogobernua ere aipatzen da agirian, eta hura eguneratzeko prozesuak «Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzera zuzenduta» egon behar duela azaltzen da, «euskal herritarrek askatasunez eta demokratikoki adierazitako borondateari bide emanez». «Bere nortasuna eta izaera nazionala aitortuta, Euskal Herria da erabakitzeko eskubidearen eta eskubide hori baliatzeko erregulazioaren titularra», adierazten da dokumentuan; «Eskubide demokratikoa da, aitortu beharrekoa».

Gizartearekin konektatzea

Entzunez eraiki izango da entzute prozesuaren leloa, eta horren helburua da «EAJ berriro ere gizartearekin konektatzea, pandemiaren osteko egoera batean», EBBren Berrikuntza Politikoko burukide arduradun Xabier Barandiaranek azaldu duenez. «Gizartearekin harremana izateko eta herritarrei entzuteko prozesu bat izango da», adierazi du.

Prozesua urtarrilean abiatuko da, eta zortzi hilabete iraungo du. Euskal Herriko lurralde osoan egingo dute, eta hiru maila izango ditu: kontaktu batzuk EBBk egingo ditu, beste batzuk zazpi herrialdeetako bakoitzean, eta, azkenik, herrietan ere saioak antolatuko dira. Batez ere, lau gairen inguruan jaso nahi dituzte jeltzaleek ekarpenak: ongizate gizartea, lana eta ekonomia, 2030 Agenda eta jasangarritasuna, eta gobernantza eta demokrazian sakontzea.

Batzar Nagusian hartutako beste zenbait erabakiren berri eman du EBBko idazkari Mireia Zaratek. Horietako bat da alderdikide izan gabe alderdiarekin harremana izateko modu berri bat sortu izana. Bidelagunak izango dira horiek: haien lotura ez da ohiko militante batena izango, baina «harreman zuzena» izango dute alderdiarekin.

Harreman hori batez ere Zukesan izeneko aplikazio baten bidez gauzatuko da. Aplikazio horren bitartez, bidelagunak zuzenean mintzatu ahalko dira EAJren burukideekin, galderak egin eta erantzunak jasoko dituzte, alderdiaren informazioa bidaliko diete, ekitaldien berri izango dute, eta alderdiak zenbait gairen inguruan antolatutako inkestetan ere parte hartu ahal izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.