Atxiloketak

«Borroka ziklo berri bat» dagoela esan dute Zelaiak eta Barbadok

Atxilotu aurreko bideo batean, adierazi dute beren kontrako prozesua «herri oso baten kontrako erasoa» dela. Borrokari «esparru guztietatik» ekin behar zaio Euskal Herriak «aurrera» egin dezan.

Galder Barbado eta Aitor Zelaia, larunbatean, atxilotu aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko urriaren 2a
11:47
Entzun

Herenegun atxilotu zituzten Aitor Zelaia eta Galder Barbado, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako launa urteko kartzela zigorra betearazteko. Irail erdialdean jaso zuten espetxeratze agindua; borondatezko hamar eguneko epea amaituta, Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindua eman zuen Zelaiaren eta Barbadoren aurka. Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian agertu ziren biak larunbatean. Ehunka ertzain zeuden Leizaola plazan; bi gazteak balkoira irten eta ordubete geroago, ertzainak eraikinean sartu ziren, eta atxilotu egin zituzten.

Naiz.eus-ek Zelaiaren eta Barbadoren bideo bat argitaratu zuen atzo, biak atxilotu aurretik grabatutakoa. «Borroka kate baten bi katebegi besterik ez gara», adierazi zuten, eta horretan jarraitzeko konpromisoa erakutsi: «Orain, borroka ziklo berri batean kokatzen da gure herria. Borrokari esparru guztietatik ekin behar diogu Euskal Herriak aurrera egin dezan».

2019ko otsailean atxilotu zituzten bi gazteak; handik urte erdira utzi zituzten aske, bermea ordainarazita. Madrilgo Sotoko espetxean eta Zaragozan igaro zuten espetxealdia. Ordutik hona emandako babesa eta haien aurkako prozesua salatzeko izandako ekinaldi guztiak eskertu dituzte Zelaiak eta Barbadok bideoan: «Argi geratu da hemen herri duin bat dagoela, bere jendea zaintzen duen herri bat». «Hau ez da gu bion kontrako erasoa», esan dute argi, «herri oso baten kontrako erasoa baizik».

Larunbatean, babesa erakutsi zieten Zelaiari eta Barbadori Leizaola plazan ziren batzuek, eta, gero, erantzuna izan zuten atxiloketek: milaka lagunek manifestazioa egin zuten Artiumetik Foru plazaraino, Euskal Herriak aurrera lelopean. Ankerkeria Stop plataformak galdegin zuen atzean uztea «Ertzaintzaren eta Auzitegi Nazionalaren pertsekuzioa», «auzoz auzoko eta herriz herriko» borrokaren bitartez. Lehenbizikoz atxilotu zituztenetik bi gazteen konpromiso politikoa zigortzeko asmotan dabiltzala azpimarratu zuen plataformak. Dena dela, erresistentziarako jarrera erakutsi zuten manifestazioan: «Berriro ere galdu egin dute herri hau kartzelan itotzea nahi dutenek».

Lau urte baino gehiago

Duela lau urte pasatxo hasi zen Zelaiaren eta Barbadoren aurkako prozesua. Ertzaintzak 2019ko otsailean atxilotu zituen bi gazteak, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epaileak aginduta.

Biei leporatu zieten Ertzaintzak hilabete batzuk lehenago Duran (Arrantzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako lehergailu materialaren erantzuleak izatea eta, beraz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea». Ia urte eta erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, 2019tik 2020ra, epaiketaren zain.

Epaiketa amaituta, launa urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak 2021ean. Helegitea aurkeztu zuten ebazpenaren aurka, baina aurtengo maiatzean Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen lehen epaia. Hala, aurreko astean espetxeratzeko agindua eman zieten bi gazteei. Epaiaren eta espetxeratzeko aginduaren kontrako hainbat protesta egin dira azken urteetan, eta horiek areagotu egin dira azken egunetan. Gazteen babeserako Ankerkeriari Stop taldeak salatu izan du «Ertzaintzak kozinatutako prozesua» izan dela Barbadoren eta Zelaiaren aurkakoa.

Irailaren 18an, gazteen aldeko elkartasun martxetan ehunka lagun bildu ziren Agurainen, Amurrion eta Gasteizen, Ankerkeriari Stop plataformak deituta. Eta irailaren 22an Ernaik protesta egin zuen Bilbon eta Gasteizen. Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan eta Ertzaintzaren Gasteizko egoitzan kateatu ziren hainbat gazte. Hiru pertsona atxilotu zituzten, eta ehun pertsona baino gehiago identifikatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.