Memoria

«Biktimen lepotik bizitzeari» uzteko eskatu dio PPri Iruretagoienaren semeak

Atzo PPk Zarauzko hilerrian eginiko ekitaldia kritikatu du Mikel Iruretagoienak, ETAk 1998. urtean hildako zinegotziaren semeak, eta nabarmendu du senide bakar bat ere ez zela joan horretara. 

Carlos Iturgaitz PPk EAEn duen bozeramaileak adierazpenak egiten atzo, Zarauzko hilerrian. JUAN HERRERO / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 10a
15:05
Entzun

Pablo Casado PPko presidenteak txio bat argitaratu zuen atzo gogoratzeko duela 23 urte bere alderdiak Zarautzen (Gipuzkoa) zuen zinegotzia hil zuela ETAk: Jose Ignacio Iruretagoiena. «Biktimak beti egongo dira geure memorian», idatzi zuen Casadok: «Eta gaitzetsi egiten dugu [Espainiako] Gobernuak itunak egitea aste honetan terroristak kartzelan bisitatu eta 'erregimena eraistearekin' mehatxu egiten dutenekin». Txioan argazki bat argitaratu zuen buruzagi popularrak; horretan, besteak beste Iruretagoiena agertzen da, haur batekin.

«Bai, Casado jauna: neu naiz argazki horretan agertzen den umea», erantzun dio Mikel Iruretagoiena hildako zinegotziaren semeak, beste txio baten bitartez. «Esan nahi nizun oso polita geratu zaizuela gaur [atzo] nire aitari eginiko omenaldia. Horren polita non geure familiako kide bakar batek ere ez duen parte hartu ekitaldian». Ironia kutsuarekin jarraitu du Iruretagoienak beste txio batean, eta biktimen familiekin horrela jokatzen jarraitzeko esaten dio PPko buruari, «primeran» ibiliko direlakoan. «Utzi biktimen lepotik bizitzeari; bada garaia zuen politika beste zeozertan oinarritzeko, geure hildakoetan barik. Utzi neure aita bakean, mesedez».

PPko hainbat buruzagi elkartu ziren atzo hilerrian eginiko ekitaldian: Carlos Iturgaiz, Laura Garrido, Jose Luis Arrue eta Borja Corominas tartean. Iturgaizek omenaldia erabili zuen euskal presoen alde Sarek atzo antolaturiko manifestazioak salatzeko. «Hiltzaileen, borreroen, desagerrarazi nahi gintuztenen alde manifestatzen diren berak dira indarkeria txalotu eta justifikatzen dutenak. Bildu deitzen da; lehen, Batasuna, eta horiek dira 20 urteren ondoren gertatutako hura justifikatzen jarraitzen duten etazaleak».

Harago joan zen politikaria: EH Bildu, Unidas Podemos eta PSOE alderdiak ere hartu zituen jomugan. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak EH Bildurekin «itun lotsagarria» egin duela esan zuen. «Ezkerreko fronte honek prebendak ematen dizkie ETA justifikatzen dutenei, ETA gaitzesten ez dutenei eta gaur ETAko kriminalen alde manifestatuko direnei. Hori da errealitatea».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.