Eusko Legebiltzarra

«Betikoa egiteko bada», EH Bilduk ez ditu babestuko Jaurlaritzaren aurrekontuak

Maddalen Iriarte koalizio abertzalearen bozeramaileak esan du pandemia egoera betean dirua ezin dela orain arte moduan inbertitu. Urkulluk, bestalde, Elkarrekin-Podemosi eskua luzatu dio legebiltzarrean, iragan aurrekontuak babestu zituen moduan aurtengoak ere babes ditzan.

Iriarte eta Urkullu, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
2020ko azaroaren 13a
10:36
Entzun

Gobernuak aurrekontuen negoziazio betean sartuta daude. Eusko Jaurlaritzak aise aterako ditu bereak aurrera EAJren eta PSE-EEren gehiengoarekin, baina Jaurlaritzatik azaldu dute aurrekontuen gaineko «akordio zabala» lortzea dela euren asmoa. Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak gaur adierazi du «lehengoari eusteko bada» EH Bildu ez dela egongo aurrekontuen akordioan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileari luzatu dio eskua, aurreko legealdian egin zuten moduan oraingoan ere aurrekontuak babes ditzan.

EH Bilduk uste du koronabirusak eragindako egoera batean ezin direla orain arteko formulak baliatu aurrekontuak egiteko: «Betikoa egiteak betiko lekura eramango gaitu». EH Bilduk beste leku batera joan nahi duela azaldu du, «herritarrak erdigunean jarri eta babesteko».

Uste du herria ataka larrian dagoela, eta ataka horretatik beharrezkoak diren inbertsio publikoak eginez atera ahal izango dela. «Ezin da betiko lekuetan eta beti bezala inbertitu diru publikoa», azpimarratu du Iriartek. Hortaz, diru publikoa herritarren gehiengoaren interesak babestera bideratu behar dela nabarmendu du. «Hori da gure lehentasun politikoa eta hori da beti defendatu duguna, aurrekontuen gaineko eztabaidan ere bai».

Iriartek EH Bilduk antolatu dituen nazioarteko jardunaldi batzuen sarreran egin ditu adierazpenok. Klima larrialdiari erantzuteko online jardunaldiak ondo ditu koalizioak.

Miren Gorrotxategik Eusko Legebiltzarreko kontrol saio batean egindako galderari erantzunez, berriz, Iñigo Urkulluk Elkarrekin-Podemosi eskaini dio jarraipena ematea aurreko legealdian lortutako aurrekontu akordioari. Gorrotxategik galdetu dio ea zer aukera ikusten duen Jaurlaritzak «zaintzaren krisia eta bizitza duina bermatzeko» iragan astean Podemosek egindako proposamena onartzeko. Urkulluk erantzun dio badagoela aurrekontu bat Podemosek babestutakoa, zeinetan «489 milioi gehiago txertatu diren osasunean, 138 hezkuntzan eta 107 babes sozialean». Urkulluk eskua luzatu dio jarraipena ematera hurrengo legealdian ere: «Aurrekontu sozial eta eraginkor bati jarraipena emateko aukera daukagu. Lau eurotik hiru politika sozialetara eta gehien behar duten pertsonetara bideratuta dago. Berresten dugu gure eskaintza ireki eta leiala aurrekontuetarako akordioari jarraipena emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.