ALDERDIAK

«Agenda nazional bat ehuntzera» deitu du EH Bilduk

Datozen urteetarako egitasmo politikoa aurkeztu du indar subiranistak; bost herri erronka definitu ditu, «proiektu nazional demokratiko bat» eraikitzeko.

Arnaldo Otegi, Aizpea Otaegi eta Pello Otxandiano. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2022ko martxoaren 30a
19:30
Entzun

«Proiektu nazional demokratiko bat, giza garapen iraunkorrean oinarritutakoa eta komunitate kohesionatu bat eraikiko duena, berdintasunaren, justizia sozialaren eta ingurumenaren zaintzaren gainean eraikia». EH Bilduk horrela laburtu du indar subiranistaren datozen urteetako egitasmo politikoa izango dena. Izan ere, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariaren hitzetan, «proiektu nazionala gaurkotzeko» garaia da: «Kontua ez da errezetak ematea, agenda nazional bat ehuntzea baizik».

Euskal eredua izeneko ekitaldia egin du EH Bilduk Bilboko Euskalduna jauregian, indar subiranistaren etorkizuneko ildo politikoa aurkezteko. Ekitaldian, Otxandianok bost «herri erronka» identifikatu ditu. Batetik, «burujabetza estrategikoa» indartzea: «Buruaskiago izatea oinarrizko prozesu sozioekonomikoetan, fenomeno globalen aurrean erresilientzia irabazteko». Bestetik, «ongizate egiturak» eraldatzea, besteak beste, «osasun sistema publikoa bermatuz», gizarte zerbitzuak zaintza sistema «publiko komunitario» baterantz eraldatuz eta enplegu politikak «birdiseinatuz». Era berean, beharrezko jo du «euskal hezkuntza sistema publiko burujaberantz urrats kualitatiboak» egitea eta «identitate komunitarioa» sendotzea, tartean «euskal komunikazio esparru» bat artikulatuta. Azkenik, «segurtasun eredu propioa» garatu nahi du EH Bilduk, iritzita «ongizatea eta egonkortasuna mehatxatu dezaketen faktoreak ugariak” izango direla datozen urteetan.

Diagnostiko batetik abiatu da Otxandiano: «Botilak zuloa du». Haren hitzetan, «geldialdi» bat bizi du Euskal Herriak: «Berdintasun, ongizate eta garapen adierazleek erakusten dute gure metabolismo komunitarioa ahuldu dela, eta horrek bidegurutze historiko batean kokatzen gaitu». Geldialdi horretan, EH Bilduk uste du ez dela «etorkizuna prestatu» eta «euskal eredua galdu» dela: «Mundua euskal prisma batetik interpretatzeari utzi diogu, gure intuizio komunitarioa alboratu dugu». Horiek horrela, «erronka konplexuei» aurre egin eta «herri gisa bidea egiten» jarraitzeko, estatus politiko berri baten beharra nabarmendu du Otxandianok: «Burujabetzari uko egitea, besteak beste, aro aldaketa honek eskatzen dituen politika publikoak garatzeari uko egitea baita».

Orain, EH bilduk «nazio elkarrizketa zabal eta sakon bat sustatzera bideratuko du bere gaitasun politikoa», eta herenegun eginiko diagnostikoa partekatuko du eragileekin datozen hilabete eta urteetan.

Indar subiranistako udal ordezkari ugarik hartu dute parte ekitaldian, eta hitza hartu du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak. «Udalgintza herrigile» gisa definitu zuen EH Bilduren udal jarduera, eta gaineratu eredu hori lau zutabetan oinarritzen dela: herritarrekin eta eragileekin «harremanak indartzea eta elkarlanean jarduteko espazioak zabaltzea», herritarren proposamenei bide emateko baldintzak ahalbidetzea, «kohesioa lantzea” eta desberdinekin lan egitea».

Amaierako hitzartzean, «euskal eskalari» balioa eman dio Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: «Euskaldunok ez ditugu soluzio guztiak, baina ziurra da gizateriak dituen arazo bakoitzeko, badagoela euskal baloreetan, euskal eskalan oinarritutako soluziobide bat». Konponbide horiek osatzeko, EH Bildurena «eskaintza kolektibo baterako deiadarra» da, Otegiren arabera: «Herri proiektu bat martxan jarri behar da, borondate kolektibo bat artikulatu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.