Terminaleko ikasleak baxoa frantsesez egiten ari direla, ikasturteko bilana egiteko parada hartu du Biga Bai eskola publiko elebidunetako gurasoen elkarteak. Eta sentipen gazi-gozoak erakutsi dituzte, oro har, urteari begiratuta. Gaziak, kolegio eta lizeoetan eredu elebidunak dituen zailtasun engatik eta ezagupen eskasiagatik, kolegioen erreforma tarteko. Eta gozoak, berriz, lehen mailan —eta bereziki ama eskoletan— lortzen ari diren garapena dela eta.
Hain zuzen, azken urteotan murgiltze ereduaren esperimentazioa «geldirik» egon den arren, berriro ari da aitzina Lapurdin, Biga Bai-ko kideek atzo Baionan azaldu zutenez. 2014ko irailean, erraterako, Getariako eta Larresoroko eskoletan abiatu zuten euskara hutsean irakastearen saialdia. Emaitza onak lortu dituztela uste dute, eta heldu den ikasturtekoa dute horren erakusgarri. Hain justu, Jatsu, Azkaine, Arbona eta Donibane Lohizuneko Urdazuriko ama eskola publikoetan ere ezarriko dute murgiltze eredua irailetik aitzina.
Biga Bai-ko kideek adierazi dutenez, gainera, Frantziako Hezkuntza Nazionala ere kontent da eredu horrek eskola publikoetan lorturiko «arrakasta pedagogikoagatik». Eta gurasoak ere alde daude, gero eta gehiago. Aldiz, irakasle postuak dituzte eskas, Marie Andree Ouret elkarteko lehendakariak ohartarazi duenez: «Elebidun haur kopurua handitzen ari da, eta, murgiltzea ere hedatzen baldin bada, beharko dira gero eta gehiago, eta sentitzen dugu jada aski lan badela irakasleak lortzeko; biziki justu gara urte guziz». Horrek arazoak dakartza, erraterako, euskarazko irakasleen ordezkapenak egiterakoan. Frantziari galdegin diote eskaeraren araberako «inplikazioa» izan dezala.
Erreforma, kezka iturri
Lehen mailan lorturiko aitzinamenduak gibelapen izan daitezke bigarrenean, dena den. Izan ere, kolegioen erreformak eredu elebidunari kalte eginen ez ote dion beldur dira Biga Bai-ko kideak. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriko kolegio elebidun guziei gutun bat igorri diete haien kezka azaltzeko. Bestalde, azterketa ofizial eta ikasketa prozesu guzian, oro har, euskarak ezagupen handiagoa izatea nahiko lukete elkarteko kideek. Euskara irakasgaiak programa ofiziala izatea eta ikasleen hizkuntza maila egiaztatzea galdegin dituzte horretarako. Euskarazko irakasgai gehiago ere bai.
Lapurdiko eskola publikoetan hedatzen ari da murgiltze eredua
Lau ama eskola gehiagotan irakatsiko dute euskara hutsean heldu den ikasturtetik aitzina.Irakasleen beharra ere gero eta handiagoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu