Tratatu gabeko hondakinak Zaldibarko zabortegira (Bizkaia) eramateagatik zigortu dituzte Lapurdiko bi enpresa. Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isun bat ordaindu beharko du, eta CBA Artola enpresak, 100.000 euroko beste isun bat. Baionako Auzitegiak eman du sententzia, gaur.
CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeak eraman zituen bi enpresak auzitara, eta joan den azaroan egin zen epaiketa. 22.000 tona hondakin legez kanpo eraman zituzten bi enpresen artean Zaldibarrera. Epaiketan, prokuradoreak adierazi zuen dirua aurrezteko asmo hutsarekin bidali zituztela hondakinak Zaldibarrera, egiten ari zirenaren jakinaren gainean.
Bi enpresen jabeek ukatu egin zuten, eta ziurtatu zuten uste zutela hondakin horiek balorizatzera bidaltzen zituztela. Epaiketan, baina, erruduntzat jo zituzten; birziklatzeko modukoak ziren hondakinak zabortegira isurtzea eta hondakinak «Frantziatik Espainiara» baimenik gabe garraiatzea egotzi zieten, eta, gaur, zigorren berri eman du epaitegiak. Ingurumen auziak epaitzeko Baionako Auzitegia 2021ean sortu zuten.
Etcheverry-Mindurri enpresak Basusarrin du egoitza, eta 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du —diru horietatik 50.000 euro gibelatzeko aukerarekin—. Delituaren bidez irabazitako 110.000 euroak itzuli beharko ditu, bestalde.
CBA Artola enpresak, berriz, Donibane Lohizunen du egoitza, eta 100. euroko isuna ezarri diote —50.000 euro gibelatzeko aukerarekin—. Delituaren bidez irabazitako 210.000 euro itzuli beharko ditu, gainera.
CADE elkarteari ordaindu beharko dizkiote epaiketaren kostuak (21.000 euro), eta, horrez gain, egunkari batean argitaratu beharko dute agiri bat.
Joan den astean, bestalde, Efe berri agentziak jakitera eman zuen Irunen (Gipuzkoa) poliziak kamioiei egindako kontroletan modu ilegalean garraiatutako hondakinak atzematen dituztela. Zehazki, hiru kamioitik batean era horretako hondakinak atzeman dituzte, kontrolak eginda.