Atentatua Parisen

Lapurdi eta Gipuzkoa artean kontrolak, baina ilara handirik gabe

Frantziak mugak ixteko erabakia hartu arren, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga irekita dago, nahiz eta kontrolak egon. Parisen izandako atentatuen ondorioz, mugak ixtea erabaki zuen atzo François Hollande Frantziako presidenteak.

Frantziak segurtasuna "maila gorenean" ezarri du. JAVIER ETXEZARRETA/ EFE
Nagore Rodriguez.
2015eko azaroaren 14a
15:17
Entzun

Gaur goizean Lapurdi eta Gipuzkoa artean hainbat kontrol jarriak ditu Frantziako Poliziak Lapurdira sartzeko, baina normaltasunez ari dira autoak igarotzen. Behobiako zubian dago kontrol handiena, Frantziako Polizia Urruñako Pausura (Lapurdi) sartzeko autoak kontrolatzen ari da. Gainera, beste norabidean, Guardia Zibilak du kontrola ezarria, Irunera sartzen diren autoak kontrolatuz.

Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago zubian,  kontrola jarria du  Frantziako Poliziak Hendaiara igarotzeko, auto bakarra eta hainbat polizia daude, baina ilara handirik ez da sortu. Antzeko egoera dago Biriatuko pasabidean, Irunerako noranzkoan auto batzuk kontrolatzen ari da Frantziako Polizia, baina ez dago auto pilaketarik Biriatuko ordainlekuan.

Hendaiako SNCF trenen geltokian, giro lasaia dago. Geltokian bertan adierazi dutenez, arazorik gabe ateratzen ari dira Parisera doazen trenak, eta Poliziaren kontrolik ez dago. Euskotreneko geltokian, aldiz, hainbat bidaiari kontrolatzen ari da Frantziako Polizia.

 

Elkarretaratzeak Baiona, Miarritze eta Angelun

Baionako geltokian ere deus berezirik goiz honetan. Baita ondoan dagoen Sinagogan. Joan den urtarrilaren 7 eta 9an Parisen iragan  atentatuen ondotik militarrak jarri zituzten bertan, baita aitzineko aparkalekuak autoei debekatu. Geroztik militarrik ez dago. Baina aitzineko aparkalekuak hetsirik segitzen dute.

Gaur iragaitekoak ziren ekimenen aldetik, berriz, zenbait bertan behera utzi dituzte. Miarritzeko Atabal kontzertu gelakoak, adibidez. Bere 10 urteen ospatzeko antolatu gaualdia deuseztarazi du Herriko Etxeak.  San Martin bestaren karietara antolatu hitzorduak ere deuseztatu ditu.
Baionan, berriz, ez dute deus bertan behera utzi. Kirol hitzorduak, adibidez, iragaitekoak dira.

Miarritze, Angelu eta Baionan, hiru hiriburuetan elkarretaratzeak antolatu dituzte. Hiruak 17:00etan. Hiruak ez ditu debekarazi Pirinio Atlantikoetako prefeta den Pierre Andre Durand-k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.