Lan munduan, administrazio publikoan eta eremu sozioekonomikoan, esperientzia ugari egin dira hizkuntza ohiturak aldatzen ahalegintzeko. Aldahitz ikerketan oinarritutako metodologiek ematen dituzten irizpideak oinarri hartuta egin dira horietako asko. Euskararen erabilera sustatzea da helburu behinenetako bat, eta lan mundua euskaldunduz joatea. Propio Osakidetzan egin ziren Aldahitz ikerketaren inguruko hainbat «esperientzia pilotu» 2017an, emaitza onak izan zituzten, eta geroztik, han ikasitako estrategiak ere erabili dituzte. Jarduteko espazio ona dela azaldu du Osakidetzako euskararen normalizaziorako teknikari Ainara Ibañezek. «Izan ere, ezagutza gero eta handiagoa da, baina erabiltzea kosta egiten zaigu: gizartean gertatzen den bezala».
2023an, Osakidetzako zerbitzu erakunde guztiei egin zieten dinamika horietan murgiltzeko eskaintza, eta gehienetan dinamika horiek martxan jartzea lortu dute ordutik: lehenengo urtean 28 talde profesional murgildu ziren egitasmoan, eta beste horrenbeste iaz. Ehunka langile izan ziren guztira. Eta aurten ere martxan da. Eusle dinamikan ari dira, bereziki. «Eta aldaera bat ere sortu zen: biko eusle. Talde txikietan egiteko da». Bikoteka egiteko erabiltzen dute, esate baterako, egunerokoan batera aritzen diren mediku eta erizainen arteko hizkuntza ohituretan eragiteko.
Ikasbideak ateratzen ari dira: «Arrakastarako gakoetako bat zera da, borondatezkoa dela; zerbitzu erakunde bakoitzeko euskara teknikariek aukeratzen dituzte egokiak izan daitezkeen taldeak, baldintzak betetzen dituzten taldeak, baina aurkezpen bat egiten dugu eta galdetzen diegu ea benetan parte hartu nahi duten. Borondatezkoak dira, taldean adostutakoak, eta oraingoz oso harrera ona izan dute dinamika horiek». Sumatu egiten da askotan bulegoetan, korridoreetan, Euslek emandako irizpideen arabera ari diren taldeen jarduna. «Lankideak entzuten ditugu, eta ohartzen gara askoz ere gehiago hitz egiten dutela euskaraz».
Neurtu egiten dute Eusle dinamikan murgilduta dagoen talde bakoitzaren hizkuntzaren erabilera: «Mintzagramak erabiltzen ditugu horretarako». Eta emaitzak oso onak direla esan du Ibañezek: «Kasuen %99an euskararen erabilerak gora egiten du, nabarmen». Dinamika martxan dagoenean egiten du gora, eta, handik bolada batera neurtuta ere, nabarmena da eragina. Hortik ondorioa: «Horrelako tresnak oso lagungarriak dira».
«Borondatezkoak dira, taldean adostutakoak, eta oraingoz oso harrera ona izan dute dinamika horiek»
AINARA IBAÑEZEuskararen normalizaziorako teknikaria Osakidetzan
Horregatik, aurrerantzean ere lanketa horri eutsi nahi diote, dinamika horiek ahalik eta gehien zabaltzeko. Zailtasunak ere badira, hala ere. Langileen mugikortasun handiaren ondorioz, adibidez, taldeak askotan ez dira egonkorrak Osakidetzan, txandakako lanaldiak ere asko izaten dira, eta horrek guztiak zaildu egiten du bidea. Horregatik, propio, estrategiak «malgutzeko» ahalegina egin behar izaten dute sarritan, osasun sistemak berezkoak dituen jardunbideetara egokitzeko.
Alor pribatuan ere bai
Eremu pribatuan ere badira esperientziak. Inaxio Usarralde aholkularia da Emunen, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak koordinatu ditu hainbat enpresatan. Horra Eusle dinamika horra nola ezartzen duten. Baga: enpresetako euskara batzordeen laguntzaz, lanerako gune egokiak zein izan daitezkeen atzemateko ahalegina egiten da aurrena, baldintza egokien bila. «Denek izan behar dute gai ulertzeko, eta gehienek, euskara erabiltzeko». Biga: behin gune egokiak identifikatuta, deialdia egiten da, esperientzia aurkezteko, eta horren inguruko adostasuna lortzeko. «Komeni da gehienek bat egitea dinamikarekin. Gehiengoak bultzatutako testuinguru batean egin behar da». %80k-edo bat egitea izaten da xedea. Higa: eusleak izendatzen dira. «Horien funtzioa zera da, edozein elkarrizketatan beti euskaraz egitea gune horretarako kideekin dituzten harremanetan».
«Oso esperimentu zaurgarria da, eta lan eremua askotan ez da batere egonkorra»
INAXIO USARRALDEEmuneko aholkularia
Behin martxan jarrita, etengabe gogorarazten zaie dinamika parte hartzaileei, ariketan sartuta daudela ahantz ez dezaten. Eta gertatzen ari dena neurtzen da. Lehen fase horretan, ikusten dira aldaketak: euskararen alde. Baina gogorarazpenak urritzen dituzten neurrian, «inertzia» gailentzen da zenbaitetan, eta erdarak tokia irabazten du. Lantaldeetan izaten diren aldaketak ere traba izaten dira askotan. «Oso esperimentu zaurgarria da, eta lan eremua askotan ez da batere egonkorra», azaldu du Usarraldek.
Ulerrizketak deitutako dinamika ere probatua da Usarralde, eta emaitza onak eman ditzakeela egiaztatua du. Ulertzaileak eta mintzatzaileak murgiltzen dituzte dinamika horretan. Lehenek B1 mailatik gorako ezagutza izan behar dute; besteek, euskaraz aritzeko joritasuna. Hor trebakuntza bat behar izaten da hizkuntza ohiturak aldatzeko: «Entrenamendu bat». Eta gertatzen denaren jarraipen gertukoa.
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago