Lantaronen 35.500 eguzki plaka jartzeari oniritzia eman dio Jaurlaritzak

Lau eguzki parke eraikiko ditu FV Comunion enpresak. Ingurumen txostenaren arabera, proiektuak kalte «txikiak» eraginen ditu

Arabako Erriberabeitia herriko eguzki parkea. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Siliziozko alfonbra bat, Arabako mendebaldeko landa eremuan. Lantaronen (Araba) eraiki nahi duten eguzki energiako proiektuko parke fotovoltaikoari oniritzia eman zion atzo Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 35.500 eguzki plaka edukiko ditu FV Comunion enpresak Komunioi auzoan egin nahi duen proiektuak. Proiektuak lau parke ditu: horietatik txikienak ia 4.400 eguzki plaka edukiko ditu, eta gainerako hirurek, 10.400na panel. Hiru parke handi horietako bakoitzak 4,995 megawatteko potentzia instalatua izango du, eta besteek, 2,1 megawattekoa.

Eusko Jaurlaritzak ekainean eta uztailean eman zituen aldeko txostenak, ingurumen inpaktuaren ingurukoak. Jaurlaritzak igorritako txostenaren arabera, instalazio horrek kalte «txikiak» eragingo ditu ingurumenean. Halere, enpresak zenbait zuzenketa egin behar izan zituen inpaktua apaltzeko.

EAEko aldizkari ofizialean atzo argitaratutakoaren arabera, lau eguzki parke horiek martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da. Jaurlaritzak ohartarazi du epe hori igaro eta instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu ez bada iraungitzat joko dela eraikitzeko baimena. Hilabeteko epea dago ebazpenaren aurkako errekurtsoa aurkezteko.

Panelen «kolonizazioa»

Eguzki parkeen auziak hautsak harrotu ditu Araban azkenaldian. Hilabete honen hasieran, esate baterako, Arratzua-Ubarrundia udalerriko 1.100 hektareatan bi makrozentral fotovoltaiko ezartzeko planaren aurka azaldu zen UAGA Arabako Nekazarien Elkartea.

Duranan, Zurbaon, Arroiaben, Uribarri Ganboan, Arzubiagan eta Uribarri Arratzuan jarri nahi dituzte eguzki energiarako zentralak. Horregatik, «kolonizazio mehatxua» salatu zutenUAGAko kideek, nekazaritzarako lurrak «okupatu» nahi dituztela argudiatuta.

Nekazariek azaldu zuten erakunde nagusiek herri txikiak «abandonatuta» utzi dituztela zentralak eraiki nahi dituzten enpresen aurrean, konpainia horiek «tresna mugagabeak» dituztelako, eta nahierara erabiltzen dituztelako bere helburua lortzeko. UAGAk iragarri du alegazio teknikoak eginen dizkiola proiektuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.