Lansari emendaketa eta irakasle postu gehiago eskatu dituzte hezkuntzako sindikatuek

850 pertsonak manifestazioa egin dute Baionan, Frantziako Hezkuntza Ministerioari baliabide gehiago eskatzeko.

(ID_13554092) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Hezkuntzako sindikatuen greba eta mobilizazio eguna, Baiona, 2024ko otsailak 1an
Aldarrikapen andana plazaratu dute hezkuntzako eragileek. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko otsailaren 1a
12:16
Entzun

Hezkuntzako sindikatuek greba eta mobilizazio eguna antolatu dute egunerokoan pairatzen duten baliabide falta salatzeko. Manifestazioa egin dute Baionan, FSU, FO, CGT, SUD, SGEN eta UNSA sindikatuek antolatuta; LABek ere parte hartu du. 850 pertsona elkartu dira, eta hainbat ikastetxeren itzulia egin dute, eskola publikoarentzat diru gehiago behar dela aldarrikatzeko. «Eskolak funtziona dezan, austeritate neurri neoliberalak gelditu behar dira, eta urtez urte oroitarazten ditugun beharrak kontuan hartu behar dira», aldarrikatu dute manifestazioa abiatu aitzin irakurri duten agiri bateratuan. Bordeleko akademiaren datuen arabera, langileen %20k parte hartu dute greban; Ipar Euskal Herrian hainbat eskola itxiak dira. 

Pertsonal eskasia salatu dute lehenik. Irakasle postu gehiago nahi dituzte, baina hezkuntzako gainerako lanetan ere ikusten dute beharra: irakasle laguntzaileak, behar bereziren bat edota elbarritasunen bat duten haurren laguntzaileak, eskoletako erizainak eta sendagileak, psikologoak, gizarte laguntzaileak, agente administratiboak... «behar bezala ordainduak eta behar den kopuruan, gure ikasleen hezkuntza, ordezkapenak, zaintza eta ikasleen osasuna eta segurtasuna bermatzeko». Sindikatuen hitzetan, kontrakoa gertatu da azken urteetan, lanpostuak kendu baititu Frantziako Hezkuntza Ministerioak.

Lansarien emendatzea da beste eskaera nagusia: berehala %10 emendatzea, eta azken hogei urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko plan bat eskatu dute. Katti Petrissans FSU-SNUIPP sindikatuko kidearen hitzetan, Europa mailan lansari apalenetakoa dute Frantziako Estatuko irakasleek. Horrek eragina du irakaskuntzaren bidea hautatzen dutenen kopuruan ere. Datu bat eman dute sindikatuek: 2024an eskoletako irakasle izateko azterketetara aurkeztu direnak 2019an baino %24 gutxiago izanen dira. Bigarren Mailako ikastetxeetan, %38 gutxiago. Irakasleen eskasia horrek egunerokoan eragin handia duela deitoratu dute. 

Azkenik, ikasgeletako ikasle kopurua apaltzeko eskaera ere egin dute sindikatuek. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean (ELGA) parte hartzen duten herrialdeetako batez besteko heina errespetatzea nahi lukete: hogei ikasle baino gutxiago Lehen Mailan, hogei ikasle kolegioetan, eta 25 ikasle gehienez lizeoetan. «Ikastetxeak dituzten beharren arabera hornitu behar dira». 

Ikasle elbarriak

Azken urteetan Frantziako Gobernuak inklusioari begira hartu dituen neurriak kritikatu dituzte hezkuntzako sindikatuek. Izan ere, ikasle elbarriak beste haurrekin batera eskolatzea bultzatu dute, baina horretarako baliabiderik eman gabe. «Irakaskuntza berezitua eta egitura mediko-sozialak defendatu behar dira», aldarrikatu dute. Horrez gain, ikasle elbarriez arduratzen diren AESH laguntzaileek «zinezko estatusa eta lansaria» izan behar dutela erran dute. «Baliabiderik gabeko inklusio sistematikoak ez du funtzionatzen. Okerrago, hezkuntza komunitate osoaren lan eta ikaskuntza baldintzak higatzen ditu. Onartezin da ikasle elbarrien bizkar ekonomiak egitea». 

Beste bi aldarrikapen ere egin dituzte: SNU lizeoko ikasleek egin beharko duten zerbitzu militarra kentzeko eskatu dute, «eskola ez baita armada», eta Parcoursup sistemaren ordez ohiko baxoko azterketara itzultzeko eskatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.