Lanpostu publikoei eustea adostu dute Hezkuntza Sailak eta LABek

Hezkuntzako mahai sindikalean itundutakoa mahai sektorialetan jarraituko dute negoziatzen

Garbiñe Aranburu, atzean Irati Tobar duela, atzo egindako prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak ontzat jo du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak mahai sindikal orokorrean egindako azken proposamena. «Hezkuntza Sailak heldu behar izan dio Hezkuntza Legea langileokin eraikitzeko eskaerari», adierazi zuen atzo LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk. Izan ere, akordioak, lan baldintzak jorratzeaz gain, hezkuntza ereduaren gaineko «oinarri batzuk» ere jaso ditu; hala nola euskalduntzearen, segregazioaren eta doakotasunaren ingurukoak. Orain, afera mahai sektorialetako negoziazioetan txertatuko da, itunak gauzatzeko asmoz.

Hezkuntza Sailaren proposamenak lau atal nagusitan banatu ditu neurriak. Lehen hirurek sare publikoko, azpikontratetako eta itundutako sareko langileei egiten diete erreferentzia, eta azkenak «hezkuntza ereduaren zehaztapenei». Lan baldintzen alorrean, sare publikoko lanpostu guztiei eusteko konpromisoa hartu du Hezkuntza Sailak. Hori da, LABeko hezkuntza arduradun Irati Tobarren esanetan, «eskola publikoa indartzeko neurririk potenteena».

Eusko Jaurlaritza prest dago lanpostuak eskaintzean irizpideak eta epeak adosteko —urtero egingo dira LEPak, hiru urteko zikloetan—, ordezkapenen kudeaketa sindikatuekin negoziatzeko, eta behin-behinekotasuna %5etik gorakoa ez izateko neurriak bermatuko lituzke. Era berean, adierazi dute hezkuntza laguntzaile espezialisten eta haur hezitzaileen soldatak «progresiboki» parekatuko direla; LABen arabera, horrek %10eko soldata igoera bat bermatuko lieke lehenei.

«Sektore feminizatu eta prekarizatuetan» ere egin du indarLABek elkarrizketetan, Tobarrek adierazi duenez, eta azaldu du sukaldari eta garbitzaileen lanaren «balio politiko, sozial eta ekonomikoa» aitortzeko neurriak hartuko direla. Besteak beste, Hezkuntza Sailak proposamenean txertatu du «plantillak esleitzeko irizpideak finkatzea» eta «enplegu plan bat egitea», baita 2024-2025 ikasturtean jangela ereduaren inguruko azterketa bat egitea ere, azpikontraten eredutik «langileen kudeaketa publikorako ereduetara» igarotzea aztertzeko.

Azpikontratei dagokienez, kontratatutako zerbitzuen «azterketa zehatza» egitea adostu dute aldeek, horretarako irizpideak aurten finkatuta. Gainera, prozesuan lehentasuna izango dute garbitzaileek, sukaldariek eta autobus gidariek.

Itunpekoen sarean, berriz, hizpide izan dute lan baldintzak arlo publikoko langileenekin parekatzeko aukera. Asmoa litzateke gaia datozen bi ikasturteetan aztertzea, eta hurrengo bietan gauzatzea, LABen arabera. Era berean, publifikazio prozesu bat egiten duten ikastetxeetan langileak subrogatzea adostu dute.

Gardentasun eskaera

Hezkuntza ereduari dagokionez, doakotasuna, segregazioa eta euskalduntzea dira mahai gainean jarri dituzten hiru gidalerroak. Lehenaren kasuan, ikastetxe guztiei urteroko kontuak «modu gardenean aurkeztea» exijituko zaie, eta Hezkuntza Sailak «berariazko administrazio unitate bat» ezarriko du doakotasuna bermatzen dela ziurtatzeko.

Hezkuntza Sailak hiruna konpromiso hartu ditu legeak ezarritako ikasleen euskara maila (B2) eta segregazioa gainditzea ziurtatzeko. Lehen kasuan, hizkuntza proiektuak garatzeko «aholkularitza, gidaritza, jarraipen eta ebaluazio» lanak bere gain hartzea proposatu du; langileek hizkuntza gaitasuna bermatzeko «etengabeko prestakuntza lerroak» garatzea; eta «hezkuntza komunitatearen parte diren familiei begirako euskalduntze programak» gauzatzea. Inklusioaren alorrean, berriz, «ikasleen banaketa orekatua» egiteko tresneria martxan jartzea, tokien eskaintza «benetako eskolatze premietara» egokitzea eta segregazioaren aurkako itun bat lortzeko lan egitea jasotzen dute testuan.

Lehen urratsa da akordioa, eta. orain, mahai sektorial bakoitzean martxan diren negoziazioei txertatu beharko zaizkie adostutakoak. «LAB bada nor» horietan, Aranbururen hitzetan, eta gogoratu du lehen indarra direla sektore publikoan eta ikastoletan.

LABekin batera, mahaian eseri dira Interinoak sindikatua —bat egin du akordioarekin— eta UGT —aztertzen ari da—; uko egin zioten, ordea, ELAk, CCOOk eta Steilasek. Jarrera «ulergaitza» haiena, LABeko buruaren ustez: «Adierazi genuen arduragabekeria bat iruditzen zitzaigula eztabaidari eta adostasunetarako aukerari bideak horrela ixtea».

Soldatak, bestela

Badira akordiotik kanpo geratu diren zenbait puntu ere. Aranburuk azaldu du hezkuntza publikoko soldaten gaia ez dela txertatu, argudiatuta elkarrizketa eremu zabalago batean kokatu behar dela: «Iruditzen zaigu funtzio publikoko langileei eragiten dien afera dela eta eremu osoan egin beharreko borroka dela».

Era berean, Hezkuntza Lege proiektuaren inguruko ekarpen gehiago egiteko asmoa adierazi du sindikatuak, eta ekainaren 7an izango dute horretarako beta, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Bertan, «hezkuntza sistema propioa izateko eskubidean» eta Euskal Herriko beste lurraldeekin izan beharreko harremanetan egingo du indar, eta euskal curriculumean «Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat hartzeko» eskatuko du. Horrekin batera, inklusioaren aldeko neurrien inplementazioa zehazteko eta eskola publikoa «erdigunean jartzeko» neurriak eskatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.