Lankidetzaren beharra berretsi dute euroeskualdearen buruek

Roussetek, Txibitek eta Urkulluk azpimarratu dute eskualdeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela Europako «ziurgabetasun» egoeran. Hiru proiektu aurkeztu dituzte

Alain Rousset, Maria Txibite eta Iñigo Urkullu, batzarraren ondorengo prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA/ FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
«Hainbertzeko populismoa eta bazterkeria dauden garaian, euroeskualdearen egitekoa ezinbertzekoa da». Argi aldarrikatu zuen Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen beharra Alain Roussetek, Akitania Berriko presidenteak, atzo goizean egindako bileran. Euroeskualdearen ezohiko batzarra egin zuten Iruñean, eta, Roussetekin batera, bertan izan ziren Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Erakundeko kargudun berriak izendatzeaz gain, erakundearen irudi eta webgune berria aurkeztu zituzten atzoko ezohiko batzarrean. POCTEFA programan (Espainia-Frantzia-Andorra mugako lurraldearen garapen iraunkorreko lankidetzarako programa) aukeratu dituzten hiru proiektuen berri ere eman zuten.

Batzarraren ondoren egindako prentsa agerraldian, hiru agintariek eskualdeen arteko lankidetzaren beharra azpimarratu zuten. Txibite Nafarroako Gobernuko presidente eta euroeskualdeko egungo lehendakariak berretsi egin zuen Nafarroak euroeskualdearekin duen konpromisoa, eta erantsi ezinbertzekoa dela eskualdeen arteko «lankidetza». Europan jarri zuen begirada: «Brexit-arekin eta harreman komertzialetan dagoen ziurgabetasun egoerarekin, elkarren artean aliantzak egiteko garaia da». Europa «elkartasun gunea» dela berretsi zuen.

Urkulluk ere bide beretik jo zuen, eta azpimarratu inoiz baino beharrezkoagoa izango dela mugaz gaindiko lankidetza, aurki brexit-a gerta litekeen honetan: «Nafarroaren, Akitania Berriaren eta Euskadiren helburua hiru eskualdeen artean elkarlana bultzatzea da. Ardatz atlantikoa indartu behar dugu etorkizuneko Europan». Adierazi zuen euroeskualdea anbizio handiko proiektu bat dela, eta helburua dela bertako biztanleen bizitza kalitatea hobetu eta mugak sor ditzakeen «oztopoak» saihestea.

Alain Roussetek ere bide beretik jo zuen, adierazita Euroeskualdea proiektu hagitz arrakastatsua dela: «Urte batzuetan izandako alternantzien ondotik,sekulako arrakasta da euroeskualdea osatu izana. Etorkizun bikaina aurreikusten diot erakundeari». Erakundearen erronkak hartu zituen mintzagai, eta adierazi zuen anitz duela egiteko klima larrialdiaren auzian. Erran zuen Nafarroa erreferente dela alor horretan. Hazkunde ekonomikoaz ere mintzatu zen, eta nabarmendu zuen hemendik aitzinera bertze parametro batzuetan neurtu beharko dela.

Bestalde, POCTEDFA programan euroeskualdeak onartu dituen hiru proiekturen berri eman zuten. Proiektuen helburuak dira mugaz gaindiko garraio eskaintza hobetzea, enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna bultzatzea eta mugaz gaindiko enplegua sustatzea formakuntza espezializatuaren bidez. Proiektuek 5,6 milioi euroko aurrekontua dute, eta 3,4 milioi jasoko dituzte Feder funtsetik.

Madrilen zain

Nafarroako eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak elkartzen diren aldi oro plazaratzen da abiadura handiko trenaren gaia. Kazetariek auziari buruz galdetuta, Urkulluk adierazi zuen Nafarroako eta Espainiako Gobernuekin hitz egin beharko dutela AHTaren lotura Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) edo Gasteizen egin erabakitzeko. «Espero dugu igandeko hauteskundeen ondoren jardunekoa ez den gobernu bat egongo dela auzi honen inguruan sakontasunez hitz egiteko». Bide beretik jo zuen Txibitek ere, eta aurreratu jada konpromisoa hartua dutela Urkullurekin batzartzeko. «Azpiegituren gaiak kezkatzen gaitu. Abiadura handiko trenaren Aragoiko lotura nola egin ere kezka iturri da, ez baitugu ezer lortuko Zaragozatik ez badute loturarik egiten». Urkulluk erran bezala, Txibitek ere adierazi zuen espero dutela Espainiako Gobernu berriak «jarduneko gobernua izateari uztea» AHTaren loturak erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.