Lankidetzarako Bitariko Batzordearen bilera bertan behera utzi dute Gasteizek eta Madrilek

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erabaki dute eskunduntzen transferentzien inguruan asteazkenean egitekoa zuten batzarra atzeratzea, Valentziako muturreko egoera dela eta.

Pradales eta Sanchez, Moncloan, aurreko bilera batean. ZIPI ARAGON / EFE
Pradales eta Sanchez, Moncloan, aurreko bilera batean. ZIPI ARAGON / EFE
xabier martin
2024ko azaroaren 4a
11:30
Entzun

Ajuriaenea eta Moncloa etengabe harremanetan egon dira aurreko ostegunetik, Valentziako uholdeek sortu duten hondamendiaren ondorioak direla eta. Asteazken honetan, Lankidetzarako Bitariko Batzordea biltzekoa zen, Gernikako Estatutuak jasotako eskuduntzez aritzeko eta eskualdaketa jakin batzuk azkartzeko; baina batzar hori ez da egingo, Valentziako muturreko egoera tarteko.

Gobernu biek esan dute lanean jarraituko dutela, eta ahal bezain laster jarriko dutela beste egun bat Lankidetzarako Bitariko Batzordea elkartzeko.

Hala, Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen arteko aurrez aurrekoa geroago egingo da. Bi agintariak elkartzen diren hirugarren aldia izango da, uztailean Ajuriaenean eta irailean Moncloan batzartu baitziren.

Oraindik 29 eskumen daude Espainiatik Eusko Jaurlaritzaren eskuetara igaro gabe, baina horietatik sei landuko dituzte hurrengo bileran: kostaldearen kudeaketa, migratzaileen lan baimenak, itsas salbamendua, meteorologia, lan arloko osasuna eta segurtasuna, eta zinematografia babesteko funtsa. Espero da eskumenen «lehen sorta» hori urtea amaitu aurretik eskualdatzea.

Gainerakoak —aireportuena edo portuena, kasurako— datorren urtean eskualdatuko dituzte, «bigarren sortan». Gizarte Segurantzarena da guztietan zailena, baina Jaurlaritzak ez dio uko egin nahi. Pradalesen gobernuak ezinbestean osatu nahi baitu estatutua legealdi honetan. Bada, 2025eko amaierarako, transferentzia guztiek eginak beharko lukete, EAJk PSOErekin egindako inbestidura akordioari jarraikiz.

Inbestidura itun horretan jaso zuten, hain justu ere, Lankidetzarako Bitariko Batzordea eratzea. Batzordea «iraunkorra» izango dela hitzartua dute, eta sei hilabetean behin batzartuko dela. Jaurlaritzaren arabera, irailaren 20ko bileran berretsi zuten «konpromiso» hori bi agintariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.