Lankidetza publiko-pribatuaz eztabaidatuko du osasun mahaiak

Osakidetza ardaztuko duten printzipioak adostuta —LABek ezezkoa eman du—, hirugarren eta azken faseari ekin diote. 24 ildo estrategikotan lan egitea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta eragileek.

Osasun mahaiaren gaurko bilera, BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Osasun mahaiaren gaurko bilera, BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko otsailaren 26a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Osasun itun bat erdiesteko bidearen bukaera hasi dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, alderdi politikoek, sindikatu ugarik, patronalak, unibertsitateek, elkargo profesionalek eta pazienteen elkarteek. Bigarren fasea itxita, hau da, Osakidetza ardaztuko duten printzipioak eta balioak adostuta iritsi dira gaurko bilerara —BEC Bilbao Exhibition Centren (Barakaldo, Bizkaia) egin dute—, eta bete-betean ekin diote hirugarren faseari: estrategiak zehazteari. Ildo estrategikoak adostea zuten gaurko zeregina, eta adostu dituzte. Eusko Jaurlaritzak eragileen ekarpenekin osatu duen proposamena ontzat jo dute osasun mahaian. Guztira 24 ildo estrategikotan egingo dute lan, eta, besteak beste, lankidetza publiko-pribatuaren inguruan eztabaidatuko dute.

Osasun sistema publikoaren eta osasungintza pribatuaren arteko harremanari buruz eztabaidatzeko eskatzen aritu dira zenbait eragile, eta ontzat jo du Jaurlaritzak. Izan ere, eragileen ekarpenekin osatutako lehen dokumentu bat helarazi zien Jaurlaritzak mahaikideei, eta ez zegoen jasota lankidetza publiko-pribatuaren inguruan eztabaidatzea hirugarren faseko ildo estrategiko bat izango zenik. Izan zen kexatu zenik. Gaur beste proposamen bat helarazi die Osasun Sailak eragileei, eta han ildo estrategiko gisa jaso dituzte lankidetza publiko-pribatua eta hori hitzartzeko modua. 

Ez da hori izan berritasun bakarra. Hainbat eragilek eskatu moduan, pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideak ere eztabaidagai izango dituzte, baita azpiegiturak eta zerbitzu zorroa ere. «Ekarpenak oso baliagarriak izan dira, eta horiek lagundu digute honaino iristen», adierazi du Alberto Martinez Osasun sailburuak, bilera bukatu denean.

400 aditu inguru

Bigarren dokumentu horri baiezkoa eman diote osasun mahaian, eta ja lanean hasteko moduan daude. Hala, 24 ildo estrategiko landuko dituzte, beste hainbeste lantaldetan. Maiatzera arte egingo dituzte bilkurak, eta guztira 400 aditu inguru bilduko dira. «Maiatzerako lehen emaitzak izatea aurreikusten dugu, eta osasun mahaiak kontrastatuko ditu lehen itzulian. Beste itzuli bat beharko balitz, ekainera arte itxaron beharko genuke. Gure ustez, ekainaren 25erako prest izango ditugu osasun itunaren ondorioak», azaldu du Martinezek.

Sei epigrafetan antolatu dituzte 24 ildo estrategikoak. Osasunaren prebentzioa eta sustapena lantzeko, lau ildo adostu dituzte: gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna txertatzea osasun plangintzan; gaixotasunak goiz atzematea eta osasun mehatxuei eman beharreko erantzuna indartzea; osasun arloko ekitate faltari aurre egitea, gizarte adierazleak oinarri hartuta; eta lehen mailako arreta eta arreta komunitarioa indartzea. Gaixotasunaren arretaren atalean, ildo estrategiko bana izango dute denboraren menpeko patologiek, kronikotasunak, arreta soziosanitarioak eta bizitzaren amaierako zainketak. Lehentasunezko osasun arloak, berriz, bost ildotan antolatu dituzte: onkologia, gaixotasun kardiobaskularrak, buru osasuna, gaixotasun neurodegeneratiboak eta gaixotasun arraroak.

«Gure ustez, ekainaren 25erako prest izango ditugu osasun itunaren ondorioak»

ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

Kalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna lortze aldera, sei ildori helduko diete hirugarren fasean: sistema osasun arloko emaitza hobeak lortzera bideratzea; eskuragarri dauden baliabide guztien efizientzia areagotu dezakeen laguntza integral eta integratua sustatzea; zerbitzu zorroa; osasun arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza; eta baita digitalizazioa eta azpiegiturak ere. Osasun arloko profesionalen garapena bultzatzeko, berriz, bi ildo izango dira: prestakuntza eta «pertsonengan oinarritutako politika». Atxikimendua, fidelizazioa, parte hartzea eta lidergo profesionala osasun sisteman bultzatzea, alegia. Gobernantzari dagokio azken atala, eta horren barruan daude eztabaida eta erabaki partekatuak hartzeko aukera lantzea, hizkuntza eskubideez aritzea eta lankidetza publiko-pribatuaz eztabaidatzea.

Osasun mahaia osatzen duten eragileek osatuko dituzte 24 lantaldeak, ildo estrategikoez eztabaidatzeko. Eusko Jaurlaritzak OPA Osasun Publikoa Aurrera herri plataforma gonbidatu du lantaldeetan parte hartzera, baina OPAk uko egin dio gonbidapenari. «Proposamen hori gaitzesten dugu, ez baitator bat guk eskatutakoarekin; itun horretan erabateko parte hartzea izatea eskatu genuen guk», azaldu du plataformak.

Printzipioak, adostuta

Hirugarren fasean bete-betean sartu ahal izan dira, besteak beste bigarren fasea itxia dutelako. Aurreko bileran ixtekoak ziren, baina eragileek ekarpen gehiago egin zituzten. Gaurko bilera baino egun batzuk lehenago itxitzat jo dute printzipioen fasea, eragile ia guztiak bat etorrita. LAB sindikatuak ezezkoa eman dio agiri horri, baina segituko du hirugarren fasean ildo estrategikoez eztabaidatzen. 

Aurrekoan ez bezala, gaurkoan LABek ez du hutsik egin, eta bileran izan da. Bukatzean, zera adierazi du, ohar baten bidez: «Azkenean lortu dugu Jaurlaritzak onartzea pribatizazioaren inguruan arituko den lantalde bat egotea. Hala eta guztiz ere, Jaurlaritzak eta osasun mahaia kudeatzen ari direnek ez dute nahi izan osasun sistema publikoaren aldeko jarrera garbia adierazterik —pribatizazioa alboratuko lukeen jarrera—, eta irekita utzi dute kolaborazio publiko-pribatuari eta kontzertazioari eusteko atea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.