Aurreko legealdian, 18 esparrutan lankidetza sendotzeko konpromisoa adierazi zuten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko orduko lehendakariak. Esparru horietako bat bakea eta bizikidetza arloa zen, eta, bide horretan sendotzeko asmoz, datorren asteazkenean, maiatzaren 26an, hitzarmena sinatuko dute bi gobernuek. Zehazki, Ana Ollo Herritarrekiko Erakundeekiko kontseilariak eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Horren gaineko azalpenak eman ditu Nafarroako Parlamentuan Ana Ollok, Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariaren eskariari erantzunez. Olloren arabera, hiru esparru jorratuko ditu lankidetza hitzarmen horrek. Alde batetik, biktimen arreta dago. Bertan, ETAren biktimak, 36 gerrako errepresaliatuen biktimak eta Poliziaren zein eskuin muturreko taldeen biktimen arreta jorratuko da. «Bakoitza bere testuinguruan, elkarren artean alderatzerik egin gabe, baina haietako bakoitzarekin eta guztiekin batera».
Hain zuzen ere, Ollok oso positibotzat jo du Auzitegi Konstituzioanalak asteon motibazio politikoko biktimen legeari bermea eman izana: «Oraingoan bai, berme horrek ahalbidetuko digu instrumentu juridiko egonkor eta seguru bat izatea egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubidean aurrerantz egin ahal izateko». Uztailean, auzitegi horrek berak EAEko legea onetsi zuen, eta esparru horretan Jaurlaritzak garatutako politikak, metodologia eta esperientzia «ezinbestekotzat» jo ditu partekatu ahal izateko.
Memoriaren arloan, berriz, bi gobernuen lana «erreferentzia» bat dela uste du, eta Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteoardeak berriki hala aitortu izan duela azpimarratu. Nafarroan, zehazki. hezkuntzan garatutako Memoriaren Eskolak programa edo fusilatuen arrastoak aurkitu eta hobien mapa osatzeko lanaren garrantzia azpimarratu du, eta arlo horretan lankidetza indartu nahi dute gobernuek, Nafarroako Memoriaren Institutuaren eta Gogora institutuaren bidez.
Beste lankidetza esparrua bizikidetzarena da. Nafarroan, orain, bizikidetza arloko plan estrategikoa lantzen ari da Nafarroako Gobernua, eta legealdiko «mugarritzat» jo du. Jaurlaritzarekin esperientzia komuna izatea lagungarri izango dela azpimarratu du Ollok.