Sortuk eta Kubako Alderdi Komunistak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute

Bost urterako da akordioa, eta aldeek «ekintza adostuak» martxan jartzearen alde egin dute.

Rodriguez eta Lozada, akordioa sinatzen. SORTU
Rodriguez eta Lozada, akordioa sinatzen. SORTU
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 11
20:10
Entzun

Sortuk eta PCC Kubako Alderdi Komunistak bederatzi puntuko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, Habanan egindako agerraldi batean. Bi alderdien arteko harremana garatzea da xedea, azaldu dutenez, horretarako «ekintza adostuei» bide emanda. Besteak beste, adostu dute «lankidetza ekonomikoaren arloko proiektuak sortzen eta garatzen laguntzeko ahalegin hitzartuak egitea».

Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek eta PCCren Batzorde Nagusiko Nazioarteko Harremanen arduradun Emilio Lozadak sinatu dute datozen bost urteetarako akordioa, eta balio berezia eman diote hari, «nazioarteko egoeraren egungo baldintza konplexuetan» egin delako.

Testuan zehaztutakoaren arabera, bi aldeek martxan jarriko dituzte «adiskidetasuna eta konfiantza politikoa sendotzeko» elkarrizketa mekanismoak, maila ezberdinetan, eta bide emango diote interes komuneko gaien inguruko informazioa trukatzeari: «Lankidetza sustatzeko eta elkarrengandik ikasteko». Era berean, alderdi bakoitzak ordezkaritza bat izendatuko du adostutako bide orria zenbateraino betetzen den aztertzeko.

Hitzarmenean, alderdien ordezkaritzen arteko «trukea» sustatzearen alde egin dute, eta truke hori erakunde sozialen arlora ere zabaldu nahi dute, hala nola eragile feministetara, gazte antolakundeetara eta sindikatuetara. «Bi alderdien arteko harremanak eta nazioarteko elkartasuna sustatzeko bide gisa».

«Interes bereziko» aferei dagokienez, gainera, bi aldeek adostu dute horiek elkarrekin «ebaluatzea», bai bataren eta bai bestearen «jarduera politikoari buruzko esperientziak partekatzeko». Eta komunikazio sozialaren eta prestakuntza politikoaren arloan ere lankidetza hori garatzea dute xede.

Alderdiek zehaztu dute «elkarrenganako errespetuan» oinarrituta dagoela akordioa, eta, kontuan hartuta bakoitzak bere errealitatea duela, konpromisoa hartu dute bestearen barne aferetan esku ez hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.