«Nitasunaren indarra azken 200-300 urteetako ezaugarria da Mendebaldeko herrietan». Argi mintzatu da Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua azkenaldian gizartean pil-pilean dagoen diskurtsoak dakartzan erronkez galdetuta: nola indartu ahal da herritarren arteko kooperazioa gero eta komunitate askotarikoagoak baldin badaude, eta joera hain indibidualistak? Izan ere, gero eta zabalduago dago herritarrak indibidualistagoak diren ideia, bakoitzak bereari bertzerik ez diola erreparatzen erraten duena; baina, aldi berean, gero eta gizarte heterogeneoagoak daude, eta kultura anitzek elkar ukitzen dute.
Alde horretatik, ni-az, gu-az eta lankidetzaren eboluzioaz mintzatu ziren herenegun Arantzazulaben (Oñati, Gipuzkoa). EHUk antolatutako Ni-tik gu-ra: gizaberea, narrazioa eta lankidetzaren eboluzioa udako ikastaroan solastatu ziren Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua eta Arantza Etxeberria Agiriano EHUko irakaslea. Biologiaren filosofian oinarrituta heldu zioten bi hizlariek kooperazioaren gaiari, eta azaldu zuten gizakia «izaki soziala» dela, eta, hortaz, ez dutela guztiz ulertzen «zenbateraino den solidoa» Mendebaldeko herritarrak gero eta indibidualistagoak direlako diskurtsoa.
Perezek hartu zuen hitza lehenbiziko, eta bizidunen arteko lankidetza ulertzeko urte anitzez «sinesgarria izan den teoria» azaldu zuen. Planteamendu horren arabera, bertzeak laguntzeak «kostua» du: «Gure baliabideak, dela denbora, janaria edo esfortzua, beste bati ematen badizkiogu, guk baliabide hori galdu egingo dugu; eta, gainera, gure ondorengoek baliabide hori edukitzeko probabilitate apala egongo da». Planteamendu horren arabera, altruista izateak izaki horren egokitasun maila apalduko luke. Ordea, Perezek argi du altruismoa egon, badagoela; eta, gainera, arbasoak horretara egokitu zirela. Hausnarketarako tartea ireki zuen: «Nola da posible gure arbasoek arrakasta eduki izana? Nola eboluzionatu du altruismoaren ideia horrek, eta zerk azaldu dezake?».
«Nola da posible gure arbasoek arrakasta eduki izana? Nola eboluzionatu du altruismoaren ideiak, eta zerk azaldu dezake?»
JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIASEusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua
Hainbat teoria eman zituen horiei erantzuteko: ahaide egokitasuna, elkarrekikotasuna, zeharkako elkarrekikotasuna eta talde hautespena. Lehenbiziko planteamendua «altruismoa gene mailako azalpen moduan» ulertzean datza: bertze bati baliabideak emateak senitartekoaren egokitasuna handituko luke, eta hazkunde horren garrantzia norberaren galerarena baino handiagoa bada, altruista izan den horren geneak bertze belaunaldira pasatu ahalko dira, senitartekoen bidez.
Elkarrekikotasunaren ideiak talde txikietan gertatzen dena azaltzeko balio duela dio Perezek, denek elkar ezagutzen dutelako: «Nik zuregatik zerbait egiten badut, espero dut etorkizunean zuk niregatik zerbait egingo duzula». Hau da, altruismoa egonen da baldin eta egindako mesedea bueltatzeko probabilitatea handia bada. Zeharkako elkarrekikotasunak, berriz, talde handietarako balio duela erran zuen, jendeak ez duelako elkar ezagutzen, eta ez dakielako nola funtzionatzen duen bakoitzak. Azaldu zuen testuinguru horretan inportantea dela «txutxu-mutxua», gizarte horretan bizi direnen «prestigioa eraikitzeko».
Talde hautespenaren ideia azaltzeko, erran zuen hautespen naturala geneen eta banakoen gainean gertatzeaz gain, taldeen gainean ere gertatzen zela. Bide horretatik, «talde baten ohiturak, balioak, erakundeak edo ondare kulturala beste batena baino egokiagoa bada ugaltzeko, haren etorkizuna emankorragoa izango da». Funtzionamendu hori jokaera altruistek gidatuko lukete, eta horrek azalduko luke taldean funtzionatzeko beharra.
Organismoa
Altruismoaren auzia alde batera utzi zuen Etxeberriak, eta organismoen arteko erlazioetan arreta jarri: «Eboluzioak erakuts dezake gizakiak elkarri lotuta daudela, eta komunitate homogeneoak osatzen dituztela». Piotr Kropotkin eta Lynn Margulis gogora ekarrita, organismo hitza ordezkatzeko holobionte kontzeptua proposatu zuen. «Horren arabera, gure izaera, organismo bat baino gehiago, heterogeneoa da». Hau da, hainbat espeziez osatutako izaki bat da holobiontea; eta animalia bat edo landare bat bertze mikroorganismo batzuekin sinbiosian bizi denean gertatzen da. Ildo horri helduta, defendatu zuen komunitateak «berez» badaudela, eta zientziaren narrazioak direla aldatu beharrekoak.
«Eboluzioak erakuts dezake gizakiak elkarri lotuta daudela, eta komunitate homogeneoak osatzen dituztela»
ARANTZA ETXEBERRIA AGIRIANOEHUko irakaslea
Azaldutakoa hobekiago ulertzeko, haurdunaldiarekin lotutako adibide bat jarri zuen, eta aldi hori ulertzeko bi eredu daudela azaldu: edukiontziaren eredua eta osotasunarena. Lehenbizikoaren arabera, haurdun dagoen emakumea eta haurra «gatazka» batean daude: batak bere sistema babestu nahi du; bertzeak, berriz, ahal bezainbertze elikagai nahi ditu beretako. Bigarren ereduaren arabera, haurdun dagoen emakumea eta haurra «izaki mota berezi» bezala ulertu beharko lirateke, «osotasun bat» balira bezala. Kasu horretan ez dago lehiarik, bi izaki horien arteko «kolaborazioa» da gertatzen dena: amaren sistemak berrantolatu egiten dira umea hartzeko.
Biologiatik eta filosofiatik abiatuta egin diren planteamenduak azalduta, Etxeberriak argi erran zuen ni kontzeptua «komunitateak sortutako zerbait» dela. Perezek gehitu zuen «gizakia espezie soziala» dela, eta hizkuntza bera dela horren erakusle: «Komunitatea gara».