Koronabirusa

Lankidetza ala menpekotasuna?

Maite Zelaia, Juanjo Alvarez eta Irantzu Perello legelariek diote Espainiako Gobernuak, alarma egoera ezarrita ere eskumenak garatzen utzi behar diela erkidegoei, inposaketa baztertuta.

Ertzain batzuk, joan den igandean, Donostian, herritar batekin. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezek joan den larunbatean jakinarazi zituen alarma egoeraren ezaugarriak, eta harridura eta haserrea eragin zuten Euskal Herriko hainbat sektoretan, urratsak estatuaren zentralizazioa dakarrelakoan. Izan ere, Espainiako Gobernuak aginte bakarra ezarri zuen Osasun, Segurtasun, Garraio eta Defentsa arloetan. EAJk euskal «eskumenak bidegabeki inbaditzea» egotzi zion. EH Bilduk, berriz, «155. artikuluaren aplikazio kamuflatua» planteatu izanasalatu zuen. Zer diote euskal legelariek? Berriak Juanjo Alvarez, Maite Zelaia eta Irantzu Perellorengana jo du. Madrilek lankidetza lortu beharko lukeela diote.

Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide katedradunak aitortu du koronabirusaren krisia dela-eta ez dela abagunerik aproposena azterketa juridiko-politikoa egiteko, baina uste du egoera ez dela Espainiako Gobernuak 2017an, Kataluniako prozesua bete-betean zela, konstituzioko 155. artikulua ezarri zuenean bezalakoa. «Juridikoki aztertuta, alarma egoera ez da 155 bat. Beste kontu bat da zer esaten den dialektika politikoan. Ez gaituzte utzi autonomiarik gabe; errege dekretuak eutsi egin die tokiko eskumenei, eta esaten dena da gobernuak hartuko dituela erabakiak, eta erkidegoek, gauzatu. Aldiz, Kataluniaren kasuan, 155. artikuluarekin Generalitateak ez zuen ahalmenik ezer gauzatzeko, eskumenak Espainiako Gobernuak hartu zituelako bere gain. Aldea dago».

Perello abokatu eta Erabakizaleak erabakitzeko eskubidearen aldeko juristen elkarteko kidearen esanetan, Madrilek ez du onartu alarma egoerarekin Jaurlaritzak Gernikako Estatutuko eta Nafarroako Gobernuak Foru Hobekuntzako eskumenak gara ditzaketela, «eta, azken batean, ikusi da ukatu egiten duela gure erabakitzeko eskubidea». Perellok «jarrera tinkoagoa» eskatu die euskal instituzioei.

Zelaia EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakasleak azaldu du alarma egoerak «izaera teknikoa» duela, eta, 155. artikuluaren aplikazioak, «politikoa». Dena dela, uste du Espainiako Gobernuak jokoan duela zilegitasuna. «Interes orokorraren izenean, egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren ahalmenak estatuaren eskuetan batzeak ez du konstituzio eragozpenik, baina alarma egoerarekin ahalmenei erabilera politikoa emateak gobernuarizilegitasuna ken diezaioke».

Alvarezek ere dio Espainiako Estatuko 1981/4 lege organikoak eta konstituzioko 116.2 artikuluak «babes juridikoa» ematen diotela gobernuari alarma egoera ezartzeko, baina beste jokabide bat galdegin du. «1980aren bueltako garai haietan estatuaren abagune politikoa bestelako bat zen, egitura sortzen ari ziren, eta oraingo egoera kontuan hartuta egin behar dira gauzak. Espainiakoa estatu autonomiko bat da, hemen azpiegitura oso bat dago, eta Madrilek heldutasuna erakutsi beharko luke gauzak beste era batera egiteko». Haren iritzian, ezin dira erkidego adina politika egin COVID-19ari aurre egiteko, «baina koordinazioa behar da, menpekotasuna beharrean».

Madrilen hutsuneak

1981/4 lege organikoko —alarma, salbuespen eta setio egoerari buruzkoa da— zazpigarren artikuluak esaten du Espainiako Gobernua dela eskumena duen autoritatea, baina hark eman ahal diela ahalmena erkidegoetako lehendakariei. «Sanchezek zergatik ez du bide hori jarraitu?», galdetu du Perellok; erantzun ere egin du: «Ez duelako nahi izan».

Nahiz eta Madrilgo gobernuak eskumen horiek bere gain hartu dituen, Zelaiak dio hari planteatu ahal zaizkiola zenbait kontu: «Aholku tekniko-zientifikoetan soilik oinarria duten erabakiak hartzea, proportziotasunarekiko begirunea —eraginda dauden oinarrizko eskubideen gainean premiazkoak diren mugak bakarrik inposatuz—, eta legezkotasun demokratikoaren izenean, egoera arruntean, eta ordenamendu juridiko-konstituzionalaren eta estatutuzkoaren arabera eskumenduna den agintaritzarekin lankidetzan jardutea».

Hutsuneak ikusi ditu Alvarezek. «Lehendakaria da estatuak erkidegoan duen ordezkari gorena. Beraz, gobernuak legez utzi diezazkioke eskumenak». Ez zaio, gainera, politika eraginkorra iruditzen hala ez aritzea: «Aginte bakarra izatearekin nahi duen guztia egin behar al du? Baina ba al du gaitasunik? Nabarmena da ezetz. Eraginkortasun handiagoa dugu hemen; esaterako, osasun arloan». Kontraesanak ere ikusi dizkio Espainiako Gobernuari: «Sanchezek larunbatean emandako prentsaurrekoan esan zuen aginte bakarra egongo dela, baina alarma egoeraren lege dekretuak gero zekarren lankidetza beharko dela». Perellok ere uste du behar-beharrezkoa dela koordinazioa izatea. «Madril ez dago horretan, ordea, eta kontua da ez dakigula estatuaren agintearen mugak non dauden».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.