Langraiz Okako harrobiko (Araba) lanek zirrikitu bat egin zuten 2016an, eta, ordutik hona, tarteka, harrobia akuiferoko urez betetzen da. Hori dela eta, Arabako Batzar Nagusiek, EH Bilduren proposamenez, Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Uraren Euskal Agentziari harrobiaren azterketa integral bat egiteko eskatu diote Ekonomia Garapen eta Jasangarritasun batzordean, EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Arabak koalizio abertzalearen mozio baten lehen puntuaren alde bozkatu baitute; EAJ, PSE-EE eta Voxek kontra bozkatu dute.
Hala ere, batzordeak ez du babestu harrobiaren esplotazio epea luzatzea, ezta kautelaz harrobiaren jarduera etetea ere, EAJ, PSE-EE, PP eta Vox kontra izan baititu, EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak horren alde bozkatu duten arren.
EH Bilduko batzarkide Xabier Valdorrek salatu duenaren arabera, euri asko egiten duen garaietan harrobia Subillako urez betetzen da, eta akuiferoa harrobiko materialez kutsatzeko arriskua ikusten dio horri; horregatik, batzar nagusiek exijitu duten azterketan akuiferoan zentratzeko eskatu dute. EH Bilduk gogorarazi du Euskal Herriko akuifero handienetako bat dela, eta horren kutsatzeak osasun publikoko eta ingurumen kalteak izan ditzazkela.
PPko Borja Monjek adierazi du duda duela harrobiko lanek akuiferoaren segurtasunean eragina izan dezaketen edo ez, eta Elkarrekin Arabako Jose Damian Garcia-Morenok «zuhurtasun printzipioa» aplikatzeko eskatu du, Subillako akuiferoa «ur erreserba estrategikoa» delako.
EAJk eta PSE-EEk, berriz, «alarmismoa» egotzi die gainontzeko alderdiei, esanez aurkeztu dituzten txostenak ez direla eztabaidaezinak, eta gogorarazi die Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egoki ikuskatzen dituela lurrazpiko urak.
Abenduaren 11n, duela hilabete baino gutxiago bete zen akuiferoko urez azkenengoz harrobia.