Langileak, telefonoari lotuta

Gorabidek, Aspacek, Madres Mercedariasek eta Gaude-k bi eguneko greba bateratua egingo dute datorren astean. Zaintzaren arloan lan egiten dute laurek, elbarritasunen bat dutenekin. Lan hitzarmenen negoziazioak desblokeatzea eta erosteko ahalmena berreskuratzea exijituko dute.

Gorabidek, Aspacek, Gaude-k eta Madres Mercedariasek grebaren berri eman zuten atzo, LAB sindikatuak Bilbon duen egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Langileak ezin dira horrela bizi». Gorabideko beharginei buruz ari da Begoñe Markina langile batzordeko kidea. Adibide moduan, lankiderik berrienei iaz egindako kontratuak aipatu ditu, ez baitute lan egutegirik: «Esaterako, 520 orduko kontratuak egiten dituzte, baina bi ordu lehenago deitu ahal dituzte lanera joateko». Salatu duenez, telefonoari lotuta bizi dira langileak, eta horrela ezinezkoa da kontziliatzea. Zazpi greba egun egin ditu aurten Gorabidek. Kalitatezko kontratuak exijitzea da arrazoietako bat, baina ez bakarra. «Gure lan baldintzak txarrera doazen heinean, zerbitzuan ere igartzen da». Aspace, Madres Mercedarias eta Gaude enpresetako langileak antzeko egoeran daude. Hori dela eta, greba bateratua egingo dute maiatzaren 8an eta 9an.

Adimen urritasuna dutenekin egiten dute lan lau elkarteek. Eta langile batzorde guztietako kideek salatu dutenez, lan hitzarmenen negoziazioak blokeatuta daude. Horiek desblokeatzeko eskatuko dute datorren astean, eta gutxienez KPIa eta metatutako atzerapenak aitortzeko. Maiatzaren 8an, lau bloke egingo dituzte Bilbon, eta, 12:00etan, Moyua plazan elkartuko dira, denak batera Bizkaiko Foru Aldundira ailegatzeko. Maiatzaren 9an, berriz, elkarretaratzea egingo dute Itsasmuseumen, protesta FEVASera eramateko.

«Zaintza oso gutxi baloratzen da», kritikatu du Markinak. «Pandemian funtsezkoak izan ginen, baina orain ikusezinak gara». Hain zuzen, garai hura ekarri du gogora. Basauriko (Bizkaia) Arteagoiti egoitzan egiten du lan; eta ordu hartan Rakel kidearekin aritzen zen. Ordezkoa zen. Birusaren agerraldi batean, 40 pertsonatik gora kutsatu ziren; horien artean, Rakel. Ordutik, ez da lanera bueltatu. «Izugarrizko arazoak ditu oraindik». Zehaztu duenez, Gizarte Segurantzak ezintasun osoa eskaini dio, baina «gaixotasun arrunt» moduan, ez «profesional» moduan. «Bigarren mailako langileak gara».

Gorabidek, Madres Mercedariasek, Aspacek eta Gaude-k zerbitzu publikoa ematen dute:EAEko Gizarte Zerbitzuen Legean jasota dago, eta Bizkaiko Foru Aldundia da horren arduraduna. «Zerbitzu publiko hori erakunde pribatuek kudeatzen dute, aldundiarekin egindako hitzarmenak eta diru laguntzak tarteko». Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia jo dute lan baldintzak okertzearen erantzuletzat.

Beste lanuzte batzuk

Maiatzaren 8ko eta 9ko greba bateratuez gain, enpresa bakoitzeko langileek mobilizazio propioak egingo dituzte, LABek, ELAk eta ESK-k deituta—elkarte bakoitzean ordezkaritza diferentea dute sindikatuek—. Gorabidek lehenago hasiko du greba: maiatzaren 6tik 14ra egingo dute.

Gaude-k, berriz, greba mugagabea egingo du hilaren 22tik aurrera. Haien eskaera nagusia soldatak KPIaren arabera igotzea da. Gainera, salatu dute langile askok hogei urte baino gehiago daramatzatela lanaldi erdiarekin eta lan taldearen %40k behin-behineko kontratuak dituela.

Madres Mercedariasek ere beste greba batzuk planteatuko ditu, beharginen lanpostuak arriskuan baitaude. Fundazioak egoitza bat du Orozkon (Bizkaia); urte amaieran, Madres Mercedarias kongregazioak zerbitzua utziko du, eta, inork ez badu negozioa erosten, lantokia itxiko dute. Horrez gain, lan baldintzak hobetzeko ere eskatuko dute. 2018an, zentroak Fundacion Aliados enpresa kontratatu zuen. Hark langileak subrogatu zituen, baina lan ituna kendu zien, soldatak izoztu, eta urteko lanaldia luzatu.

Aspacek ez du oraindik zehaztu, baina greba gehiago egitea da haien asmoa. 2019an iraungi zitzaien ituna. Ordutik, negoziazio «antzuak» izan dituzte. Are gehiago, zuzendaritza greba zapuzten saiatu da, «baliabide guztiak erabilita». Erosahalmena berreskuratu nahi dute, eta soldata duinak izan: «Ordu batzuk lau eta sei euroan pagatzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.