Langile publikoen sarbiderako «orokortutako hizkuntza eskakizunen eredu bat» eskatu du Urrutiak

Azken hilabeteetako oldarraldi judizialari erantzuteko, hizkuntza plangintzari buruzko gogoeta eta proposamenak egin dituzte gaur, Andoainen. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Txillardegi Gogoeta Guneak antolatu dute saioa.

Carlos Amoedo, Iñigo Urrutia, Idurre Eskisabel eta Eva Pons gaur, Andoainen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Carlos Amoedo, Iñigo Urrutia, Idurre Eskisabel eta Eva Pons gaur, Andoainen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 15a
13:00
Entzun

Euskararen normalizazioa eragozteko oldarraldi judiziala gero eta nabarmenagoa da gizartean. Iaz, Uliazpi fundazioaren lan deialdiaren aurka jo zuten epaileek, eta, hori baino lehen, antzeko erabakiak plazaratu zituzten Barakaldo (Bizkaia) eta Irungo (Gipuzkoa) udaltzainen hizkuntza eskakizunen inguruan. Epai horien ikuspegi orokorra «murriztailea» da, euskalgintza arloko anitzen ustez: «Gure araubide osoa kolokan dago, euskararen normalizazio prozesua kolokan dago. Segurtasun juridikorik ez dago», erran du Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbideko irakasle agregatuak. Hala, Urrutiak, Txillardegi Gogoeta Guneak eskatuta, proposamen bat egin du gaur: hizkuntza plangintzaren beste eredu baterantz jotzea, bi bidetatik: batetik, «euskal funtzio publikoaren sarbidean orokortutako hizkuntza eskakizunen eredu baterantz» bidea egitea, eta, bertzetik, mahai gainean jartzea «euskararen araudia eguneratzeari buruzko eztabaida».

Enplegatu publikoen hizkuntza planifikazioan jauzia egiteko unea: ereduak eta proposamenak izeneko mintegian egin du proposamen hori, Andoainen (Gipuzkoa). Txillardegi Gogoeta Guneak eta Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu dute mintzaldia. Urrutiarekin batera, bertan izan dira Eva Pons i Perera, Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide doktore eta Konstituzio Zuzenbideko eta Filosofia Politikoko irakaslea, eta Carlos Alberto Amoedo Souto, Coruñako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedraduna.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eman dio hasiera saioari: «Aurre egitetik, aurrera egiteko momentua da. Oldarraldi judizialaren ondorioak sentitzen ari gara, ikusten ari gara, ukigarriak dira. Horrela segitzen badugu, ukigarritasun hori sekulako zama bihurtuko zaigu epe laburrean, euskararen normalizazioan eta hizkuntz eskubideen bermean aurre egiteko». Hala, azpimarratu du gaurkoa bezalako saioak garrantzitsuak direla egoerari aurre egiteko. Azaldu du arlo publikoan hizkuntza planifikazioaren gaia txertatzeko lanean dabiltzala sindikatuekin, eta hamabost urteko plangintza bat dutela esku artean.

«Aurre egitetik, aurrera egiteko momentua da. Oldarraldi judizialaren ondorioak sentitzen ari gara, ikusten ari gara, ukigarriak dira. Horrela segitzen badugu, ukigarritasun hori sekulako zama bihurtuko zaigu epe laburrean, euskararen normalizazioan eta hizkuntz eskubideen bermean aurre egiteko».

IDURRE ESKISABELEuskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Urrutiak azaldu duenez, bi helburu gogoan proposatu dute ekinaldi legegilea: «Funtzio publikoan sartzeko hizkuntza eskakizunen legezkotasuna bermatzeko, eta euskararen erabilerarako sarbide prozedurei eta normalizazioari segurtasun juridikoa emateko». Dena den, argi utzi du «behar besteko malgutasuna» eman nahi dutela, «printzipio orokorra erlaxatu ahal izateko eta herrialdeko errealitate soziolinguistiko desberdinetara egokitutako aplikazioak ahalbidetzeko». Malgutasun horiei aplikatuko dizkieten epeez galdetu diotenean, adierazi du lantzeko dutela oraindik, baina «trantsiziorako bidea» direla salbuespen kasu horiek.

Azaldu du buelta eman nahi diotela gaur egungo sistemari: «Euskararen eta gaztelaniaren ezagutza nahitaezkoa jarri nahi dugu administrazio publikoen sarbiderako, baina printzipio nagusi hori malgutzeko mekanismoak jarriz». Hau da, gaur-gaurkoz, botere publikoek aldez aurretik zehazten dituzten lanpostuen gainean planteatzen dira hizkuntza eskakizunak, eta proposatzen dutena zera da, aukera ematea «hizkuntza eskakizunak ez aplikatzeko, baldin eta euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko balitz». «Hala ere, sarbide prozedurekiko funtzionaltasuna berrikusi beharko litzateke, euskararen ezagutzak, lanpostuen funtzioei eta izaerari egokituta, oro har baldintza gisa jokatuko bailuke, justifikatutako salbuespenetan izan ezik», diote proposamenean.

Pentsa liteke proposamen horren eta egungo errealitatearen emaitza ez daudela urrun, eta hala da. Baina sistemaren oinarria «erabat» aldatuko litzateke, eta, ondorioz, justifikatuta egon behar luke euskaraz jakitea ez eskatzeko arrazoia. «Horrela, galga jarriko litzaioke EAEn auzitegiak sarbide deialdien deuseztasuna dekretatzeko erabiltzen ari diren argudioari», dio testuak.

Hala, Urrutiak azaldu du Euskal Enplegu Publikoaren Legean aldaketa batzuk egiten ahal direla proposamena errealitate bihurtu dadin. Lehenik eta behin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arlo publikoan sartzeko hautaketa prozesuetan egiaztatu behar da euskararen eta gaztelaniaren ezagutza egokia, dagokion lanpostuaren berezko funtzioetara egokitutako mailan: ahozko adierazpenean eta idatzian. Bertzetik, administrazio publikoek arau orokorra ez aplikatzeko aukera izanen dute, ongi justifikatuta betiere. Hizkuntza eskakizuna baztertzeko, kontuan hartu beharko dira lanpostu edo funtzio horren «aplikazio eremu geografikoko inguruabar soziolinguistikoak» edo «hizkuntza plangintzako tresnetan zehaztutako beste irizpide batzuk».

«Euskararen eta gaztelaniaren ezagutza nahitaezkoa jarri nahi dugu administrazio publikoen sarbiderako, baina printzipio nagusi hori malgutzeko mekanismoak jarriz».

IÑIGO URRUTIAEHUko Administrazio Zuzenbideko irakasle agregatua

Azkenik, Urrutiak zehaztu du «dagokion administrazioko zuzkidura guztietan nahitaez bete beharreko indizea aplikatzearen emaitza» izanen dela eskakizuna ez aplikazteko muga. «Nahitaez bete beharreko indizea gutxienekoa izango da beti, eta euskal administrazio publikoek indize hori handitu ahal izango dute, kontuan hartuta herri administrazio, erakunde eta organismo bakoitzak hizkuntza plangintzarako dituen tresnetan ezarritako helburuak», borobildu du.

Hizkuntza eskakizunez ez ezik, euskararen araudia eguneratzeari buruzko eztabaidaren beharraz ere mintzatu da Urrutia. Azaldu du euskararen sustapenak eta normalizazioak «blindaje juridiko legala» behar duela, eta, horretarako, beharrezkoa dela eztabaida estatus juridiko berri baten esparruan, eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko Legearenean. «Eguneratze horrek barne hartu behar du, besteak beste, euskararen berezko hizkuntza izaeraren garapen juridikoa, beste autonomia erkidego batzuetan gertatu den bezala».

Epaitegien «adierazpen atzerakoiak»

Azken hilabeteetako epaiek sustatu dituzte gaur Andoainen egindako proposamenak. Izan ere, euskararen normalizazioaren kontrako erabaki horiek «adierazpen atzerakoiak eta inbolutiboak» direla azpimarratu du Urrutiak solasaldian. «Gaur egun ez dago segurtasun juridikorik. Egoera horretan, eta egoeraren larritasuna ikusita, beharrezkoa da lege bidez esku hartzea».

Gaurkoa, baina, ez da oldarraldi judizialaren inguruan aurkeztutako proposamen edo neurri bakarra. Izan ere, joan den astean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen prest duela sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu berria. Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunek adierazi dute ez dela asmoa inor kanpoan uztea, aintzat hartu behar direlako euskaraz oraindik ez dakiten langileen beharrak, euskara ikasteko prozesuan daudenenak, eta jada ezagutza egiaztatua dutenenak.

Dekretu horren azken helburua, hauxe: sektore publikoko normalizazio prozesu guztia koordinatzea. Ebatzia dute noiz nahi duten erakunde guztien bateratze horren abiaburua: 2033ko urtarrilaren 1erako. Hortik aurrera, bost urteko planen bidez funtzionatuko da. Dekretuari, baina, kritika ugari egin dizkiote aurkeztu zenetik, eta Urrutiak berak «aukera galdua» izan dela erran du gaurko saioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.