Langile falta larria salatzeko, Bizkaiko emaginak kalera atera dira gaur. SATSE sindikatuak deituta, greba egin dute lehen aldiz, eta aspalditik jasaten ari diren arazo bat izan dute hizpide. «Luzarotik dugu emaginen falta eta, orain arte, Osakidetzak ez du inolako neurririk martxan jarri egoera hori konpontzeko», salatu du Amaia Mayor SATSEko bozeramaileak. Lanuztea %80tik gorakoa izan dela jakinarazi du, «oso ona».
Euren eskaerak ozen aldarrikatzeko, manifestazioa egin dute goizean Bilbon. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean bildu dira emaginak, eta, Ordezkapenik gabeko emaginak, arretarik gabeko emakumeak lelopean, Kale Nagusia gurutzatu dute. Besteak beste, Pradales, entzun, emaginak borrokan, Borroka da bide bakarra eta Gutxi gara, baina denak gaude oihu artean egin dute ibilbidea.
«Oporraldietan, emagin kopuruan murrizketak egiten dituzte, eta emakumeek ezin dituzte urtean zehar izaten dituzten zerbitzuak izan», kritikatu du Mayorrek. Horrela, Osakidetzak ez du «emakumeen osasuna bermatzen». SATSEko bozeramaileak ezinbestekotzat jo du «Osakidetzak irtenbide bat» bilatzea, arazoa «larria» baita. «Eskatzen duguna da emakumeen osasun eskubidea bermatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da negoziatzea». Mahai sektorial bat eskatu duten arren, gaur-gaurkoz, ez dute Osakidetzaren erantzunik jaso.
Langileek lan karga «izugarria» dute. Udan lan karga hori areagotu egiten da, emagin falta dela eta. Mayorrek argi du konponbidea ez dutela «luze gabe» lortuko. Izan ere, emagin izateko, Erizaintza gradua ikasteaz gain, espezializazioa lortzeko beste bi urteko ikasketak egin behar dituzte. Hortaz: «Konponbidea lortu bitartean, emaginek aparteko orduak egin behar badituzte, konpentsatu ditzatela, autokontzertazioa aplikatuz». Eta beste irtenbide bat ere aurkeztu du: «Gurekin lan egiten duten emaginak fidelizatu behar ditugu; emagin asko behin-behinekoak dira, eta nekatu egiten dira, ezin baitituzte lana eta euren bizitza pertsonala bateratu».
Beste eskaera batzuk ere egin dituzte langileek. Lantaldearen behin-behinekotasuna aztertzea exijitu dute, emagin bakoitzaren kupoak ezagutzea eta ratioak ezartzea, eta langileen osasuna babesteko protokoloak ezartzea. Horrez gain, Mayorrek beste eskaera bat erantsi du: «Absentziak lehenengo egunetik betetzea eta kontratazio politika jasangarria eta ona izatea nahi dugu».
Greba egunean, emagin gehiago
Mayorren arabera, gutxieneko zerbitzuak direla eta, inoiz baino emagin gehiago egon dira gaur erditzeetan arreta eskaintzen. Halere, ehunka grebalari batu dira manifestaziora. Plaza Eliptikoa gurutzatuta, Rekalde Zumarkalera jo dute, hor baitago Osasun Sailaren egoitza. Bertan amaitu dute manifestazioa, eta oharra irakurri. «Kezkatuta gaude gure lanbidearengatik, ez baitago emagin nahikorik emakumeei arreta emateko; eta kezkatuta gaude emakumeei eta haien familiei ematen zaien arreta mespretxatzen dutelako. Emakume batzuek beste zentro batzuetara jo behar dute, eta, hala, erreferentziazko emaginarekin duten konfiantzazko harremana galdu». Are, salatu dute egoera horrek sexu eta ugalketa osasunerako eskubidea urratzen duela.
Osakidetzak ohar bidez eman du grebaren datuen berri. Esan dutenez, erantzuna %26,75ekoa izan da: goizeko txandan, %34koa; arratsaldekoan, %19,51koa; eta gauean ez du inork egin. Horrez gain, adierazi dute emakumeen arreta «bermatuta» dagoela.
Emaginek ohartarazi dute lanaldi «amaigabeak» dituztela, baita kontziliatzeko «zailtasun handiak» ere. Greba eguna «mugarria» izan dadin nahi dute, Osakidetza ohar dadin egoera «jasanezina» dela. «Osakidetza, entzun borrokan ari garen emaginok, eta negoziatu», oihukatu dute. Mayorrek nabarmendu duenez, ez dute baztertu greban jarraitzea Osakidetzak «entzungor» egiten jarraitzen badu.