Gotzon Aurrekoetxea. Hizkuntzalaria

«Langa zientifikoa erabili dugu euskalki izaera emateko»

'Euskalkien sailkapen berria' lanak hiru euskalki bereizi ditu: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa. Hizkeren sailkapenerako «metodologia modernoa» erabili dutela azaldu du Aurrekoetxeak.

ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Zientzia ugaritan erabiltzen diren teknika batzuk hizkuntzara aplikatu eta euskalkien sailkapen berria egitea lortu du EHUko Eudiak, euskararen bariazioa aztertzeko ikerketa taldeak. Erabilitako metodoak «berme» handia duela azaldu du Gotzon Aurrekoetxeak (Dima, Bizkaia, 1954). Liburuaren egile nagusietako bat da, eta Iñaki Gamindek, Josu Luis Ormaetxeak eta Xarles Bidegainek ere parte hartu dute liburuan.

Esan duzue liburu hau ez dela euskalkien beste sailkapen bat, sailkatzeko metodo berria baizik. Zergatik?

Dialektoak edo euskalkiak sailkatzerakoan, metodologia tradizionala eta metodologia modernoa edo berria erabil daitezke. Bi planteamenduak zeharo ezberdinak dira. Euskal Herrian metodologia tradizionalekoak dira orain arte egindako euskalkien sailkapenak. Oso lan sakonak eta onak dira, zalantzarik gabe, baina guk metodologia eta prozedura berriak aplikatuz ikertu eta sailkatu ditugu euskalkiak.

Zertan datza aldaketa?

Bi oinarri ditu gure ikerketa lanak: datuak eta metodologia. Euskalkien sailkapen berria egiteko, euskararen eremu osoko datu homogeneo eta ordezkagarriak lortu behar genituen. Ikerketa zientifikoetan ikergai den arloa bere osotasunean ezin denean ikertu, lagin ordezkagarriak erabiltzen dira. Gure kasuan, hizkuntzalaritzan oro har, ezinezkoa da hizkuntza bere osotasunean ikertzea, eta behartuta gaude laginekin lan egitera. Ikerketa honetako lagina osatzeko, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak-EHHAk argitaratutako liburukiek bildutako informazioa erabili dugu. Orain arteko lanetan ez da hori erabili, baina guk oso garbi genuen beharrezkoa zela tresna hori. Datu horiek hizkuntza bere osotasunean biltzen dute, bai gramatika eta bai lexikoa, eta esan behar da ordezkagarriak direla. Bestalde, datu horiek euskararen eremuko 145 herritan bilduak izatea berme nahikoa da euskararen bariazio dialektala bere osotasunean bildua izan dela baieztatzeko. Erabili den metodologia berri honen arabera datuak ez dira aukeratzen. Metodologia zaharrarekin, aldiz, bai.

Zein da zuen metodologiaren ezaugarri nagusia?

Aipatu datuez gain, hizkerak edo dialektoak sailkatzeko teknika sailkatzaileak erabili dira. Dialektologia kuantitatiboa erabiltzen da gaur egun hizkeren sailkapenak egiteko. Metodologia hau ez da hizkerak sailkatzeko bakarrik erabiltzen; zientzietan, oro har, eta giza zientzietan, objektuak sailkatu behar direnean erabiltzen diren teknikak dira. Kasu honetan hizkerak sailkatzeko erabili da, besterik ez.

Hiru eremutan sailkatu dituzue euskalkiak: mendebaldekoak, erdialdekoak eta ekialdekoak.

Lan honetan hizkeren sailkapena egiteko cluster analisia edo sailkapen hierarkikoa deitzen den teknika sailkatzailea edo multzokako sailkaketa erabili da. Baliatu dugu beste zientzia batzuetan erabiltzen diren teknikak, hizkuntzara aplikatuta. Aurretik egindako ikerketek erakusi dute hori bide ona zela. Oinarrian, 145 herritako informazioa erabili dugu: hizkuntza ezaugarrien arabera bildu ditugu, eta bariazioak aztertu ditugu. Guztira 100.000 item dituen datu basea izan da ikerketa honen oinarria, eta hiru euskalki sailkatu ditugu: mendebaldekoa, Bizkai osoa eta Gipuzkoako mendebaldeko lurrak hartzen dituena; erdigunekoa, Gipuzkoako eta Nafarroako lurrak hartzen dituena; eta ekialdeko euskalkia, Iparralde osoa euskalki bakarrean biltzen duena.

Egin izan dira euskalkien beste sailkapen batzuk. Zalantzan jarri dituzue?

Aurreko sailkapenetan erabili den prozedura eta hemen erabili dena guztiz desberdinak dira. Hau ez da beste sailkapen bat, sailkapen berria baizik. Ondorioa ere desberdina da. Horrez gain, aurrekoek ez bezala, ikerketa honek aukera ematen du ikerketa berregiteko. Ikerketa zientifikoetan ikerketa berregiteko aukera izan behar da, eta honetan bada. Badakigu hizkuntza datuen arteko desberdintasunak kuantifikatzeko ohiturarik ez dagoela Euskal Herrian, baina ikerketa honetan nazioartean erabiltzen diren neurriak erabili dira, eta hizkeren arteko hizkuntza desberdintasuna kuantifikatu egin da. Orain arteko lanetan ez da horretarako aukerarik egon.

Bonapartek zortzi euskalki bereizi zituen; Azkuek, zazpi; Zuazok, bost. Ematen du dantza bat dagoela euskalki kopuruan.

Euskalkiak ez dira desagertu, itxura hori ematen badu ere. Guk egin duguna izan da euskalki izaera emateko langa zientifikoa erabili. Irizpide zientifikoak erabili dira horretarako ere. Hala ere, ez nuke horretara bideratu nahi eztabaida. Garai bakoitzean egin dira egin zitezkeen sailkapenak. Miresmen handia sortzen digute orain arteko lanek, oso datu gutxirekin gai izan direlako, nola edo hala, sailkapen batzuk egiteko, eta hori ez delako batere erraza. Gu ez goaz haien lanak gutxiestera, inolaz ere. Datu gutxiagorekin lan ona egin zuten, baina metodologia zaharkitua izan zuten, hori da problema. Ordea, guk erabili dugun metodologiak berme gehiago ditu, zalantzarik gabe.

Euskarak berdintze fenomeno bat duela diozue, euskalkiak eta estandarra nahasiz doazela. Euskalkien iraupena bermatuta dago?

Hizkuntza bizi den bitartean, hizkuntza aldatuz joango da, hizkuntzaren barneko izaera baita bariazioa. Euskarak bariazioa izango duela bermatuta dago euskara den artean. Arazoa da bariazio hori nolakoa izango den. Euskara estandarra indartsua den neurrian, bariazio geolinguistikoa txikiagoa izango da. Hizkuntza estandarraren eta dialektoen arteko harremanari buruzko eredu asko daude Europan. Bariazio geografikoa murriztea eta soziolektoak indartzea da etorkizunean ikusiko dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.