Lanera itzuliko dira gaur Tuvisako langileak, atzo Gasteizko Udalarekin aurreakordioa lortu ostean. Otsailaren 9an ekin zioten greba mugagabeari, hainbat eskaera betetzeko eskatzeko. Haurek ziren eskaera nagusiak: autobusek denbora gehiago izatea ibilbidea egiteko, udalak ezarritako maiztasunak betetzea eta enpresak langileen lanorduen erregistroa izatea. Enpresaren azken orduko eskaintzak jaso ditu langileen hainbat eskaera, baina ez lanorduen errregistroarena, eta hori izan da arrazoia gehiengoak —%56,08k— aurrekordioaren aurka bozkatzeko. Hala ere, igande iluntzean egindako bozketan ez da greba mugagabearekin jarraitzeko behar adina babesik lortu —botoen %70 behar ziren horretarako—.
Enpresako zuzendaritzak eskainitako aldaketen artean daude lineak indartzea, lantegiko teknikariak trebatzea autobus elektrikoekin lan egin ahal izateko, udal aparkalekuetako langileen zereginak berrikustea, beste hamabi kontratazio mugagabe egitea eta legegintzaldi honetan hamabost autobus erostea, dagoeneko konprometituta dauden hamar autobusez gain.
Tuvisa langile batzordeko buru Asier Lopez de Sabandok onartu du aurrerapausoak izan direla zuzendaritzaren eta langile batzordearen arteko negoziazioan, baina berretsi du puntu nagusia, erregistroarena, itxi gabe dagoela oraindik. Hala, ELA sindikatuak, garraio enpresako sindikatu nagusiak, grebari eustearen alde egin du, baina, esan bezala, proposamenak ez du nahikoa babesik izan langileen artean.