Lanei traba egiteko indarrez

Joan den ostiraletik, hainbat herritar Aroztegiko proiektuaren kontrako kanpaldian dira Lekarozen. Polizia hainbat aldiz azaldu da hura hustera; ez du lortu, ordea.

Lekarozen leku hartu duen kanpamentua. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Lekaroz
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ez diete utzi nahi arbola gehiago botatzen, belardiak zapaltzen; are gutxiago inguru horietan deus eraikitzen. Bosgarren egunez, hainbat herritar Lekarozen (Nafarroa) bildu dira Aroztegiko proiektuari kontra egin eta lanak eragozteko asmoz. Asteak dira hirigintza egitasmo horren aurkako mobilizazioak hasi zituztela, eta, ostiraletik, gau eta egun dihardute zeregin horretan; obren kontrako kanpaldiari ekin zioten egun hartan, eta astelehenean iragarri zuten han segituko dutela lanak guztiz gelditu arte. Maiz bizi dituzte tentsioz beteriko uneak, Polizia hainbatetan agertzen baita kanpalekua hustera, baina protesta ez da itzali, ezta ahuldu ere. Are, orain arte egindako ahaleginak emanak ditu fruituak dagoeneko: zenbait aldiz erdietsi dute beharginen makinak gelditzea. Motozerra eta hondeamakinen hotsek ez dute luze irauten.

Nafarroako Gobernuan UPN buru zeneko garaian du hasiera Aroztegiko proiektuak. Auzia ordutik ari da hautsak harrotzen, samina pizten. Zehazki, Lekarozen 228 etxebizitza, luxuzko hotel bat eta golf zelai bat egiteko asmoa dute, gaur egun basoa eta belardiak diren tokian, 350 biztanle inguru baizik ez dituen herriaren ondoan. Aroztak plataformako kideen iritziz, «erokeria» da halako zerbait egitea, eta horregatik ari dira protestara deitzen. Aldarrikatu dutenez, orain arte muzin egin zaio herritarren ahotsa aditzeari. «Herria isilduz, sakelak bete», dio protesta gunean jarria duten pankartak.

Kanpalekukoek suaren inguruan egin dituzte astearteko lehenbiziko orduak. Askok uzkurturik dituzte sorbaldak. Ordu txikietako hotzaren ondotik, premian dute epela. Gainera, euriak hartu ditu goizean goiz. «Asteburuan eguzkia izan dugu lagun; orain giroa hezeago da. Halere, gaur aise hobeki egin dut lo», kontatu du Berroetako (Nafarroa) emakume gazte batek—izen-abizenik ez dute eman protestan parte hartzen ari direnek—. Ostiraletik da kanpalekuan. Aitortu du nekea pilatzen ari dela egunetik egunera, baina ez du falta borrokan segitzeko gogoa. «Gaur noiz espero ditugu langileak? Atzo bezala, 09:00ak aldera?», galdetu du. Ziztuan jaso du erantzuna: «Erne ibili beharko». Makinak lanean hasi bezain pronto traba egitea: horra plana.

11:00ak jo berritan piztu dira alarmak. «Hasi dira!», egin du txilio kanpalekutik urrunago zelatan den herritar batek. Lasterka hurbildu dira gainerakoak. Dozenaka lagun gerturatu dira hondeamakinara, eta barrenean den gizonak segituan gelditu du tramankulua. «Aski lan egin duzue jadanik», esan dio Aroztak plataformako gazte batek langileari. Mutur erantzun dio: «Badakizue ez dizuedala problema erdirik ere emanen, baina abisua eman behar dut». Ez da gertatzen den lehen aldia, eta, protestan direnen esanetan, horrelakoen ondotik aski ohikoa da Polizia etortzea.

Arratsaldean, beharginak berriz saiatu dira Aroztegiko lanekin segitzen, eta, aldi horretan, Guardia Zibilarekin agertu dira Lekarozera, bi poliziarekin. Hala ere, herritarrek beste behin lortu dute makinak geldiaraztea. Lanek apenas egin duten aurrera.

Aroztegiaren gibelean dena

«Arazo andana bat dago Aroztegiaren auziaren gibelean». Aroztegiaren kontra protestan ari den gizon gazte batenak dira hitzak. Baztangoa da, eta ondo ezagutzen du gatazka: «Kolpetik aberasteko hirigintza proiektu bat da». Erantsi du haren arduradunek ez dutela aintzat hartu herritarren borondatea. Haren iritziz, argi dago Aroztegiko egitasmoak aurrera egiteak problemak baizik ez lituzkeela ekarriko: «Ez da eredu ona Baztanen gerorako; ez da egokia landa eremurako».

Gaztearen esanetan, ezin konta ahala arrazoi daude Aroztegiaren aurka agertzeko, eta auziaren larritasuna are eta bistakoagoa da gaur egungo egoerari so: «Krisi sozioekologiko betean gara. Aroztegia adibide bikaina da zeregin behar ez den azaltzeko».

Borrokan jarraitzeko asmoa dute kanpalekuan. Txandaka arituko dira, orain arte bezala. Egunotan Euskal Herriko hainbat txokotako herritarrek hartu dute parte. Baztandarrak izan dira gehienak, baina, horiez gainera, izan dira beste asko ere: Maulekoak, Lexantzükoak (Zuberoa) eta Bilbokoak, besteak beste.

Beste deialdi bat ere egina da: manifestazioa eginen dute maiatzaren 15ean, Elizondon (Nafarroa). Beren ahotsak ozentzea nahi dute, mugak gainditzea, alegia. Hala adierazi du Nafarroa Beherekoa den kide batek: «Sinetsi nahi dut hasiko dela zerbait mugitzen, eta ez Baztanen bakarrik. Nahi genuke Euskal Herri osoko biztanleek sentitzea hau beren borroka ere badela».

Ohar batean, Lekarozko Udalak kritikatu du «herriaren borondatea errespetatu gabe Aroztegiko egitasmo urbanistikoa inposatu» zaiela, eta lanekin hasi direla «horrelakorik egiteko behar diren baimen guziak eduki ez arren». Era berean, «poliziaren presentzia itogarria» salatu du udalak, eta babesa adierazi die protestan ari direnei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.