Eneko Perez. Igualdad Animal taldeko kidea

«Lanean jarraitzeko asmoa dugu, gure lanak erabateko zilegitasuna baitu»

Elastikoaren bidez, argi utzi du bere mezua. Espezismoaren aurkako ekintzailea eta beganoa da Eneko Perez. Animalien aldeko aktibista da, eta hemeretzi egun eman ditu Galiziako espetxe batean horregatik.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Ekainaren 22an hamabi pertsona atxilotu zituzten animalien eskubideen alde lan egiteagatik, Euskal Herrian, Galizian eta Espainian. «Ekoterrorismoa» egotzi zien epaileak; ekologista erradikaltzat jo zituzten hedabideetan. Bilbon, bertzeak bertze, Igualdad Animal taldeko kide Eneko Perez (Bilbo, 1976) atxilotu zuen Guardia Zibilak. Animalien aldeko aktibistatzat du bere burua, eta lan horren zilegitasuna azpimarratu du, espetxean egon eta gero.

Nola gertatu zen atxilotzea?

Goizeko 07:00etan gertatu zen. Etxeko txirrina jo, atea ireki, eta aurrean burua estalita zuten poliziak eta guardia zibilak aurkitu nituen. Etxea miatzeko agindua zutela erran zidaten. Erakutsi zidaten agiriaren arabera, Galizian jarri zen martxan polizia operazioa, 2009an bisoiak askatzeko egindako hainbat ekintzaren inguruan.

Zer gertatu zen etxean?

Etxetik hogei kutxa inguru eraman zituzten. Animalien aldeko nire jarduerarekin zerikusia zuen informazioa, kamerak, ordenagailuko informazioa eta abar. Jota geratu nintzen, baina ez nintzen beldur, banekielako ez zutela deus aurkituko. Animalien alde egiten ditugun ekintza guztiak ezkutatu beharrik gabe egiten ditugu. Desobedientzia zibilaren aldeko apustua egin dugu, eta egiten dugun guztiaren berri ematen dugu Interneten bidez.

Bilbotik Santiagora (Galizia) eraman zintuzten.

Bai. Hiru orduz egon ziren etxea miatzen, eta, gero, Santiagora eraman ninduten. Bi egun eta erdi egon nintzen ziegan epailearen aurrera eraman aurretik. Epaileak ni eta bertze bi lagun espetxera bidali gintuen. Denera bost egun eman nuen polizia-etxeko ziegan, eta hemeretzi espetxean, Teixeiroko kartzelan.

Zer arrazoi eman zuen epaileak zuek behin-behinean espetxera bidaltzeko?

Arrazoirik ez zuen eman. Horregatik helegitea aurkeztu zuen gure abokatuak erabaki horren kontra. Epaileak atzera bota zuen, baina A Coruñako Probintzia Auzitegiak aintzat hartu zuen. Erabaki horrek guk hasieratik errandakoa berretsi zuen, gu espetxera bidaltzeko arrazoirik ez zela eta dena muntaia hutsa zela.

Zer iritzi duzu epailearen jarreraz?

Prozesuan epailearen jarrera gure kontrakoa izan zen erabat. Hedabideen aurrean ere gure aurkako adierazpenak egin zituen. Ustez, denok gara errugabe bertzerik erakutsi bitartean. Gure kontrako akusazio idatzirik ere ez dago oraindik, eta, hala eta guztiz ere, epaileak ABC egunkariak jasotako adierazpenetan erran zuen atxilotutako pertsonek terrorea eragiten zutela, eta, ondorioz, ekoterrorista hitza erabiltzea egokia zela.

Neurririk hartuko duzue?

Gure abokatuak epaile horren aurkako arbuiatzea prestatzen ari dira.

Hemeretzi egun eman zenituen espetxean. Nolakoak izan ziren?

Gogorrena izan zen familiarekin hitz egiteko aukerarik ez izatea. Espetxean sartu eta handik hamaika edo hamabi egunera hitz egin nuen aurrenekoz amarekin. Ni urduri nintzen, ongi nintzela jakin zezaten nahi nuelako. Jakinda ekoterroristatzat jo gintuztela, pentsatzen nuen senideak eta lagunak kezkatuta egonen zirela, bakartuko edo torturatuko ote ninduten beldur izanen zirela.Ni ongi nintzen, eta familiak jakitea nahi nuen. Sartu nindutenean luze egon beharko nuela pentsatu nuen, ezustea izan zen hemeretzi egun pasata aske uztea.

Beganoa zara. Espetxean dieta beganoa egiteko aukera izan duzu?

Espetxean sartu baino lehen, ziegan eman nituen bost egunetan gose greba egin nuen. Kartzelan, gero, presoei esker izan nuen dieta beganoa egiteko aukera, batez ere. Presoek prestatzen dute jatekoa Teixeiron, eta niri menu beganoa prestatzeko kezka agertu zuten. Bertzalde, nazioartean bada talde bat, Vegan Prisoners Support Group, eta atxilotu gintuztela jakin bezain pronto, polizia etxeko eta espetxeko arduradunekin jarri ziren harremanetan janari beganoa jaso genezan.

Operazioa muntaia izan dela erran duzu. Nork prestatua?

Auzia oraindik ere sekretupean dago, eta, ondorioz, deus zehatzik errateko aukerarik ez dugu. Hala ere, gure susmoa da operazioaren atzean larrugintzaren industria dagoela. Ehiztariak ere egon daitezke. Galizian larrugintzaren errealitatea agerian uzteko eta salatzeko ikerketak egin ditugu, bai eta ehiza oztopatzeko hainbat ekintza baketsu ere. Bada, hala ere, gure ustez kontuan hartu beharreko bertze elementu bat, eta elementu hori da nazioartean animalien aldeko mugimenduaren aurka dagoen errepresioa. Austrian, duela bi urte inguru, gurearen gisako auzia jarri zen martxan. Bi urte iraun du, eta ekintzaileak errugabe jo dituzte.

Zuen kontrako auziak erakusten du bide onetik ari zaretela lanean, ari zaretela gizartean eztabaida pizten animalien erabilerari buruz?

Nik uste dut baietz. Gure lana da kontzientziak astintzea, eztabaida piztea. Pertsona bat animalien erabilerari buruz pentsatzen hasten denean, erabakiak hartzen hasten denean, hainbat produktu kontsumitzeari uzten dio, eta horrek produktu horien atzean dagoen industriari eragiten dio, noski. Haiei interesatzen zaie, batez ere, gure mugimenduak gora ez egitea. Animalien erabilerarekin lotutako industriari Equanimal eta Igualdad Animal taldeak batez ere ari zaizkio min egiten, haien ikerketen eta salaketen bidez, eta talde horietako arduradunen aurka egin dute operazioa. Gure lana eraginkorra da, eta lanean jarraitzeko asmoa dugu, lan horrek erabateko zilegitasuna baitu.

Animalien salbamendu agerikoen bidetik aurrera jarraitzeko asmoa duzue?

Auzia amaitzen denean berriz aztertuko dugu zer egin. Hala ere, ez dugu bide beretik ez jarraitzeko arrazoirik ikusten, oraingoz bide hori zilegitzat jotzen baitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.