Aurrera egin du, baina batez ere langileen eskutik. Osakidetzako euskara planaren ebaluazioak salatu du zuzendaritzak lidergoa ez duela hartu euskara gaietan. Hori bera berretsi du Karlos Ibargurenek (Errenteria, Gipuzkoa, 1965), OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakariak. Euskaraz lan egitea ezinbesteko urratsa dela ohartarazi du, eta euskaraz egin nahi duten gaixoentzat «zirkuituak» sortzearen alde jo du.
Osakidetzak 30 urte, baina euskara planak hamar ere ez. Atzerapen horren ondorioak nozitzen ari da orain?
Oso berandu jarri zen plana. Beste administrazio batzuetan lehenago jarri zen, eta Osakidetzan, oso berandu. Emaitzetan eragina badauka horrek, dudarik gabe.
Euskara planak ezarri aurretik, zer toki zeukan euskarak Osakidetzan?
Langileen esku zegoen. Batzuk euskaldunak ziren, eta ematen zuten zerbitzua euskaraz. Orain ere, planaren balorazioan hori azaltzen da: nahiz euskara plana egon, maila handi batean ematen den zerbitzua langileen borondatearen edo ahalmenaren esku dago, planaren eragin zuzenean baino. Batez ere gertatzen da zuzendaritzen lidergotza falta delako. Euskara plana berandu atera zen, beharbada ez zituen jaso gauza guztiak, eta aipatzen ziren gauza asko ere ez dira egin; planaren balorazioak dio hori, ez guk.
Zer geratu da bidean?
Plana betetzea ez da helburua. Ez dugu hori bistatik galdu behar: Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzea da helburua. Ez da lortu hori. Leku euskaldunenetan ere ezin da ziurtatu nahi duten guztiek zerbitzua euskaraz jasoko dutenik. Patxi Baztarrikak berak [Hizkuntza Politikarako sailburuordeak] esan zuen anomalia dela oraindik administrazioan euskara lan hizkuntza ez izatea. Hori da Osakidetzak duen egoera. Irudian eta komunikazioan baditu indargune batzuk, baina hori bezalako alor erraz edo egingarrietan ere bada zer hobetu. Kanpo harremanena izan daiteke alor garrantzitsuena, eta hor indarra galtzen da. Gaixoari ematen zaion dokumentazio idatzia —diarrea baten aurka zer egin behar duen eta halako paperak— oraindik ez dira euskaraz ematen. Horiek zenbakiak dira, eta atzean pertsonak daude. Minbizia daukaten pertsonak, adibidez; minbizia duen horri zerbitzua bere hizkuntzan ematen ez badiozu, min hori biziago egiten diozu.
Hutsunea handia da barne harremanetan ere. Osakidetzako langileen artean euskarak ez du leku handirik.
Gaur egun oso zaila da Osakidetza barruan lan egitea euskaraz. Sistema informatikoak ez daude euskaraz; Windows euskaraz jartzeko aukera aurten jarri digute. Gainontzeko sistema informatikoak, ez. Historia klinikoan ezin dugu euskaraz idatzi. Atzetik datorren medikuak euskaraz ez badaki? Oraindik horrela gabiltza. Aski da norbaitek euskaraz ez jakitea bilera guztiak erdaraz egiteko. Hori da errealitatea. Norbaitek esan dezake: «Gaixoari euskaraz egiten zaion bitartean...». Lana euskaraz egiten ez badut, ezin dut zerbitzua euskaraz eman. Lana euskaraz egiten hasi behar dugu, eta guneak sortu behar dira: agian leku euskaldunenetatik hasita, euskaraz hasi behar dugu. Horrek esan nahi du bertan denak euskaldunak izatea, egoiliarrak ere bai. Ez da posible Madrildik etortzea hiru edo lau urterako.
Eta nola egiten da hori?
Borondatea behar da. Badaude guneak, natural sortzen ari direnak. Donostiako Ospitalean errazagoa da Txagorritxukoan baino. Errealitatea da. Borondatea behar da, batez ere zuzendaritzaren aldetik. Orain arteko zuzendaritzek ez dute izan. Oraingoekin bilduta, beste musika bat entzun dugu. Orain ekintzak behar ditugu.
Hizkuntz eskarietan egin da indarra.
Bai, eta pausoak eman dira, pauso garrantzitsuak. Baina zerbitzuen normalizazioan eman behar ditugu pausoak. Hizkuntz eskakizuna beteta daukaten langile askok ere ez dute euskara erabiltzen. Ez da aski eskakizuna edukitzea; erabili egin behar da. Horretarako, zerbitzuak normalizatu behar dira. Hala bada, pertsona horiek animatuko dira euskaraz egitera, zerbitzua euskaraz ematera. Orduan emango dira benetako pausoak.
Gaixo bat badoa ospitalera, larrialdietara adibidez, eta euskaraz egin diezaioten nahi du. Zer egin dezake?
Osakidetzak, sistema informatikoan, badu tarte bat gaixoak euskaraz artatzea nahi badu apuntatzeko. Jasota geratzen da, bankuan bezala. Ebaluazioak dio hori ez dela betetzen. Gaixoei ez diete galdetzen euskaraz artatzea nahi duten. Pausoak eman behar dira: gaixo egotera iritsi aurretik, norberak aukeratu behar du Osakidetzak zer hizkuntzatan artatu behar duen. Ospitalera zatozenekoa ez da momentua; bortitza da. Zirkuituak antolatu beharko ditu. Euskaraz egin nahi badut, behin esan beharko dut, ez aldiro.
Osakidetzak aukera baluke euskaraz nahi duten guztiei erantzuteko?
Leku batzuetan gehiago beste batzuetan baino. Baina Osakidetzaren betebeharra da, legeek hori baitiote. Beste legeak bete daitezen egiten duen adina indar egin behar du administrazioak. Pausoak behar dira. Pasatu dira 30 urte. Bost urtean ez da guztia konponduko, baina pausoak behar dira.
Osakidetzak dio arazoak dauzkala sendagile euskaldunak aurkitzeko.
Medikuak langabezian geratzen ari dira, eta ez da hain zaila izango topatzea. Arazoa da oinarrizko hezkuntzatik atera daitekeela euskara maila egokirik gabe. Unibertsitatean, barruti bakarra denez Espainiako Estatu osoa, kanpotik dator euskaraz ez dakien jendea; euskaraz ikasi nahi duenak ez du hemen tokirik lortzen, eta kanpora joan behar du. Euskaraz ikasi nahi duen jendea ari da Madrilen erdaraz ikasten. Zergatik? Euskaraz medikuntza hemen bakarrik ikas daiteke. Zergatik ez dugu bermatzen euskaraz ikasi nahi duenak aukera izatea?
Posible ikusten duzue erdaraz ikasitakoak euskaraz ematea zerbitzua?
Ahalegina askoz handiagoa da. Gainera, gaur egun Osakidetzako oposizioetan euskaraz ez dakien jendeak postua lor dezake. Ari gara kontratatzen euskaraz ez dakien jendea, eta gero guk euskaldundu behar dugu. Logikoagoa eta merkeagoa litzateke euskaraz dakien jendea kontratatzea. Espezializazio batzuetan egon daitezke zailtasunak, akaso; baina erizainetan ez, eta berdin gertatzen da.
Eta langileak euskalduntzeko programek ba al dute eraginkortasunik?
Diru asko gastatu da, eta lortzen ari gara titulua duen eta euskara erabiltzen ez duen jendea. Horri buelta eman behar zaio, eta bidea da euskaraz funtzionatuko duten zerbitzuak jartzea. Giroa sortu behar da euskaraz lan egiteko.
Langile euskaldunek zama bat dute?
Ez da posible euskaldunok lan doblea egitea. Jarraibide bat, ohar bat edo beste edozer egin behar dudanean, bi hizkuntzetan egin behar dut. Euskaraz egiten dut, baina gaztelaniaz ere egin behar dut; bestela lankide askok ez dute ulertuko. Erdaraz soilik egiten duenak esfortzu askoz txikiagoa egiten du. Horri buelta eman behar zaio. Nik hizkuntza bakar batean lan egin behar dut. Ingurukoek hizkuntza hori ezagutu behar dute. Bestela honek ez du soluziorik. Egiten dudan guztia ezin dut itzultzera bidali, eta bi hizkuntzetan lanean ezin naiz aritu beti.
Egoera soziolinguistikoa oztopo da.
Guztiei ezin zaie berdina eskatu, baina hain euskaldunak ez diren lekuetan ere ohartu beharko dute administrazioak bi hizkuntzetan eman behar duela zerbitzua, eta pausoak ematen hasi behar dutela euskara normaliza dadin.
Murrizketa giroan, arriskurik badago euskara lehentasuntzat ez jotzeko?
Beste lege batzuk bete daitezen, aski indar egiten du administrazioak. Kasu honetan ere egin behar du. Denak ez du euskaraz funtzionatuko, baina gaixoari soluzio bat eman dio, zirkuituekin edo. Administrazioaren obligazioa da.
Osakidetzak 30 urte (II). Euskalduntzea. Karlos Ibarguren. OEEko lehendakaria
«Lanean euskaraz hasi behar dugu, eta guneak behar dira horretarako»
Lehen euskara planaren ebaluazioak azaleratu du zuzendaritzek ez dutela euren egitekoa bete euskarari dagokionez. Beste pauso bat egiteko unea dela dio Ibargurenek: lanean euskaraz jardutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu