Maider Etxebarriarentzat (Gasteiz, 1976), Gasteizko udalbatzaren oreka «perfektua» da. Alkate gisa gidatzen duen udal gobernua gutxiengoan ari da gobernatzen, eta aldeak hitz egitera behartuta daude akordioetarako. Akordio puntualei esker, proposamen nagusiak aurrera ateratzea lortu du. «Nik, negoziatzeko orduan, Gasteiz izaten dut buruan», dio. PSE-EEko zuzendaritzan ere sartu berri da.
Alkatetzan bi urte egingo dituzu ekainean, eta orain arte alde guztiekin lortu dituzu akordioak. Legealdiaren bigarren erdian bidea zailagoa izango dela uste duzu?
Baikorra naiz. Gure gobernuak, behintzat, jarraituko du gauza guztien gainetik akordioen bila. Negoziatzerakoan, jakin behar da ezin dela nahi den guztia lortu, eta ulertu behar da besteek ere gauzak atzean uzten dituztela, hiriaren onerako.
EAJrekin osatzen duzue gobernua. Nolakoa da harremana?
Tratua oso adeitsua da, bai maila pertsonalean, bai maila profesionalean. Bi alderdi gara, eta, logikoki, desberdintasunak daude, baina guztiaren gainetik dugu herritarrak kezkatzen dituzten gauzei irtenbidea ematea.
Oposizioarekin zer moduz?
Elkarrekin-ekin HAPOa [hiri antolamenduko plan orokorra] hitzartu dugu, PPrekin hamar autobus elektrikoren erosketa arindu dugu, eta EH Bildurekin ordenantza fiskalak eta aurrekontuak adostu ditugu, besteak beste.
Zein betebehar falta da osatzeko?
Niretzat garrantzitsuena da hiri honek jarraitu dezala ekologian, feminismoan, justizia sozialean eta beste zenbait baliotan oinarritzen. Gustatuko litzaidake legegintzaldi honen amaieran esan ahal izatea buru-belarri aritu garela herritarrak benetan kezkatzen dituzten gaiekin.
Etxebizitzarena da herritarren kezka nagusia. Zer proposamen du udalak?
Lehentasun bat da, eskubide bat delako. Eskura ditugun formula guztiak aplikatu behar ditugu, pertsona guztiek etxebizitza duina izan dezaten. Eta hau ez da itxurakeria hutsa: dagoeneko neurriak hartzen ari gara. HAPOa behin betiko onartzeko bidean gaude, eta, plan berri horri esker, etxebizitza berri libreak, tasatuak eta babestuak eraiki ahal izango dira, jarduerarik gabe urteak daramatzaten lonjak etxebizitza bihurtzea erraztuko da, dagoeneko eraikita dauden etxebizitzak banatu ahal izango dira... Etxebizitza hutsei OHZren [ondasun higiezinen gaineko zerga] %50eko errekargua ere ezarri diegu, ez dirua biltzeko helburuz, baizik eta erabiltzen ez diren etxebizitzak eskuratzeko asmoz.
Gasteiz tentsio handiko eremua izango da?
Lanean ari gara tentsio handiko eremu izenda dezaten. Batez ere, prezioak mugatzeko eta orain dagoen eskaera sozial handiari erantzuteko. Dokumentazio guztia prestatzen ari gara, eta, esaterako, laster jasoko dugu auzoz auzoko egoeraren inguruko txostena. Baina Eusko Jaurlaritzak berak izendatuko du tentsio handiko eremu.

Fernando Buesaren aurkako atentatua izan zela 25 urte dira gaur. Zer duzu gogoan hartatik?
Erreferente bat da: ETAren mehatxuak gorabehera Euskadin geratu ziren eta beren lurraren eta ideien alde borrokatu ziren guztiak ordezkatzen ditu. Fernandoren familia bezala, sendi asko txikituta geratu ziren. Eta, hala eta guztiz ere, Buesa familiak ez du inoiz gorroto mezurik helarazi, inoiz ere ez, eta frogatu dute Fernando eta Jorge Diez hil zituztenek ez zutela lortu mundua bizitzeko eta ulertzeko modua baldintzatzea. Alferrik hil zituzten. Buesa familiak askatasuna eta errespetua defendatu ditu, eta, jakina, Fernando oso harro egongo litzateke horretaz.
Gainean dagoen beste urtemuga esanguratsu bat Martxoaren 3a da.
Oso egun garrantzitsua da, beti gogoan izan beharreko horietakoa. Ezin dugu ahaztu egun hartan zer gertatu zen, ez eta langile mugimendu horrek zer esanahi zuen. Behargin horietako asko Gasteiztik kanpo jaio ziren, eta erregimen frankistaren aurka eta langile klasearen eskubideen alde borrokan ari ziren.
Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa hartuko du Zaramagako San Frantzisko elizak. Noizko egongo da prest?
Espainiako Gobernuaren Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioari eskatu diot San Frantzisko eliza memoria demokratikorako leku izendatu dezala. Bi aste baino gutxiagoan izango da gertakizun tragikoen 49. urteurrena, eta gustatuko litzaidake ordurako ebazpen positiboa jasotzea.
Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, Guardia Zibilak hiriaren erdigunetik desfilatu zuen lehen aldiz. Memoria Osoa eta beste kolektibo batzuek kritikatu egin zuten erabaki hori, torturen biktimen aurkako «eraso zuzentzat» jota, eta «umiliazioaz eta berriz biktimizatzeaz» hitz egin zuten. Ulertzen dituzu kritikak?
Kritika guztiak uler ditzaket, noski, baina batzuekin ez nator bat. Nire ustez, Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta gainerako polizia zerbitzuak euskal gizartearen eta Gasteizko gizartearen parte dira, eta, beraz, esparru publikoa erabiltzeko eskubide osoa dute. Ez dago beste istoriorik.
Aurten ere izango da desfilerik?
Ez dakit kalean jarduerarik egiteko baimenik eskatu duten, baina printzipioz ez legoke arazorik.
«Hizkuntzak maite ditut, eta baita euskara ere, nire hizkuntza delako, gaztelaniarekin batera»
Euskara ikasten zabiltza. Zer moduz?
Nahiko ondo doa. Egia esan, hizkuntzak maite ditut, eta baita euskara ere, nire hizkuntza delako, gaztelaniarekin batera. Ikasteko zortea izaten ari naiz. Poliki-poliki, aurrera noa.
Ausartuko zinateke euskaraz erantzuten?
Gaztelaniaz seguruago sentitzen naiz.
Euskararen erabilerak kezkatzen zaitu?
Gasteizen gero eta euskara gehiago entzuten dut, eta gure seme-alabak erabat elebidunak dira. Jarraitu dezagun euskara hauspotzen. Legealdi honetan euskara sustatzeko inoizko diru sailik handiena jarri dugu, eta, are gehiago, lehendabiziko helburuetako bat izan nuen Gasteiz antzokia irekitzea lortzea. Euskararen munduarekin oso lotuta sentitzen naiz.
Izaskun Arrue kulturguneak, Gasteiz antzokiak, badaramatza hilabete batzuk martxan, tirabira handien ostean. Nolako balorazioa egiten duzu?
Blokeatuta zegoen egoera bat topatu nuen, baina lortu genuen konpontzea, eta ireki zituen ateak. Lazarragaren eskutik, ari da forma hartzen. Udaleko euskara zerbitzua ere adostu bezala ari da lanean.
«Jendea kezkatuta dago osasunarekin, etxebizitzarekin, feminismoarekin... Ez dugu abenturarik nahi»
Joan den asteburuan PSE-EEren zuzendaritza berritu duzue, eta bertako kide zara. Nola ikusten duzu alderdia?
Harro nago. Argi geratu da euskal sozialismoa oso indartsu dagoela, eta ilusio handia duela. Herritarrekin dugun konpromisoa berretsi dugu, eta horrek esan nahi du herritarrak kezkatzen dituzten gaietan zentratuko garela. Oso atsegina da zuzendaritza batzorde berriko kide izatea.
Anduezak dio sozialistek benetako aukerak dituztela lehendakaritzara itzultzeko. Azken hauteskundeetako emaitzak ikusita, bat zatoz?
Horixe aukera erreala dela. Behin lortu bagenuen, zergatik ezingo dugu berriro lortu? Gainera, ekintzen bidez erakusten ari gara PSE-EE funtsezkoa dela, egonkortasuna eta kudeaketa ekartzen ditugulako, era guztietako abenturetatik kanpo. Kontseilari sozialistak pertsonei benetan axola zaizkien gauzetan zentratuta daude: osasuna, mugikortasuna, etorkizuna, etxebizitza...
«Abentura» diozunean zer esan nahi duzu?
Jendea kezkatuta dago osasunarekin, etxebizitzarekin, feminismoarekin... Ez dugu abenturarik nahi. Begira zer gertatu zen Kataluniako prozesuarekin. Eta, areago, politikari garen aldetik, gainerako talde politikoekin batzen gaituen horretan jarri behar dugu arreta. Hori da aurrera egiteko makila magikoa.
Legebiltzarraren gehiengoa abertzalea da, herritarren gehiengo zabal batek hala bozkatu zuelako. Naziotasunaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea jasotzea defendatzen dute. PSE-EE estatutu berrian horiek jasotzearen kontra azaldu da. Akordioa posible ikusten duzu?
Berriz diot benetako arazoetan jarri behar dugula arreta, eta batzen gaituen horri eman behar diogula lehentasuna, eta ez bereizten gaituen horri. Gehiengoak zera nahi du, egonkortasuna eta kudeaketa ekarriko dituen lidergo bat.